Azken denbora hauetan, bi bake-gizon handi goraipatu dira : Euskal Herrian René Cassin, Sohüta / Sorhoetako pastoralaren kariara ; mundu osoan Nelson Mandela, bere heriotzaren ondotik. Biak arrazoi osoz, nik uste. Sohütako azken kantorean, Battitta Berrogain pastoral errejent berriak René Cassini beste bi bakezale handi juntatu dizkie : Gandhi eta Martin Luther King. Geroztik ene baitan egin dut kontinente bakoitzak bazuela hor bere izarra, eta hona horien zerrenda, heroien hiltzeko aldiaren arabera : Asian Gandhi (1948), Ameriketan Martin Luther King (1968), Europan René Cassin (1976), Afrikan Nelson Mandela (2013).
Baina hara hutsune bat : kontinenteak bost dira, hor baitago, guretzat urrunena, ezezagunena izanarren, Ozeania ere. Eta horrek ez ote du bakezale sonaturik ? Ez dut luzaz pentsatu, Jean-Marie Tchibaou Kaledonia Berriko kanakiarra berehala jin zait gogora, eta ongi deritzot, abertzale horrek bakerako urratsak bere biziaz ordaindu baitzituen herkide baten eskutik (1989), Gandhik eta Luther Kingek bezala. Beste biak, Cassin eta Mandela, ohean hil izan dira adin ederrean, haatik ez merezimendu gutiagorekin, zori hobea, xantxa eta suerte gehiago ukanarren.
Hara beraz ene bostekoa, kontinente bakoitza bere izarraz horniturik, heroien orden alfabetikoan : Cassin, Gandhi, King, Mandela, Tchibaou. Ez dira naski bakarrak. Afixa buruak zaizkit ordea, beste guzien ikur eta sinboloak. Gure gizarte zibil agnostikoak holako “saindu” eta “santu” laikoak behar ditu, eta nahi ditu, bere bidearen argitzeko, bere zalantza eta nekeetan kuraia hartzeko, buruen goratzeko, bihotzen berotzeko. Aipatzen ditudan bost horiek egokienak ote dira ? Enetzat bederen bai. Ados ez denak hauta ditzala bereak, eta zeren ez, bere aldetik beste guziei proposa.
Haatik musika eder horretan bemol bat agertu nahi nuke. Azken denbora hauetan “Bake” hitza oso modan dugu, ene gustuko errexkiegi. Noiznahi ahobeteka dabila, gauza naturala balitz bezala. “Tout le monde il est beau, tout le monde il est gentil….” Bai zera !
Aski da naturari so baten egitea, bakerik ez da hor ikusten, oso alderantziz. Bazihize goxoak eta txori kantari politak nola bizi dira ? Espezie desberdinek elkar jaten dute zitalki, askotan bazkaria bizirik irensten itsuski, bestela gosez hiltzea bailukete. Gizadian diferentzia bat ageri da: espezie berdinekoek elkar jaten zutela batzuetan, eta munduko zenbait partetan oraino berriki ; usaia gaizto hori bazter utzi badugu ere salbuespenez kanpo, parasita bizkarroiak baditugu, besteen bizkar gizentzen direnak, jende gehixena pertsonen arteko konkurrentzia eta lehiaketa gogorrenera behartuz beren zerbitzuko.
Hitz ederrak ez gaitu enganatu behar. Aipatu ditudan bost izarretarik hiruk – Cassin, Mandela eta Tchibaouk – bakera heltzeko gerla egin zuten lehenik, etsaiak horretara bortxatu baitzituen beste bide guziak ezabatuz. Funtsean denek badakigu, baina dirudienez errepikatu beharra dago, egiazko bakeak oinarri sendoak behar ditu : askatasuna, justizia, giza eskubideak.
Munduan zenbat Estatuk betetzen dituzte ? Arras gutik, eta hoberenek ez osoki. Hortik gatazkak, eta batzuetan gerlak. Galtzaileak goiz edo berant errebantxa hartu nahi du, eta menderatuak nausia baztertu gura du beregain jartzeko. Bake makur eta okerra itxurazkoa baizik ez da, herren eta maingu dabila, nekez iraun dezake historiako bide luzean.
Horretan gaude hemen ere, Euskal Herrian ; nahiz ETAko armak isildu diren, egiazko bakea egiteko dago, aipaturiko baldintzak betetzeke baitaude : askatasuna, justizia, giza eskubideak behar ditu herri honek ere, hots euskal nazioak, eta oraindik ez ditu lortu nazio bati zor zaion heinean.