Minorizazio gorrian

Iñaki Iurrebaso Biteri soziologoak iritzi artikulu hau Telesforo Monzon elab webgunean argitaratu du, Argia.eus-en agertzen bertsioa jarraian atzemanen duzue. Iurrebasok dio euskara heriotzatik gertuago dagoela normalizazio egoera batetik baino. Egoerak bi gauza eskatzen dituela adierazi du: egoeraren larritasunaren kontzientzia hartzea eta hizkuntza politika ausartak abian jartzea.

Iñaki Iurrebaso Biteri

Hizkuntza politika eraginkor bat pentsatzeko eta abian jartzeko beharrezkoa da helburuak egoki finkatzea, eta horretarako, abiapuntua zein den argi izatea.

Euskararen minorizazio prozesuan bereziki bortitzak izan ziren XX. mendeko lehen bi herenak. Frankismo garaian bereziki areagotu egin zen euskal hiztun komunitateari lehenagotik ere gainera zetorkion patua: desagertzeko bidean zihoan ezinbestean. Zorionez, joera aldaketa bat gertatu zen 60ko hamarraldiaren inguruan, biziberritze prozesu bat jarri zen abian, eta hein batean geldiarazi eta itzulbiratu egin zen joera hura. Alabaina, gaur egun ere minorizazio egoera gorria pairatzen jarraitzen dugu. Gure lurraldean ditugun hizkuntzen arteko aldea handia da, euskararen kaltetan betiere. Desoreka hori agerikoa da hizkuntzaren erabileran, non erdaraz (gaztelaniaz/frantsesez) egiten diren zazpi elkarrizketa bakoitzeko bat bakarra egiten den euskaraz. Egoera ez da hobea hizkuntza gaitasunari erreparatuta: hiztunen artean, %8 baino ez dira euskaraz errazago moldatzen direnak gaztelaniaz/frantsesez baino, eta, aldiz, hiztunen %83 errazago moldatzen dira bi hizkuntza horietako batean. Ez hori bakarrik. Horien arteko gehiengo handi bat elebakarra da, eta erdaraz bakar-bakarrik mintzatzen da. Gaitasunean eta erabileran, beraz, desoreka handia dago euskara-erdaren artean.

Argazkia osatzeko, funtsezkoak diren beste bi alderdi ere aintzat hartu beharra dago: lurraldean hizkuntza batzuek eta besteek duten nagusitasuna batetik eta hizkuntza bilakaera prozesuak bestetik. Lurraldean hizkuntzek duten nagusitasunari erreparatuta, gaztelaniak/frantsesak nagusitasun ia erabatekoa dute. Badira oraindik euskara sozialki hegemonikoa den udalerri eta auzo batzuk, arnasguneak. Horietako eguneroko bizitzan euskara da nagusi eta bertako prozesu soziolinguistikoek, gainerako lurraldeetan ez bezala, bertako hiztunengan euskara indartzera bultzatzen dute. Gune horiek, baina, pisu demografiko gutxikoak dira tamalez –herritarren %4 inguru besterik ez da bizi horrelakoetan– eta azken urteotan ahultzera jo dute. Azken hogei urteotako joerak bere horretan jarraituko balu, hamarkada gutxitan desagertu egingo lirateke euskara nagusi duten eremu geografikoak.

Hizkuntza bilakaera prozesuek hiztunen bizitzan zehar izaten diren aldaketa linguistikoak aztertzen dituzte. Euskal Herrian nola gertatzen diren aztertuta, esan behar da prozesuok egun erdara indartzeko noranzkoan egiten dutela indarra. Jatorriz euskaldunak diren hiztunak erdalduntzeko joera handiagoa da jatorriz gaztelaniadunak/frantsesdunak zirenak euskalduntzekoa baino. Fenomeno hori gaitasunean, erabileran eta lurralde nagusitasunean euskarak duen ahultasun handiaren ondorioa da, gure hizkuntza komunitatearen bizi indar ahularen erakusgarri zuzena. Ez da ahaztu behar, gainera, testuinguru orokorrak ere, bizitzarako beharrezko/ezinbesteko egiten dituztela gaztelania-frantsesa eta ez-beharrezko/bigarren mailako euskara. Testuinguruak orokorrean lagundu egiten du, hortaz, hizkuntza menderatzaileak nagusitasun hori areagotu dezan, hizkuntza gutxituaren kaltetan.

Euskararen komunitateak baditu, dena den, indargune batzuk, eta horiek eusten diote bizirik. Herritar gehienek euskararen aldeko atxikimendua ageri dute beren iritzietan, eta erabili ere gehiago egiten dute espero izatekoa zena baino. Horrela, euskaraz hobeto moldatzen diren hiztunak hizkuntzarekiko leialak dira; eta erdaraz hobeto moldatzen diren elebidunek ere erabiltzen dute euskara erosotasun irizpideek aginduko luketena baino gehiago. Sozializazio- eta transmisio-prozesuekin zerikusia duten jokabideak ere indargune ditugu. Horiei esker, egun belaunaldi berriak euskaldunagoak dira bai gaitasunean baita erabileran ere beren gurasoenak baino, nahiz eta erdararen nagusitasunak argia izaten jarraitzen duen belaunaldi berrien artean ere. Herritarren sail zabalen euskaltzaletasuna eta sozializazio prozesuetan komunitateak egiten duen ahalegina, beraz, ezaugarri positibo bereizgarri garrantzitsuak dira. Ez dira ezaugarri arruntak munduko hizkuntza komunitate gutxitu gehienen artean eta, zalantzarik gabe, indarberritze prozesu baterako ezinbesteko osagaiak ditugu.

Esandakoak esanda, egoera bi ezaugarriren bidez labur dezakegu. Lehen ezaugarria: egitateei dagozkien aldagai guztiek minorizazio gorriko egoera erakusten dute euskararentzat. Euskara-erdaren arteko desoreka handia da; euskara oso ahul dago erdaren aurrean bai erabileran, bai gaitasunean, bai lurralde nagusitasunean, bai hizkuntza bilakaeran eta baita sozializazio prozesuetan ere. Gauzak gordin adierazita, aldagai horiei buruzko zenbakiek erakusten dute gertuago gaudela hizkuntzaren heriotzatik normalizazio egoera batetik baino. Are gehiago, gertuago gaude heriotzatik balizko elebitasun orekatu egoera batetik baino. Egoeraren larritasun horrek, gainera, berarekin dakar berez “hizkuntza gutxituak gutxiagotzen” jarraitzeko joera, kontrako norabidean hizkuntza gutxituaren aldeko jarduera indartsua abian jartzen ez bada behinik behin.

Neurri ausartak behar dira

Bigarren ezaugarri nagusia honako hau genuke: aurrekoarekin kontrastean, euskararen aldeko jarrera indartsu azaltzen zaigu hiztunen artean, bizinahi handia duen komunitatea da gurea. Bizinahi hori iritzietan ez ezik, hiztunen portaeretan ere gauzatu izan da azken 50-60 urteotan, XX. mendeko 60ko hamarraldian euskaltzaletasun eta abertzaletasun indarberrituak bultzatuta abiatu zen euskalduntze olatu handiaren eskutik. Olatu handi hartan parte hartu duten banakako euskaldun eta euskaltzaleen ahaleginik gabe, euskalgintza antolatuaren bultzada eta jarduna kontuan hartu gabe, erakunde batzuetatik euskararen alde egin diren politikak izan ez balira, gutxitze prozesuak argi eta sendo asko jarraituko zukeen, erdaldun elebakarren multzoak handitu egingo ziratekeen eta euskaldunenak jaitsi, erabilerak ere sendo egingo zukeen atzera, transmisio prozesuetan euskarak duen pisua are gehiago txikitu izango zatekeen, eta abar. Bizinahi handi horrek eraginda egin den ahalegin handiari eskerrak eutsi dio komunitateak bizirik, alderdi batzuetan aurrerapauso esanguratsuak emanez eta beste batzuetan kontrako joerei kontra eginez.

Testuinguru horretan, euskararen komunitateak bizirik jarraitzen du, indartzera eta ahultzera bultzatzen duten aldibereko joera kontrajarriekin; aldi berean gertatu dira bai euskararen kaltetan izan diren ordezkatze dinamikak eta baita hizkuntzaren jarraipena eta indarberritzea dakarten dinamikak ere. Azken hogei urteotan zehazki, 1960 inguruan hasitako indarberritze bulkada ahuldu egin dela eta geldotze aro batean sartu garela erakusten dute datuek. Horretan eragin dute, besteak beste, mundu globalizatuko aldaketa ekonomiko, teknologiko, sozial eta kultural indartsuek eta Euskal Herriko demografian, jaiotze- zein migrazio-fluxuetan izan diren aldaketek. Pentsatzekoa da joera horiek areagotu egin daitezkeela etorkizunean.

Horiek horrela, bizi dugun minorizazio egoera gorriak eskatzen du lehenik egoeraren larritasunaren kontzientzia hartzea eta bigarrenik hizkuntza politika sendo eta ausartak abian jartzea euskararen alde. Euskara lehentasunetara ekartzea eta neurriko hizkuntza politikak lantzea ezinbesteko zeregina izango ditu herri honek hurrengo hamarraldietan, mendeetako katea etetea nahi ez badugu behintzat.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude