Patxi Saez Beloki, soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea
Euskaraldiak, batez ere, euskara eta euskaldunak ikusgarriago bihurtu ditu. Hamaika egunetan, perretxikoak balira bezalaxe, euskaldunak azaldu egin dira orbel azpitik. Lehenengo Euskaraldia perretxiko kolpe handia izan da Euskal Herriko gizartearen pagadian: 225.000 buru azaldu dira euskal gizartearen komunikazioaren plazara, euskararen espazio fisiko eta sinbolikoaren jabe egitera. Perretxiko horietatik sekula probatu gabekoei, perretxiko aluzinogenoak iruditu zaizkie, izan ere, beraien eguneroko errealitate linguistikoan orain arte inoiz ezagutu gabeko komunikazio egoerak gertatu baizaizkie.
Hizkuntza gutxiagotuen ezaguera dagoenetik, munduaren luze-zabalean, inon ere, inoiz ere, hizkuntza gutxiagotu baten aldeko gizarte ekintzailetza sustatzeko ekimen batek ez du lortu, inondik ere, gizarte bereko herritarren artean —herritar guztien artean— Euskaraldiak izan duen adostasun zabala.
Euskaraldiak euskara eta euskaldunak erdigunean jarri ditu, herritarren arteko komunikazioaren ardatzean. Eta euskara eta euskaldunak erdigune horretan jartzetik, komunikazioa hezurmamitzeko egoera soziolinguistiko berriak sortu ditu, euskararen ulermena komunikaziorako ardatz bihurtu duten egoera berriak, orain arte euskal gizartean sekula ezagutu gabekoak. Euskaraldiak, ulermenean ardaztutako jardunbidetik, euskara komunikazio hizkuntza bihurtzeko behar naturala (Saez, 2017) sorrarazi du herritar askoren unibertso linguistikoan, baita euskararen orbitatik urrun bizi diren herritarren artean ere.
Euskaraldiaren lorpen handienetako bat euskaldun ez diren herritarrek ekimenarekin erakutsi duten errespetua eta onarpena izan da. Euskaraldian izena eman ez dutenen artean, oro har, eta salbuespenak salbuespen, hizkuntzen bizikidetzari buruzko jarrera eta jokabide aldaketa sumatu da: naturaltasunez eta aurkako jarrerarik gabe onartu dute beraiei ere euskaraz egitea. Era berean, jendartean nahiz lagunartean izan dituzten hizketa-lagunek talde osoari euskaraz egitea ere eragozpenik gabe ametitu dute, naturaltasun osoz. Eta naturaltasun horrekin berarekin eskatu dituzte argibideak zerbait ulertzen ez zuten bakoitzean. Hori guztia aurrerapauso handia izan da elkarbizitza linguistikoan.
Euskaraldiak erdaldunen artean izan duen onarpen horretatik datorrena ere ez dugu ezkutatuko eta bai nabarmenduko: Euskaraldiak gizarte bereko bi hizkuntzen arteko berdintasunari buruzko adostasun soziala indartu eta finkatu du; alegia, erdaldunek euskaldunekin erdaraz egiteko duten eskubide berbera dutela euskaldunek erdaldunekin euskaraz egiteko. Eta, batez ere, elkarren arteko komunikazioa gerta dadin, elkarren arteko ulerbiderik izan dadin, lagun hurkoaren hizkuntza ulertu beharrean direla bata zein bestea.
Euskaraldiak orain arte gure artean ezagutu gabeko praktika eta iraultza linguistiko berria ekarri du gure artera: elkarrizketa elebiduna. Iraultza irauli hitzetik datorkigu eta goldeak iraulitako lurrean landare berria indar handiagoz hazten den bezalaxe, euskal gizartearen soroan Euskaraldiaren goldearekin iraulitako lur jorian erein eta kimatu da elkarrizketa elebidunaren praktika linguistiko berria. Hemendik aurrera landare sortu berria zuhaitz itzaltsu bihurtzea izango da hizkuntzen arteko bizikidetza irabazteko eginkizun linguistiko iraultzailea.
Baina, arestian esan dudan bezala, guztiaren gainetik Euskaraldiak ikusgarri bihurtu ditu euskara eta euskaldunak. Ikusgarritasun hori, ordea, oraindik ez da telebista publikora iritsi. Gaur, hemen eta orain, horretaz hitz egin nahi dut.
Inork ez du ukatuko EITB euskara sustatzeko sortu zenik. Halaxe jaso zuen EITBren 1982ko sorrera legeak: «Euskararen sustapena eta zabalkundea bereziki kontutan izanik».
EITBk, ordea, ez du sekula erakutsi benetako errealitate soziolinguistikoa. Beti errealitatean existitzen ez diren bi komunitate linguistiko erakutsi ditu, bata, euskaraz bakarrik egiten duena eta, bestea, gaztelaniaz baizik mintzo ez dena. Ulergarria da euskara sustatzea helburu duen irrati-telebistak euskara hutsezko emankizunak sustatzea, baina ulertezina da, euskara sustatzea baldin badu helburu, gaztelania hutsezko saioak euskarazkoak baino kopuru handiagoan sortzea eta hedatzea. ETBk iaz, bigarren milurteko honen 18. urtean, %18 ordu gehiago ekoitzi zituen gaztelaniaz euskaraz baino.
Euskal Irrati Telebistak dituen gaztelera hutsezko kateek gizartearen errealitate elebiduna ezkutatzen dute, euskaldunak eta euskara ezkutatzen dituzte. Gazteleradun hiztunak baizik ez dituen gizarte elebakarra erakusten dute, gaztelania hegemonikoa den Madrilekoaren pareko gizarte bat, euskaldunik eta euskararik gabeko gizarte irreal bat, Euskal Herrian existitzen ez den gizarte bat. Gainera, bi hizkuntza komunitateak elkarrengandik bereizita eta isolatuta biziko balira bezala, euskaldunek eta erdaldunek elkarren arteko harreman soziolinguistikorik izango ez balute bezala, etxe eta jendarte berean biziko ez balira bezala, eta elkarren hizkuntzen arteko zubirik eta ulerbiderik gabeko komunitateak balira bezalaxe irudikatzen dituzte. Euskaraldiak plazaratutako eta euskal gizartearen begi bistan jarritako guztia ezkutatzen du erdarazko gure irrati eta telebista publikoak.
Hedabideak fede-emaileak omen dira: gizartean gertatzen ari denari buruzko notario lanak egiten omen dituzte. Horixe sinetsarazi nahi diete ikus-entzuleei. Baina, hedabideek lan bat baldin badaukate, lan hori legitimazio lana da. Hedabideak errealitatea eraikitzeko tresna bihurtuta daude egungo gizarte guztietan. Eta, errealitatea eraiki eta legitimatzeko tresna boteretsuak dira eragina duten gizarteetan. Euskararen Herriko hedabide publiko nagusienak, EITBk, erdara hutsezko irrati eta telebistaren bidez, gaur-gaurkoz, ez du euskararen aurrerabiderako errealitate linguistikoa eraikitzen, ez du euskara gizartearen ardatzean jartzen eta, batez ere, ez du legitimatzen euskara komunikazio orokorrerako hizkuntza izatea.
Azken 30 urteotan etengabea izan da Euskal Herri euskaldunago baten eraikuntza. Errealitate hori gaur egun euskararekin eta euskaldunekin eraikita dago: EAEn 20 urte arteko gazteen % 97k euskara hitz egiten edota ulertzen du. Hamar urte barru, 30-35 urte arteko ia herritar guztiek hitz egingo edota ulertuko dute euskara. Errealitate hori ezkutatu egiten du gure irrati-telebistak. Euskaldun peto-petoak diren gazteei erdaraz eginarazten zaie El Conquistador del Fin del Mundo bezalako saioetan, orain azkena 19 urteko Getariako Xabier Etxaniz gazteari gertatu zaion lez. Jokin Altuna, Iker Irribarria, Asier Illarramendi eta Mikel Martinez bezalako punta-puntako pilotari eta futbolari gazteak ere erdaraz hitz egitera behartzen dituzte erdarazko guztion telebistan eta irratian azaltzeko. Gure gazteek euskaraz egiten dute; eta errealitate hori, legitimatu beharrean, ezkutatu egiten du guztiona den Euskal Irrati Telebistak.
Euskararen sustapenean eta aurrerabidean mugarri berriak jarri nahi baditugu, Euskararen Herria egituratzen duten erakundeak —lan erakundeetatik hasi eta azken herri-erakunderaino— eta denen artean, bereziki gure irrati-telebista, Euskaraldiaren dinamikara ekarri behar ditugu. Sistema goitik behera eta behetik gora aldatu nahi badugu, dinamika berean murgildu behar dugu sustraietatik azken adarreraino.
Dinamika horretara etorrita ahobizi eta belarriprest rolek nagusitu egin behar dute erdarazko irrati eta telebistaren tertulietan, berri emankizunetan, elkarrizketetan, reality show saioetan, erreportaietan eta, oro har, kazetaritza eredu eta genero guztietan. Euskararen Herriko irrati eta telebistarik nagusienak euskararen aurrerabidean gizartean gertatzen diren praktika linguistikoak erakutsi eta legitimatu egin behar ditu. EITBk, euskararen sustapenerako gizarte ekintzailetzatik, Euskaraldiak erakutsitako bideari jarraiki, heldu egin behar dio perretxikoak ikusgarri egiteari.