Oraino elikagai ekoizpenaren zati ttipia estaltzen badu ere, laborantza biologikoaren arrakasta haunditzen ari da urtetik urtera. Joera horren azkartzeko Akitaniako kontseiluak garapen plan bat plazaratu du, 2020 arte, iraunen duena. Hara zonbait argitasun haren xedeei buruz.
Akitania Berriko Kontseiluak berriki plazaratu du laborantza biologikoaren garapen plana. Plangintza orohar aski ausart horrek helburu du erantzutea epe labur eta ertainean laborantza mota horrek eragiten dituen erronka nagusieri.
Hainbat neurriren artetik, Eskualdeak anbizioa dauka 2020 horizonterako 70.000 hektara berrietarat heltzea konbertsioan, orotarat gaurko eremuekin 280.000 hektara, gutti gora behera laborantza eremu orokorraren %7.
Hortarako alabainan Biorako neurri eta sustengu laguntzak garatzeko eta emendatzeko xede finkoa adostu dugu Laborantza batzordean.
Plangintza hori molde efikazean bururaino eramaiteko Eskualdeko diruaz aparte, estadokoak eta Europakoak ere biderkatu dira, hainbat konbenioen bidez.
Jadanik erran ditaike gaurko egoeran ere, laborantza biologikoak garapen segitu bat ezagutzen duela urtetik urterat, egoera zail bati ere buru eginez. Bainan hainbat erronka badauzka oraindik iragaiteko: produkzioaren garapena iraunkortu merkatuaren galdeari erantzuteko, bio saila hobekiago antolatu etekin ekonomikoen partekatze orekatua segurtatzeko ondorioz produktoreen margen ekonomikoa gorantz eramanez, ostalaritza mundu orokorrrean hobekiago sartuz, izan ostatu edo eskoletako bazkarien merkatu parteak garatuz.
Egitasmo landu eta adostua
Garapenerako nahikunde horrek beharrezkoa izanen du Bio sailaren adaptazio berri bat eta nolaz ez politika publikoen finantza engaiamendu nabarmen haundiagoak. Eskualdea izanez garapen ekonomikoaren konpetentziaren aktore nagusienetarikoa, berari doakio engaiamendu zentral adostea eta aktibatzea Bioaren garapen beharrezko hortan.
Bio garapen plan hori sektoreko eragile nagusiekin landu eta adostua izan da. Laborantza biologikoak batzen ditu hainbat funtsezko balore: biodibertsitatearen errespetua, lurrak dakarzkien aberastasun naturalen zaintza edota kabale guzien ongizate maila haundiagoa.
Produkzio sailak hastetik bururaino bide orri eta baldintza zorrotzak gainditzeko gai izan behar du, baztertuz erabat poluatzaile metodoak eta kabalen ekosistema egiazki zainduz. Bioak alabainan jitez aldatutako organismoen erabilera baztertzen du hastetik buru, onkailuen neurriak arras ttipitzen ditu lehenetsiz lurraren ekarpen naturalak eta arraberritzaileak. Eta nola ez aipa produkzio sail horrek eremu edo zirkuito laburreko tokian tokiko ibilbidea duela beti ipar orratz gisa, beti zainduz jendarte orokorrarekilako harreman zuzena. AB logoak balore horiek guziak aintzinerat ekartzen ditu, gisa hortan bultzatuz laborantzaren iraunkortasuna, janari ainitza eta kalitatezkoa segurtatuz, laborantzarentzat berrikuntza arloa garatuz eta agroekologia printzipioetan oinarrituz.
Eskualdearen parioa eta engaiamendua beharrezkoak dira ikusita gauregun bio produkzioa funtsez lagundu behar dela politika publikoen oinarrizko lehentasunezko neurriekin.
Publiko egin dugun plan estrategikoa 2020 urtea arte doa.
Arte hortan Akitania Berriak mobilizatuko ditu hainbat diru laguntza konbertsioan sartuko diren laborariak molde duinean bihurgune hortan segitzeko.
Aurten berean bide orri anbiziozko horri hatsa emaiteko Europako komisionearekin garapenerako itun bat izenpetuko da, zoinek 20 milioi euroko diruztatzea segurta lezakeen.
Laguntza publikoen premia
Hemendik aintzina, laborarien plantatze fase orokorrean, biologikoan engaiatuko direnak lehenetsiko dira laguntza publikoen aldetik, izan zama baita luzapenean. Jakinez biorako konbertsioak itzulipurdikatze seriosak galdegiten dituela gauregungo sistema orokorrean, ibilbide tekniko berritzaileak sakonduko dira,produkzio saila hobetzearekin betan.
Kalitatezko eta lehen eskuko kontseilu zerbitzuak indartuko dira, gauregungo tokiko eragileen lana eta garapen eremua zabalduz. Gisa hortan helburua litaike ezagutza eta konpetentzien maila hobetzea, zabalduz eta partekatuz, berrikuntza teknologikoeri ere zor zaien lekua segurtatuz. Bioaren plan estrategiko horrek zaintza lan bat ere dauka bere helburuetan.
Alabainan merkaturako produkto biologikoen garatze batek prezioen nolabaiteko apaltze bat ekar lezake, gisa hortan agian hainbat filierrako sail lanjerrean emanez, jada arno sailan ikusten den bezala.
Erronka da beraz, bai Eskualde Kontseiluarentzat eta bio sailarentzat beti eta hobeki antolatzea, produkzioa molde duinean eta aintzinetik pentsatuan planifikatuz, gisa hortan produktoreen irabazteak egonkortuz eta partekatze orekatua zainduz produkzio katearen punta batetik besterat.
Aski koherentea da pentsatzea hektara biologikoen garapenak ez duela etxalde horien apaltze ekonomikoaren sinonimo izan behar. Plan estrategiko horrek bere jo muga 2020 urtea izanki, eta jakinez PAC berria (Politique Agricole Commune) urte berdinetik abian jarriko dela, Eskualdeak fermuki galdegin dio Europari engaia dadin laborantza biologikoaren indartzean, hortarako beharrezkoak diren tresna eta baliabideak indartuz interbentzio publikoaren bidez. Bide xenda idekia da. Bide bazter horiek zabaldu eta garbirik atxikitzean da parioa eta erronka irabaziko. Jendarte osoak du hortan irabazteko.