Gure eztabaida ezin bururatuz edo, hauxe ere aipatu nahi nizun sozialista laguna : ez dut pentsatzen Parisen eramaiten ari zirezten politika eskuindarren berdintsua denik edo nahitarat podererat heldu geroztik, «gure» funtsezko eskakizun guziak zangopilatzen ari zirezten nahitarat, ez ez. Bainan onartuko didazu egiazki sozialista senditzen den edonork ulert lezakeela, hemengo hainbaten haserre eta ulertgaitza.
Ulertu behar duzu memento batez, uko eta hitz jate guziak lerrokaturik, ohartuko zirela zu ere, PSko laguna, zure alderdia dela agertzen, zaukula agertzen, estatu zaharkitu, zentralista, kontserbadore eta kasik monarkista baten azken gotorleku gisa.
Joanden astean oraindik, bere burua PSan identifikatzen duen batek argumentu eskasean edo funtsezko argumentu gisa erraiten zidan : «Lurralde kolektibitateari buruz, ez da nahiko adostasun edo kontsentsurik Ipar Euskal Herrian. Hemendik 15-20 urterat agian bai!» Segidan erantzun diot bazuela jada 224 urte zain ginela. Bere garaian, iragan mendean( !) Christian Laurissergues diputatu sozialistak EH departamendua sortzeko bultzatu lege proiektua, Pariseko legebiltzarreko sozialista talde parlamentario guziaren sustengua izanikan ere, Labarrère, Mauroy, Rocard, Fabius, Chevénement, Emmanuelli ta beste tartean, porrot egin zuen. Omen orduan ere adostasun eta kontsentsu eskasagatik eta hemengo eskuineko hautetsien gatik.
Jakobinismo eritasun kroniko sendaezina
Gauregun, barkatuko didazu PSko sozialista laguna, bainan Alliot-Marie eta Barthélemy Aguerrez aparte, lurralde ezagutzak ez dauka kontrako ainitz eskuin aldean, bederen beren ikusmoldea agertzeko gai direnetan. Haatik PSan bai baduzuela jakobinismo eritasun kroniko sendaezin bat, hitzak ekintzetarat pasatzeko orenean, eman hitza behin ta berriz jateko gaixotasun larri hori. PS bezalako alderdi demokratiko horrek bere legitimitatea ez duela lege dibino baten gandik eskuratu aitortu beharrean nauzu. Bere legitimitate hori hainbat herritarren nahikeria eta botoa gatik du eskuratu, gu eta ni behintzat tartean. Poderean zirezte, hala nahi izan dugulako. Bere burua koherente nahi duen PS bezalako alderdi haundi eta demokratiko batek ezin du, berriz ere, egiteko molde erabat kontrajarria izan oposizioan edo poderean delarik. Eta pundu hortan segur naiz lagun nerekin ados zirela, ez ?
Gaur egun PS alderdiak daukan podere ahalmena 1981, 1988, 1997 eta 2012an eman dioguna da. Eta behin ta berriz ariko zira ezin justifikatua, justifikatu nahiz, nik dakita zoin aitzakia huts eta bihurriekin? Orroitzen naiz 1997an aipatu zenidan hemen bazegoela oraindik bortizkeria politiko “ undar” bat. IK-k berea 2001an utzi zuen. Berrikitan oraino Valls barne minixtroak, Aurore Martin Espainiarat estraditatu baino lau egun lehenago, argumentu berdintsua atera zigun bere xapeletik, aldi huntan ETAren dosia bat emanez.
Ulertu behar duzu memento batez, uko eta hitz jate guziak lerrokaturik, ohartuko zirela zu ere, PSko laguna, zure alderdia dela agertzen, zaukula agertzen estatu zaharkitu, zentralista, kontserbadore eta kasik monarkista baten azken gotorleku gisa. Jada 1790an bezalatsu, Basses-Pyrénées delako departamendu hura bortxaz inposatua izan zaukularik, alta orduko hemengo herritar ordezkari gutiz gehienak hiru probintziez osatu Biltzar baten alde adostuak zirelarik.
Demografikoki ito arte
Zer mila demontreko ezin ikusizko hari ba ote da azken 224 urte hauetan, hain konstantzia haundiz ukatzeko hemengo herritarreri beren geroaz erabakitzeko funtsezko eskubide xinple hori ? Zu laguna, ez ote dute kalkulu diaboliko bat egiten poderean diren zure alderdikide hainbatek: “oraindik 15-20 urte iraunaraziko ditiau, demografikoki ito arte…”, zuk didazu ez aipatu berriki hemendik 15-20 urterat, adostasun maila,etab. Alta laguna, hemen zerk desberdintzen gaitu, zu ta ni, hainbat gaietan? Ni bezala ohartua zira gauzak aldatzen ari direla eta geroan, gero hurbil batean oraindik gauza gehiago alda dezazkegula hemen, ikuspegi ezkerreko eta progresista batetik gauzak pragmatikoki adostuta. Hizkuntz politika, ikastolak, Laborantza Ganbara, AHT, euroagindua, ezagutza instituzionala… gai horietaz behin ta berriz arizan gira gure artean eta zuen artean ere agian ari izan zirezte.
Eta hala ta guziz, berriz ere, alegian bezala, ibaia igelaren bizkarrean zeharkatzea eskeini ondoan, harruliaren larruan den zure alderdiak ezin izan dio azken huni, guri, azken xixta pozoindu bat egin gabe egon. “ Zergatik xixtatu nauzu, ez ote zira ohartzen biak itoko girela?” galdeari erantzunez “ bai, badakit, bainan ezin nuen bestela egin!”
Uste ote duzu, PSko laguna, ahal dugula oraindik eszenario beltz hori saihestu? Nik behintzat ez dut ukoaren kronikan sinetsi nahi. Nere lanaren partea egiteko prest nago, zuk egin-ezazu zure partea, camarade !