Murgiltze sistema eskola publikoan debekatzeko erabakia hartu du Frantziako Konstituzio Kontseiluak, Molac hizkuntza guttituen aldeko legea ez osoki onartuz. Horrez gain, “ñ” bezalako keinuak ez dira estatu zibileko dokumentuetan erabiltzen ahalko. Jarraian, debeku horrek piztu kexa adierazpen zonbaitzu bai eta Baionan, maiatzaren 29an, larunbatez, arratsaldeko 16:00etan eginen den murgiltzearen aldeko manifestaziorako deia.
Murgiltze eredua debekatzeko erabakia hartu du Frantziako Konstituzio Kontseiluak, Molac hizkuntza guttituen aldeko legea ez osoki onartuz. Euskal Irratietan Marie-Andrée OURET, Biga Bai burasoen elkarteko lehendakariaren adierazpena hemen klikatuz :
Murgiltze eredua ez du onartuko Frantziako Hezkuntza Kodeak eta estatu zibileko dokumentuetan, ez dira ñ-a bezalako keinuak erabiltzen ahalko. Azpimarratzekoa da beste artikulu baten kontra dei egin zutela lehenik, Macronen aldeko 60 diputatuk – hau da hizkuntza guttituen irakaskuntza eskaintzen duten eskolak diruz laguntzearena. Artikulu hori onartu du Konstituzio Kontseiluak. Bainan, beste biren aztertzea erabaki du bere baitarik, Frantziako Konstituzioaren kontrakoak direla trenkatuz. Segitzen du erranez, frantsesa dela Frantziako Errepublikako hizkuntza bakarra. Marie Andrée OURET, Biga Bai burasoen elkarteko lehendakariaren Euskal Irratietako elkarrizketa.
Euskaltzaindiak Frantziako Konstituzio Kontseiluaren hizkuntza gutxiagotuak babesteko eta sustatzeko legearen kontrako erabakia salatzen du :
BAIONA (2021-05-21). 2021eko apirilaren 8an, Frantziako Asanblea Nazionalak Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea onartu zuen gehiengo handiz. Euskaltzaindiak aurrepausoa zela adierazi zuen apirilaren 30eko Osoko bilkuran.
Baina kezka ere agerrarazi zuen Frantziako Asanblea Nazionaleko hiruretan hogei diputatuk Frantziako Konstituzio Kontseiluan aurkeztutako helegiteagatik.
Zorigaitzez, gaur, maiatzaren 21ean, Konstituzio Kontseiluak ebatzi du lege berri horren bi artikulu Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla. Kontseiluak dio laugarren artikuluak, murgiltze eredua irakaskuntza publikoan baimentzen duenak, Konstituzioaren 2. artikulua, «Errepublikako hizkuntza frantsesa da», ez duela kontuan hartzen. Hala berean, bederatzigarren artikuluak, eskualdeetako hizkuntzen ikur diakritikoak onartzen dituenak (euskararen kasuan, tileta, ñ).
Betidanik, Konstituzioaren artikulu hori erabili izan da eskualdeetako hizkuntzen aldeko aitzinamenduak oztopatzeko, hizkuntza horiek bigarren mailako hizkuntzatzat harraraziz.
Euskaltzaindiak erabaki horrekiko erabateko desadostasuna agerrarazi nahi du eta lan eginen du hizkuntza gutxiagotuen, kulturen eta aniztasunaren alde arduratzen ari diren guztiekin, hizkuntza horien legezko babesa hobetzeko.