Gogoan ditugu 2018an eta 2019an Euskal Herrian loratu ziren greba feministak. Hurbilago dugu 2023ko azaroaren 30ekoa, hau ere feminista, baina aldi huntan orokorra: sektore guzietan eramana; emazte, ez-binario zein gizonek bideratua; mugimendu feministak sustaturikoa eta langile eta ikasle sindikatuek babesturikoa. Greba feminista orokorrera deitzeko ausardia duen herriak badu oinarrian mugimendu feminista indartsu, sendo eta determinatua, soilik egingarritasuna ikusiz gero jartzen direlako helburuak hain gora.
Horretan gira Euskal Herrian, eta Iparraldeak esker onez eta inbidiaz begiratzen die Bidasoaz beste aldeko feministei. Aldarria ere araberakoa dute: zaintzaren gaia jarri dute plazaren erdian. Bestelako zaintza- sistema baten proposamena dute landurik. Laguntzaren eta artaren gaiak guziak zeharkatzen gaituenez, norberarena aldatzera bultzatzen gaituen borroka ere da, eta horregatik du potentzial iraultzaile handia.
Nor da arduratzen etxeko haurrez? Haurren eguneroko zaintzaren karga mentala bi gurasoek hartzen duteia berdin-berdin? Familiako zaharraz nor da okupatzen? Eta funtsean, entzuten ote ditugu adindun horren nahiak eta beharrak? Biziko fase latza pasatzen ari den lagun horrentzat hor girea? Nehork egin nahi ez dituen zaintza lanak etorkinaren bizkar jartzeaz ez ote gira mintzatu behar? Familia klasikoaren eta zahar-etxe pribatuaren artean ez ote da zahartzaroa bizitzeko beste lekurik? Ez duguia elkartasun sarerik behar gure herri ala kartierretan? Norberaren hauskortasunari lekua emanez, galdera: zertan behar duzu laguntza? Eta ni, nork laguntzen nau?
Zaintza lana betetzen ez duenari begira
Elkar-laguntzari eta elkar-artatzeari so eginez gero, laster dugu jendarte heteropatriarkatuaren, klasistaren eta kolonialaren aurpegia. Hitz potoloak dira, baina gure antolaketa sozial, ekonomiko eta kulturala definitzeko balio digute. Bi hitzez, zahar-etxeetako pasabideetan zein etxeko sukaldean emazteak direla lanean –ados, ados… senarrak noiztenka lagunduz– eta etorkina izanen dela hiriko zikin-biltzaile. Baina zaintza lana betetzen duenari so egitea bezain inportantea zaigu zaintza lan hori betetzen ez duenari begiratzea: pertsona guziek behar dute zaintza, baina guziek ez dute hein berean zaintzen. Ez zaintzea pribilegio bat da eta pribilegio oro dugu galdekatu beharra. Generoa kulturala den bezal-bezala kulturala da zaintzarena, funtsean, genero-eraikuntzaren parte delako. Horretan ari da Hego Euskal Herriko mugimendu feminista. Interesgarria da prozesua, iraultzailea izan daiteke emaitza. Urrats garrantzitsua izan zuten greba feminista orokorrarena, baina argi utzi zuten ez zela helmuga. Agenda politikoan eta sozialean kokatu nahi zuten aldarria. Lortu zuten: milaka grebalari, ekintzak goizetik arratsera, manifestazioak hamarnaka herritan, errepideen eta lantegien blokeoak… geldirik zen herri bat izan zen 2023ko azaroaren 30eko (Hego) Euskal Herria
Elkar-zaindu behar dugu, denon esku delako denon ongizatea
Zaintza sistema publiko-komunitario baten proposamena dute landurik eta Denon Bizitzak Erdigunean plataforma dabil lanketa aitzinarazten. Azkenik, otsailaren 20an egin dute agerraldi publikoa Bilbon. Pribatizazioek publikoa irensten duten honetan, zerbitzu publikoaren aldarriak inportantzia handia du: zaintza eskubide bat den heinean, guzientzat behar luke izan eskuragarri, beti ere sektoreko langileen duintasuna bermatuz –zaintzaile papergabeen erregularizazioa eta kalitatezko lan baldintzak dituzte aldarrien artean–. Eskubide bezainbat betebehar dugunez, komunitarioa ere da landuriko proposamena: elkar-zaindu behar dugu, denon esku delako denon ongizatea. Bai ala bai, aldaketa kulturak, hots, pertsonalak dakarzki horrek: zaintzaren feminizaziotik haratago eta familia nuklear klasikotik haratago ere irudikatzea laguntza eta arreta sareak.
Mugimendu feministak landuriko proposamen politiko hori babesten dute 30 bat eragile sozial eta politikok. Instituzioak interpelaturik dituzte, eztabaida-mahai baten sortzea galdetzen diete. Ez dute oraingoz erantzunik, baina ez ditu horrek etsitzen.
Badugu zer ikasia Iparraldekook Hegoaldeko mugimendu feministatik. Denon Bizitzak Erdigunean- en gogoetak hurbiletik segitu beharrak ditugu, aberasgarriak zaizkigulako. Azkenean, guziak zeharkatzen gaituelako zaintzak. Denak girelako norbaiten zaintzaile edota norbaitek zainduak. Eta hori horrela ez bada, begiratu iezaiozu gaiari feminismotik…