Aurten ere, Basaizea elkarteak Kulturaldi berri bat prestatu du. Urte guziz, Baigorriko eskualdean, baina zabalago ere, jendea hitzordu horren beha da, Nafarroaren Egunarekin bukatzen dena. Kulturaldiak, edo denboran Kultur Astea deitua zenak, 1979 urtean sortu eta orain artio irauten du. Helburutzat du Baigorriko eskualdean forma ainitzetako euskarazko ekitaldien eskaintzea: ikusgarri, antzerki, kantaldi, eztabaida, gogoeta… Hara aste honetako hitzorduak, eta apirilaren 30ean, igandearekin, Baigorrin iraganen den Nafarroa Egunaren egitarauari buruzko xehetasun guziak.
Kulturaldia eskas bati erantzuteko sortu zen, garaian euskarazko sorkuntzak eta emanaldiak arrunt murritzak baitziren. Gaur egun, eskaintza anitzez aberatsagoa da baina ez dugu begi bistatik galtzen euskaraz bizi nahi badugu, horrelako ekitaldiak beharrezkoak direla eta oraindik alimaleko lana gelditzen dela, euskal kulturak leku oraindik ttipiegia duelako gure lurraldean. Beraz, bere maneran eta bere ahal xumeekin Basaizea entseatzen da Euskal Herri barnekaldean kultura biziarazten eta bazterren animatzen, euskaraz.
KULTURALDIKO HITZA
Aitzina goaz!
Ibai bat senideen artean
Marra bat mapa batean
Muga bat herri erdian
(Willis Drummond)
Azken hilabete ilunen ondorioak pairatuz, aurten ere indartsu gatoz Nafarroaren Eguna antolatuz! Ez dugu onartuko hilerri bihur zaitezen. Ez, ez dugu gure herria hilerri gisa ikusi nahi! Mugako polizia kontrol zorrotzek anaitasuna baino gorrotoa sortzen duten garai hauetan, euskararen kontrako eraso larriak pairatuz zein gure hizkuntzaren egoera latzari aurre eginez, elkargune eta arnasgune beharretan girela sinetsiak gira. Gure hizkuntza mintzatu nahi dugun herria gira, hezurdura bat behar duen hizkuntzak hatsa har dezan, eman diezaiogun bizitzeko leku seguru bat. Etxebizitzaren garestitze ikaragarriak ere herri honetan bizitzeko zailtasun handiak sortzen dizkigu nun prezioen goratzeak behartzen gaituen herritik kanpo bizitzen. Kultura hegemonikoen erreferenteek ere geroz eta eragin handiago duten garai hauetan, erein eta loratu ditzagun mugaz bi aldeetako sorkuntza kulturalak, haien zabalkundea sustengatuz!
Hilabete batzuk berantago ere, Nafarroaren egunak daraman engaiamendu kulturala gauzatzera doa! Euskaraz, kantuz, irriz eta gozatuz eraiki dezagun biharkoa eta parte har dezagun etengabeko hauspotze batean, esku artean dugun sua ez dezaten itzali!
Hara Kulturaldiko azken hitzorduak:
Hara Nafarroaren Eguneko egitarauaren xehetasun guziak: