Denborak eskubidearen sugarrak itzaltzen ditu! Prefetak kexa guzien pindarrak indartzen ditu! Seaskak bere baitatik ikasi zuen: ura lortu zuen, sua lortu zuen eta ura berotzen ikasi zuen! Orain ur hori erabiltzen dute sua itzaltzeko. Jakobinismoak segi beza! Ezin da gehiago eraiki sos publikoarekin. Eskola publikoaren publizitatea! Prefeta hard hura ardura bere herriaren ar-Durand! Hizkuntza guzien berdintasunak, eskubideen mailan pertsonen arteko ezberdintasuna sortzen omen du. Zentralismoak ditu gure hezkuntzaren ardatzak jartzen babesik utzi gabe: Seaskaren eraikuntzetik T(hila) kendu eta Ikas Hola! Ez dakigu ze haskatik elikatu!
Frantses lemaren printxipioak nola aplika: Askatasuna (frantsesarentzat), Berdintasuna (denak frantsesez aritzeko eleketan), Anaitasuna (anai babeslearen errola bete nahi du, alta, ez al zuen anai zaharrenak premutasuna eskuratzen? Bai, bainan, ondokoak zuen lur konkistatua ebanjelizatzen apez gisa). Preseski hori gertatzen ari da hamen! On zanaren gainetik hozana erdalduna. Gurutze bat ezarri dute euskararen gainean!
Nafarroaren Eguneko Herriko Etxearen ikurriñaren gainean ere gurutze bat ezarri dute: “ez duzue (Fr)ahantziko bandera nazioanala!” erran omen dute! Enrike IIIak hobe izanen zuen Frantzia lotu balu Baxe Nabarreri eta ez alderantziz!
Horiek hola, maiatza langileen eskubideekin hasten da, bainan eskuburdinen bidetik segitzen du! Beste bi izen baditu ere: epaila (epaiaren hilabetea) edo orrila (epaiaren emaitza: hor hila!).
Beharrik laku bat baginuela atzo pindarren eztitzeko! Istante Eri Urrats ospatuko da, edo suaren hitz zaharra hartuz, alegia “bur“, Herri Bur-Hats! Gure erreakzioaren araberakoa izanen da. Segi dezatela gorrotoaren garra elikatzen, horrela, Prefektura eta Su-Prefektura su perfektura doaz!
Frantziako Herrialde Berrien proiektua ikusita, nabarmentzen da prefetak departamentuekin batera desagertuko direla, edo behintzat herrialde gutxiago izanik, prefeta eta suprefeta gutxiago. Desagertuko ote da Baionako suprefeta? Dena den proposatzen duten Akitania-Poitu herrialde erraldoi hori Iparraldearentzat kaltegarria izanen da.
Frantziaren partetik ikastola laguntzeko diru publikorik ez izatekotan, zergaitik ez Iparraldekoen diruaz egitea edo Hegoaldeko deputazioek eta Euskalaritzak emanen luken diruaz.