Bizi! eta Aldako 15 militantek ekintza sinboliko bat burutu dute Bruno Le Maire-en bigarren etxearen aitzinean, Senperen, apirilaren 25ean. Ekonomia eta Finantza ministroak iragarri atzerapauso sozial berriak eta azken honek “ongizate Estatua” desegiteko adierazi duen nahia salatu dituzte. Aberatsak zergapetzeko deia egin dute, eta maiatzaren 1ean, asteazkenarekin, Baionan lelo horren gibeletik saldoan manifestatzeko deia ere.
Apirilaren 25ean, ostegunarekin, Bizi! eta Aldako 15 militante agertu dira ekonomia eta finantza ministroaren Senpereko bigarren egoitzaren aitzinean. “Aberatsak orain zergapetu!” edo “Klima, justizia soziala, dirudunak zergapetu!” aldarrikatzen zuten pankartak zabalduz, bi euskal mugimenduek egungo gobernuaren politika bidegabea gaitzetsi dute, eta dirua, saldoan den tokian, aberatsenetan, fiskalitatearekin biltzea aldarrikatu.
“Gobernuaren eta Bercyren politikak aitzinkontuen egungo defizitak nahitara areagotzen ditu: dirudunei eta CAC 40ko enpresa handiei behar den bezala zergapetzeari uko eginez, enpresa handi horiei tira-ahala dirulaguntza publikoak banatuz, neholako ordain sozial edo ekologikorik gabe, zerga ihesari begiak hetsiz, Estatua beharrezko diru sarrerarik gabe uzten du, eta gero defizitak larriagotzen direnean asaldatzen hasten dira eta orduan behartsuenei are gehiago sosa hartzea eta haien eskubide sozialak murriztea justifikatzen dute”, azaldu du Oihana Driolletek Biziko bozeramaileak. “Horrela, desberdintasunak are gehiago handitzen dira, eta Gobernuak emendatu beharko liratekeen aitzinkontuak murrizten ditu, hala nola trantsizio ekologikoa, eraikinen isolamendu termikoa, etxebizitza sozialen ekoizpena, osasuna eta elkartasun soziala“.
Mugimenduko militanteek tokiak utzi dituzte maiatzaren 1ean, asteazkenarekin, 11:00etan Baionan manifestaziorako deia zabaldu eta gero. «Aspertuak gira gobernu honek gure auzoak, izan daitezen langabetuak, etorkinak, funtzionarioak, etab. gure gaitz guzien jatorri gisa aurkeztea, jakinez zonbaitzu gure bizkar asetzen direla eta berdinek, sozial, ingurumen, klima eta mota orotako krisiei buru egiteko mobilizazio esfortzurik ez dutela egiten». adierazi du Xebax Christyk, Aldako bozeramaileak ondokoa zehaztuz “Bada garaia berriz ofentsibara pasatzeko eta eztabaida publikoan eta erabakitzaileen agendan justizia eta elkartasuna ezartzeko. Gure bi mugimenduek dei egiten diete beren kide eta jarraitzaile guziei maiatzaren 1ean azkarki mobilizatzeko eta 11:00etan topatzeko, geltoki aldean den San-Izpiritu zubiaren puntan, jende-lerro animatu eta deliberatu baten osatzeko lelo argi eta zehatz baten gibeletik: ABERATSAK ZERGAPETU!”.
Aberatsak zergapetu ditzagun! Aldak eta Bizik Maiatzaren lehenean manifestatzeko deia luzatzen dute
Metamorfosi ekologikorako eta justizia sozialerako dirua berenganatzen dute: aberatsak zergapetu ditzagun!
Krisia eta zor publikoa baizik ez direlarik aipu, miliardunak joritzen ari dira. Munduko aberatsenen % 1ek planetaren aberastasunaren kasik erdia daukate!
Etxebizitzaren krisia sekula baino bortizkiago ari delarik, pertsona aberatsenen % 10ek ondasun higiezin guzien % 44a berenganatua dute eta menaiuen % 3,5ek sektore pribatuan alokatuak diren etxebizitzen % 50a berenganatua dute. Hogei urteotan, etxebizitzen prezioak menaiuen irabaziak baino 4 aldiz lasterrago igo dira.
Frantziako Estatuan, aberatsenen % 1ek urtean bana beste hamar aldiz CO2 gehiago isurtzen dute beren kontsumoaren bidez Frantziako Estatuko pobreenen % 50ek baino. Mundu mailan, planetako pobreenen % 66k baino CO2 gehiago isurtzen dute.
Guti batzuek aberasten segitzen duten bitartean, zuhurtasunaren garaia iritsi da ekonomia ministerioan. Bruno Le Maire-k justizia fiskala berrezartzeko ordez Estatu sozialaren bizkar aurreztu nahi du! Enpresek irabaziak lortzen dituztelarik, sakelan sartzen dituzte eta ez dira zergapetuak. Krisian direlarik, Estatua laguntzera heldu zaie eta kinka txarretik ateratzen ditu gure zergen dirua sartuz.
Jendartea irabaziaren zerbitzura ezartzen duenaz aparte, beste logika bat bada: ekonomia jendarte osoaren eta bereziki langile klaseen beharren zerbitzura ezartzen duena. Zergapetu ditzagun aberatsak, irabaziak birbanatzeko eta justizia soziala eta metamorfosi ekologikoa finantzatzeko: gaitzeko irabaziak zergapean ezarriz, aberatsenak askoz gehiago zergapetuz, zerga ihesaren kontra borrokatuz, uraren edo argindarraren prezio progresiboak ezarriz…
Aberastasunaren birbanaketari bai, pertsona bakoitzari duintasunez bizitzeko nahikoa bermatzen duen jendarteari bai!
Denak maiatzaren leheneko Baionako manifestaldira!
Elkarretaratzea 11:00ean San-Izpiritu zubiaren puntan, tren-geltoki aldean.