
2024ko ekainaren 28an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Jon Casenave. Joan den larunbatean, 2025eko ekainanaren 28an, sortzez lehunztarra den hizkuntzalariak sarrera-hitzaldia irakurri du Heletako Agerraldi aretoan. Ekitaldi berean, Itxaro Borda euskaltzainburuordeak eman dio erantzuna Casenaveri. Hitzaldian, herritik eta familiatik jasotako euskara gogoratuko du Casenavek, eta, batez ere, euskal idazle klasikoen emari oparoa. «Euskara, euskal kultura eta euskal literatura zaindu ditzagun, biziaraz ditzagun eta, eskura ukan dugun ondokotasuna, luza eta pasa gure ondotik heldu direnei, soka luze bat bezala», erran du hizkuntzalariak.

HELETA (2025-6-28). Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia egin du Jon Casenave euskaltzain osoak. Goizeko 10:00etan hasi da ekitaldia, Heletako (Nafarroa Beherea) Agerraldi aretoan. Atarikoan, soka-dantzan joan dira heletarrak Agerraldi aretora, euskaltzainak eta agintariak atzetik direla. Behin areto barnean, herriko abesbatzak Telesforo Monzonen Heletarrak abestu du, eta, ondoren, ekitaldi instituzionala hasi da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Phillippe Etchepare Heletako auzapezak ongietorria egin diete bertaratutakoei eta, jarraian, Jon Casenavek sarrera-hitzaldia irakurri du: Euskara eta euskal literatura soka luze bat bezala. Hitzaldiaren muina euskara bera izan da: Casenavek bere haur- eta gazte-denborak gogoratu ditu, herritik eta familiatik jasotako euskara bizia, eta batez ere euskal idazle klasikoen emari oparoaz gogoeta egin du, hain zuzen, azken urteotan ondo baino hobeto aztertua duen gaiaz.
Soka-dantzaren metafora baliatuz, euskararaekin duen harreman estua nondik datorkion azaldu du hizkuntzalariak. «Ama gazterik galdu eta amaren gurasoek hartu ninduten beren etxera, eta haiek naute altxatu sei urtetik goiti. Asko eman didate eta, opari horien artean, euskararekin dudan harremana», aitortu du Casenavek jendaurrean. Aitatxik hiztegi aberatsa eman zion, eta amatxik metafora zoragarriak: «Aitatxiren hitzak eta amatxiren ditxoak izan dira euskararen baitan ene lehen gidariak».
Etxekoez gain, bestelako bidaideak ere ezagutu izan ditu ikerlariak, maisu eta lagun egin dituenak. Esaterako, P. Xarriton, J. Haritschelhar, J-B. Orpustan, L. Dassance, J. Hiriart-Urruty, B. Oihartzabal, Koldo Izagirre, J.M. Lekuona, Patri Urkizu, E. Sallaberry, X. Arbelbide, J-P. Curutchet eta beste hainbat.
Soka horri eutsiz, eta idazle klasikoen testuetan murgilduz, konpainia onean bizi izan da Casenave 50 urtez, irakurketa, hezkuntza eta ikerketa uztartuz.
Gaurko hitzaldiaren bigarren atalean, Casenavek itzuli mamitsua egin du euskal klasikoen lorategian zehar, eta, tarteka, hitz potoloak esan ditu: «Gaur egun, euskal klasikotegia berrantolatu behar genuke. Zein izan dira euskal kulturan, aitzineko mendeetan, ukan ditugun harremanak lehengo autoreekin? Erantzuna sinplea da: Harremanik ez, kasikan!».
Eta adierazpen hori arrazoitzeko euskal literaturaren oinarriak errepasatu ditu: gogoratu du nola hasieran (1850-1900), kanpoko adituek finkatu zituzten oinarriak euskal literaturaren eremuan, Axular, Etxepare eta Oihenart aipatzen zirela bakar-bakarrik. Baina gauzak eta ikusmoldeak XX. mende hastapenarekin aldatu ziren azkarki. Literaturan adituak ziren jende euskaldunak agertu ziren eta hasi ziren euskal literatura aztertzen barneko ikuspegi batetik. Eta hor bistaratu zituzten Mendiburu, Iztueta, J.A. Mogel, Laphitz… Ondoren etorri ziren euskal idazleen aldeko bestelako urratsak (1907-1940), hots, edizio berriak, antologiak, monumentuak. Casenavek azaldu du 1950. urtetik aurrera euskal literatura berpiztu egin zela, batez ere Txillardegi eta Arestiren eskutik, eta, horrekin batera, euskal klasikoei buruzko gogoeta ere arrapiztu zela.
Azpimarratu du, baita ere, 1958an Yon Etxaidek eginiko ekarpen baliotsua, hain zuzen, Amasei seme Euskal’erriko liburua. Bertan, Etxaidek «euskal idazleen Panteona finkatu zuenez» (idazle nagusien zerrenda bat proposatu zuen eta bakoitzarentzat, saio laburra aurkeztu zuen). 1960an, Historia de la literatura vasca liburuan, Koldo Mitxelenak euskal kanon literarioa arramoldatu zuen, eta haren atzetik etorri ziren Ibon Sarasolaren Euskal literaturaren historia liburua (1971) eta Joan Mari Torrealdairen obra berritzaileak, soziologiaren ildotik onduak azken hauek.

Orobat, Casenavek nabarmendu du tarte horretan gauzatu zela lehengo idazleen klasikotze prozesua, hain zuzen, 1960tik 2000. urtera doan epealdian. «Tesien eta ikerketen urrezko aroa» izan zela aipatu du lehunztarrak. Gainera, une berean idazle garaikideak sartu ziren unibertsitateak kanonizatu zituen lehengo autoreen artera. «Honela, Aresti, Mirande, Erdozaintzi-Etxart, Etxamendi, Saizarbitoria, Atxaga eta Sarrionandia ere klasikotu ziren tesi doktoralen bitartez. Ondorioz, XXI. mendearen atarian, bagenituen bederen 50 bat autore pasa klasiko bezala ikusiak zirenak, molde kontzeptual batez», esan du euskaltzain osoak.
Azkenik, euskal klasikoen ezagutzan ditugun ajeak aletu ditu Casenavek: «Adibidez, frantses klasikoak aurkitzen ahal dira liburu saltoki guzietan erosgai. Euskal literaturan jarraipen hori falta zaigu. Irakaskuntzaren munduan, obra zati batzuk ematen dira irakurtzera, bainan, obraren testu osoa komunzki ez da irakurtzen, ez baita eskuragai». Eta gaineratu du XX. mende erditik aitzina martxan eman zen klasikotze prozesua makaldu egin dela.
Baina, zergatik arroztu zaizkie idazle klasikoak gaurko idazle eta irakurleei? Casenaven iritziz, hiru haustura nagusi eman direlako: formakuntzan, edukien aldetik, hizkuntzari begira.
Egoerari buelta emateko (edo ahalegintzeko behintzat), ideia bizkor baina argi bat proposatzen du lehunztarrak: «Ondarea eta geroa biak batera eraman, bien artean hautatu gabe (…) Gure literaturaren jarraipen literarioa segurtatu behar dugu, nahi badugu euskal kultura sendo bat finkatu geroari buruz. Lehen lehenik, eskolarako beharrezkoa den euskal klasikoen corpusa aukeratu behar dugu, baina, eskolako eta unibertsitateko haur eta gazteez gain, irakurleria zabalago bat ere behar genuke kondutan hartu, klasikoak belaunaldien arteko lokarriak baitira».
Besteak beste, Casenavek Euskal Editoreen Elkarteak osatu zuen Klasikoak bildumaren esperientziatik ondorioak ateratzea gomendatzen du: «Orduan, bi gauza falta izan ziren: iraupena eta zabalkundea. Horiek konpondu behar dira. Eta formatu informatikoan ari diren eragileak ere behar dira euskal klasikotegi berri horretara erakarri, Bilketa, Booktegi, Noeren ontzia eta, bistan dena, Klasikoen gordailua». Eta Euskaltzaindiari proposamen zehatza luzatu dio: «Euskal klasikotegi iraunkorra eraiki behar dugu, eta iraupen luzeko instituzio bat behar luke eragiletzat. Menturaz, Euskaltzaindia da erakunde egokiena epe luzeari begira. Euskaltzaindia euskararen babesle eta hedatzailea da, literatura barne».
Jon Casenavek aldarrikapen xume baina garrantzitsu batekin itxi du bere mintzaldia, era honetan: «Euskara, euskal kultura eta euskal literatura zaindu ditzagun, biziaraz ditzagun eta, eskura ukan dugun ondokotasuna, luza eta pasa gure ondotik heldu direnei, soka luze bat bezala».
Itxaro Borda euskaltzainburuordeak erantzuna eman dio Casenaveri. Lehunztarraren hitzei eutsiz, klasikoez jardun du emazteki idazle lapurtarrak ere, hain zuzen, euskal literaturako izen handi batzuen balioaz eta gaurkotasunaz; era berean, klasikoen zerrenda ohikoetan dauden (eta ez dauden) emakumezkoen izana aldarrikatu du eta, nola ez, Casenavek XIX. mende hondarreko eta XX. mendearen hastapeneko autoreak ezagutarazteko egin duen lana nabarmendu du.
Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egin du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu euskaltzainburuaren eskutik.