Joseba Alvarez (SORTUko kidea) – Argia.eus-etik
Estatu espainoleko epaileek, hedabideek eta klase politikoak –ezkerrak zein eskuinak– Catalunyako Parlamentak onarturiko Erreferendum Legea eta Trantsizio Juridikorako Legea legez kanpokotzat jo dituzte, Catalunyaren Alde Bakarreko Independentzia (DUI -Declaración Unilateral de Independencia) deklaratzeko aukera ematen dutelako. Ez omen dira Legeria espainolean kabitzen. Horrenbestez, erabateko talka egin dute Catalunyan herritar gehienek onartzen ez duten Espainiako “legalitateak” eta herritar gehienek “legitimatu” dituzten Catalunyako Legebiltzarrak onartu dituen bi lege egitasmo garrantzitsu horiek.
Gainera, zetorkien errealitate horren aurrean, erantzun argia eman dute Catalunyako herritarrek, bertako indar politiko abertzaleek eta baita instituzio katalanek ere: alde bakartasuna, konfrontazioa eta desobedientzia. Catalunyako Errepublika independientea sortzeko estrategiaren hiru erpinak argi geratu dira azken hilabeteotako prozesuan. Estrategia horrek piztu duen dinamika sozial erraldoiak “legitimatu” du Catalunya berriak behar duen legalitate berria. Argi geratu da, hortaz, prozesua soziala dela eta ondorioa instituzionala, eta ez alderantziz.
Errege espainiarrak ere argi utzi du bere agindua: Estatu Botere guztiek berrezar dezatela ordenamendu konstituzional espainiarra, “legalitatea”. Ondorioz, argi geratu da Catalunyako Parlamentean Erreferendum Legea eta Trantsiziorako Legea alde bakarrez onartzea eta bideratzea desobedientzia ariketa instituzionalak izan direla. Eta zer esanik ez, igandean eman zen 2.400.000 herritarren parte hartzearekin burutu zen herri galdeketa. Era honetan, guztiz “legitimatu” dira bi lege egitasmo katalanak, “legalitate” konstituzional espainoletik at badaude ere. Europar Konstituzioaren erreferendumean baino parte hartzea handiagoa izan da oraingoan gainera. Eta “legitimitate” katalana, desobedientzia ariketa erraldoi baten bidez frogatu dute herritarrek, errepresio bortitzaren erdian debekaturik zegoen erreferendumean masiboki parte hartuz.
Eta orain zer? Ikusteko dago zein izango den Catalunyako herriak eta bere ordezkariek hartuko duten bidea, baina konfiantza osoa eman behar diegu, inork espero ez zuen tokiraino ekarri baitute prozesua. Aldiz, espainiar botere politiko, mediatiko, polizial eta ekonomikoek zer egingo duten garbi ikusi dugu, espainiar “legalitatea” erabiliz, Catalunyako “legitimitatea” suntsitzen saiatuko dira, Estatuan eta nazioartean.
Eta guk zer? Hemen gure bidea egin behar dugu, baina etsai beraren aurrean gaudela kontuan izanik, Euskal Herrian ere alde bakartasunez jokatu beharko dugu, aspaldi honetan aitortu dugun moduan, Urkulluri gustatzen ez zaion arren. Bestetik, konfrontaziora jo beharko dugu, behin eta berriz esan, baina oraindik behar den indarraz garatu ez dugun talka bilatuz. Eta, azkenik, desobedientziaz jokatu beharko dugu, “legalitate” espainiarraren barruan ez baitugu irtenbiderik aurkituko.
Bi hitzetan esanda, gurea eraiki behar dugu, beraiena deseginez. Eta, Euskal Herrian ondorio instituzionalak izango dituen prozesu soziala, lurrikara sortu behar badugu, 78ko erregimena arbuiatzen dugun guztion elkarlanean egin behar dugu. Gaur gaurkoz, Maltzaga politikorako ez dago aukerarik Euskal Herrian, baina “Maltzaga Soziala”, euskal langileriaren eta sektore herritarren aliantza, agian uste baino gertuago dugu. Hori izango da gure askapen prozesua eta Catalunyakoa bultzatzeko modurik eraginkorrena.