Pandemia ala ez, olatu ala ez, Seaskak bosgarren kolegioa behar du. Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart, Kanboko Xalbador, Baionako Estitxu Robles Arangiz eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioak gainezka dira. Ez da ikastola guzietako ikasleei harrera egiten ahalko 4 kolegio horien artean. Bosgarrena beharrezkoa da. Aurten ezingo denez betiko Herri Urrats ospatu. Aurten ezin dira 50 bat mila pertsona elkartu Senpereko laku inguruan. Ezin da besta handi bat egin. Baina 30 Herri Urrats ttiki ospatzeko parada izanen da, maiatzaren 9an, igandez, herriz herri. Ez da betiko Herri Urrats izanen, argi da. Baina euskararen eta ikastolen pesta izanen da. Ikastola bakoitzak antolatuko eta komunikatuko du bere egitaraua – eskaintza.
Ikastola bakoitzak antolatuko du bere herriko egun sinbolikoa. Kontzertu eta ostaturik ezin dela izan kondutan hartuz, batzuek ibilaldi, besteek janari salmenta edo jantzi salmenta.
Aurten forma ezberdineko 30 herri urrats ezberdin izanen dira bainan Herri Urratsen betiko osagaiak hor izanen dira: euskara, giroa, janaria eta dantza!
Herri Urratsen antolatzaileek argi dute Euskal Herri osoan hainbat jende geldituko dela ezin mugituz. Horregatik, Ipar Euskal Herriko 30 herritan bezala, maiatzaren 9an euskalzale guziak deitzen dituzte, bakoitzak bere tokian, bakoitzak nahi duen forman, Herri Urratsen aldeko keinu bat egitera. Topa, dantza, kantu, ateraldi, bakarrik edo taldean… Bakoitzak nahi duen tokian, plazan, ikastola aitzinean, etxean edo mendi tontorrean, denek dantzatzen ahalko dute Boga dantza! Grabatu eta Herri Urratsen antolaketarekin partekatzeko deia luzatua zaigu.
Dantza, janari salmenta, diru biltze kutxak izanen badira ere, argi da Maiatzaren 9ko egunak ez duela ekarriko ohiko Herri Urrats egunak ekartzen duela etekina. Ez diola Seaskari ekarriko beharrezkoa duen diru kopurua.
Horregatik ez duda, eta sustatu BOGA KANPAINA.