
Maiatzaren Lehena borroka eta aldarrikapen eguna da Euskal Herrian. Langileak mobilizatzera deitu ditu LAB sindikatuak, testuinguru kezkagarri batean eskubide sozialen defentsa eta antolakuntza indartzeko.
Maiatzaren Lehena besta egun bat baino askoz gehiago da: Langileen nazioarteko borroka eguna. LAB sindikatuak mobilizatzera eta manifestatzera deitu du aurten Euskal Herriko hiri eta herri askotan; tartean, Baionan eta Maulen.
Langile klasearentzat ukiezina izan beharko lukeen egun hau azken asteotan zalantzan jarri bada ere, gure eguneroko bizitza etengabe erasotua izaten ari da. Kapitalistek krisi ekosozial iraunkorra eragiten dute. Antolatzen eta borrokatzen segitu behar dugu gizarte justu, feminista, antiarrazista, solidarioa eta jasangarria lortzeko.
Nazioarteko testuingurua bereziki kezkagarria da: eskuin muturreko ideologiaren gorakada, interbentzio inperialistak eta gerrak areagotzen ari dira. Tentsio eta ziurgabetasun giroan gaude, eta horretan desberdintasunak gero eta handiagoak dira. Langile klaseak sistema kapitalista heteropatriarkalaren ondorioak bete-betean pairatzen ditu. Patronalak, gobernuekin batera, gure bizitzak prekarizatzen dituzten eta planeta suntsitzen duten politika eta erreforma bortitzak inposatzen ditu. Euskal Herria ere ez dago arrisku globaletatik salbu.
Langileen alde, hemen erabaki!
Ez dugu ezer espero Paristik, ezta Madrildik ere! Aspaldidanik bi estatu horietako gobernuek gure ordez erabakitzen dute, eta zerbitzu publikoen eta langileen oinarrizko eskubideen suntsiketa inposatzen digute.
“Gure esku dago antolatzea, patronalaren aitzinean benetako indar-harremana eraikitzeko, negoziazio kolektiboko eremuetan, Ipar Euskal Herri mailan, sektore publikoko zein pribatuko langileentzat.”
Lan baldintzak, lansariak eta pentsioak duintasunez eta euskaraz bizitzeko aukera lortzeko negoziazio eta erabakiguneak gerturatzea ezinbestekoa da. Gure esku dago antolatzea, patronalaren aitzinean benetako indar-harremana eraikitzeko, negoziazio kolektiboko eremuetan, Ipar Euskal Herri mailan, sektore publikoko zein pribatuko langileentzat.
Tresna hauek benetako alternatiba dira Ipar Euskal Herriak, bere aitortza sozialaren bidez, euskal langile klasearen alde jarduteko ahalmen handiagoa izan dezan. Ipar Euskal Herrian Tokiko Batzorde Parekidea (CPL) eta Herriarteko Lurralde Gizarte Batzorde Soziala (CSTI) sortzea urrats handia da lurraldearen burujabetza sozialerantz, hobekuntza sozialaren eremu bilakatzeko.
Etsimendurik ez, borroka da bidea!
Ez dago fatalitaterik. Defendatu eta martxan jarri beharreko proiektu soziopolitiko bat badugu, enpleguaren, zaintza lanen eta aberastasunaren banaketa justua bermatzeko. Sistemaren aldaketa sakona behar dugu, eta horretarako afiliatzen eta antolatzen jarraitu behar dugu, bai karrikan bai gure lantokietan.
Intersindikalean eragin
Aurten ere, LABek iniziatibaz jokatu du intersindikalaren eraikuntzan. Lan honi esker, Baionan LAB, CGT, FSU eta Solidaires intersindikalak manifestaldira deitzen du goizeko 11:00etan Santa Ursula plazatik “Langile klasea antolatua, borrokan batua!” lelopean. Langile gehiago hunkitzeko asmoarekin, manifestaldiak hiri zentroko eta gaineko auzoak lotuko ditu Gaskoien plazan bukatuz. Bertan ere, ostatuak eta herrixka militantea proposatuko ditugu. Bigarren aldikoz, Maulen ere intersindikal moduan mobilizatuko gara CGT eta FSUrekin batera. Manifestaldia goizeko 10:30ean abiatuko da Kioskotik. Patronala, frantses gobernua eta eskuin muturraren aitzinean banakako defentsatik erantzun kolektibora jauzia egin dugula da intersindikalaren mezu nagusia, gizarte bidezko eta solidario baten alde.
Urratsez urrats, LABek segitzen du bere bidea egiten. Gaurko intersindikaletan, izan sektorialak ala interprofesionalak, gure militanteen ekarpena funtsezkoa eta zoriontzekoa da. Intersindikala eraginkorra izateko ez da Parisetik artifizialki erabakitzen baina tokian toki eraikitzen, langileen mesedetan.
Maiatzaren Lehenean harrotasunez aldarrika dezagun langile klasekoa garela, eta borroka dezagun gure eskubideen alde, kapitalismoari eta eskuin muturarri aurre eginez!
