Milaka lagun bildu dira Donostian euskararen alde, aurten orotara 2.575 kilometro egin dituen 22. Korrikaren azken egunean. Karmele Jaio euskal idazle, kazetari eta komunikazio arduradunak irakurri du lekukoak barnean zeraman harek idatziriko mezua. Jarraian mezua irakurtzeko eta entzuteko parada.
Herri honen eztarritik ateratako irrintzi bat. Hori da Korrika.
Oihu honek hogeita bigarrenez erakutsi digu hizkuntza bat ez dela hitzekin egiten bakarrik, hitzekin eta gorputzekin baizik. Belaun eta hanken gainean trostan eraman daitekeela hitza; dardara, arnasestu eta izerdi artean pasatu ahal zaiola elkarri eskutik eskura.
Hizkuntza zerbait fisiko bihurtzeko ahalmena du Korrikak. Gure a e i o u partikularra gorpuzteko. Eta hori behar du euskarak: haragi bihurtzen diren hitzak.
Euskarak behar du hezurdura bat, anatomia bat, arnas aparatu eta nerbio sistema bat. Behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera. Malko eta listuz bustitzea behar du euskarak. Hatz markaz zikintzea.
Zikindu dezagun, beraz, euskara; lohitu dezagun bizitzaz. Eta egin dezagun euskararekin hainbat inertziaren kontra:
Hitzak hustu egin diren garai batean, bete ditzagun euskararen berbak harri eta herriz.
Dena erosi eta saldu omen daitekeen garaian, erakutsi dezagun zein merkea den gure hizkuntza: debalde hartzen dugu herriaren ahotik eta debalde ematen diogu herriaren belarriari.
Indibidualismoa indartuz doan garaian, egin dezagun euskara kolektibo bat, denon artean eta denona.
Gerren sasoian, lehenetsi dezagun beti hitza.
Influenzer eta Youtuberren aroan, izan ditzagun guk bestelako jainko txiki inspiratzaileak.
Euskararen pronostikoa gugan dagoela gogorarazi zigun Pello Zabalak, adibidez.
Edo euskaraz harrotasun eta apaltasun hitzak bateragarriak direla erakutsi zigun Joan Mari Torrealdaik.
Edo euskara ez dela zaila, euskara nahia dela erakutsi ziguten Elbira Zipitria, Julene Azpeitia edo Izaskun Arrue bezalako andereñoak.
Eta etiketen garaian, ahaztu ditzagun behingoz euskaldun berri eta zaharrak. Iraultza honetan, lasterketa honetan, denok garelako euskaldun berri. Hizkuntza bat egunero hasten delako, egunero berritzen delako. Hizkuntza bat ez delako jaiotzen, egin egiten delako.
Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik.
Eta atera dezagun gure eztarrietatik Mauriziaren irrintzi baten indarraz.
Ekin euskarari, eutsi kateari!
Gora Korrika eta gora euskara!
“Lo boier” /Itzaina da okzitaneraz ezagutzen dugun kantu zaharrena; horren errepikan agertzen dira A.E.I.O.U bokalak, haren esanahia oraindik misteriotsu dela. Lema berdintsua hartu zuen beranduago Hasburgtarren dinastiak, latineraz eta alemaneraz. Austriae Est Imperare Orbi Universo / Alles Erde Ist Osterreich Unterthan. “Mundu guztian agindu behar du Austriak” esan nahi duena. Esan gabe doa inperialista dela esaldi hau eta 1919 garren urtean, zorionez, desegun zela Austriaren Inperioa. Baina bokala berdinak erabiliz inperialista ez den, baina geure nortasunaren mamia zaintzen duen mezu hori sor dezakegu: “Aurrera doala Euskara; Irten gaitezen kalera, Ordua baita Utzikeria laga dezagun.”
“Gora Euskara hizkuntz maitagarria eta zoragarria!”.
Gora Korrika ekitaldi bikaina!.
Euskara (Canadian québec) hizkuntza ez da ofiziala Iparraldean.
Français (free québec) hizkuntza ofiziala da Iparraldean.
Iparraldeko EAJ, EH Bai, euskaltzaleak eskola eta administrazio publikoan Euskara erabiltzeko eskubidearen alde daude.
Iparraldeko EAJ elebitasuna (Euskara/Français) beti erreibindikatuko du.