
Argia.eus
Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu martxoaren 8an, larunbatarekin, goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia
Hona hemen Mugimendu Feministak hiriburuetan egin diren manifestazioetan partekatu duen irakurketa:

Hemen gaude, berriro borrokan eta kaleak hartuz Martxoaren 8an. Eta asko dira, oraindik ere, kalera ateratzeko ditugun arrazoiak, badelako garaia emakume*, trans eta bollerok jasaten dugun zapalkuntzekin amaitzeko. Urtez urte Euskal Herriko Mugimendu Feminista geroz eta indartsuago eta artikulatuago dagoela erakusten dugu, baina testuingurua ez da askorik aldatu.

Desberdinkeriek bere horretan diraute, eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazistak birfundatzen jarraitzen du. Zapalkuntza mekanismo forma berriak agertu dira, botere erlazio forma konplexuak agertu zaizkigu eta ezin dugu dena dikotomia sinpleetan ulertu; ezker / eskuin, goian / behean.

Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikus dezakegu hainbat esparru eta sektoreetan; sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan… Ez da soilik urrutiko zerbait, eskuinetik datorrena ez da mugimendu estanko bat. Ezkerreko sektore batzuetan ere ari gara ikusten feminismoarekiko kontrakotasuna edota diskurtso arrazisten gorakada. Aipaturiko guztiak emakume*, trans eta bolleron zapalkuntza eragiten du batez ere, sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazistaren sostengurako ezinbesteko harreman eta ideiak sortzen eta hedatzen dituztelarik.
Jarrera eta posizionamendu belizistek ere indarra hartu dute azken urteetan, eta horrek zuzenean gure gorputz eta lurraldeen aurkako zapalkuntzak areagotzera garamatza. Indarkeriak dituen askotariko espresio horien aurrean gure bizitzak indarkeriarik gabe bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu.

Mugimendu Feminista egiten ari den lan eta borrokaren ondorioz, garaipen ugari lortu ditugu. Hala ere, ez da erraza izan. Mugimendu Feministak urrats bat egiten duen bakoitzean, oldarraldi erreakzionario bat jasotzen dugu bueltan pribilegioak kolokan ikusten dituztenen partetik. Gizonez ari gara, azaroaren 25ean esan genuen bezala, ez bazara konponbide arazoa zara. Eta zoritxarrez, arazo izaten jarraitzen duzue. Emakume*, trans eta bolleron zapalkuntza betikotzen duen sistemaren sostengua zarete.

Horregatik diogu, egun, feminismoekin posizionatzeko ausardia aldarrikatzen dugula, norbere erosotasunetik ateratzeko aldarri gisa eta erresistentzia eta ofentsibarako lubaki gisa. Feminismoa ezkerreko borroken erdigunera ekarri behar dugu, feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista. Feminismoa baita eraldaketarako proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua.

Etengabe zapaltzen gaituen sistema baten kontra aterako gara aurten ere Euskal Herriko kaleetara. Hainbat ardatz eta alorretan mekanismo ezberdinen bitartez, askotariko zapalkuntza eta esplotazio egoerak jasan behar ditugu gure gorputz eta lurraldeetan, maila mikroenetik hasi eta makroenera. Hiru ardatz nagusi aipatu nahiko genituzke gaurkoan.
Lehena indarkeria matxistarena; emakume* trans eta bollerok jasaten ditugun eraso eta menderakuntza egoerekin amaitu beharra dago. Erasoak, soldata arrakala, egiten dugun ordaindu gabeko lana, kristalezko sabaiak… Indarkeria dira eta sistema betikotzeko ezinbesteko tresnak dira.

Bigarrenik, krisi ekosoziala ekarri nahi dugu mahai gainera. Gaur egun, krisi ekosozial global batean murgilduta gaude: kapitalismoak, patriarkatuak eta kolonialismoak bere fase neoliberalean eragindakoa, sustrai sakonak dituena. Bizitza akabatzen duen sistema baten aurrean gaude: bai pertsonen bizitzak, bai natura bera. Baliabide naturalak eta lurra bera erabat pribatizatuta daude eta hazkunde amaigabearen logikak, planetaren mugak ez ditu kontuan hartzen. Hemen ere, negozioa eta merkantilizazioa dago beste ezeren gainetik. Gainera, lurren pribatizazioa eta ustiapena ez da ausaz gertatzen. Iparraldeko herriek Hegoaldekoak kolonizatzen jarraitzeko ezinbesteko tresna da, eta Euskal Herritik ere badugu ardura hori salatzeko eta horrekin amaitzeko ardurak exijitzeko.

Hirugarrenik egungo sistema arrazista eta koloniala betikotzen dituzten migrazio politikak salatu nahi ditugu. Atzerritartasun legearekin amaitu behar dugula ozen aldarrikatzen jarraitzen dugu. Baina, ez hori bakarrik, urjentziaz borrokatu eta aldarrikatu behar ditugu migrazioaren kontra ematen ari diren jarrera arrazistak eta segurtasunaren izenean polizia gehiagoren beharra aldarrikatzen dituztenen diskurtsoak, zeinak arrazakeria areagotzen duten.

Martxoaren 8 honetan ere, ezin ditugu ahaztu munduan barrena hainbat gatazketan borrokan eta erresistentzian dabiltzan kideak. Hemendik gure babes eta elkartasun osoa; Palestina, Sahara, Kurdistan…besarkada bana Euskal Herritik.
Beraz, har ditzagun kaleak eta oihukatu dezagun ozen nazkatuta gaudela. Segi dezagun aliantzak eraikitzen oldarraldiz beteriko garai hauetan. Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri eta asanbladaz asanblada. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean. Aspaldi ekin genion bide honi eta ez dugu inolako asmorik atzerapausorik emateko. Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude.
GORA BORROKA FEMINISTA!






