Uda honetan “Azpimarra” eta “Airean” saioak ematen ez direla eta, askotan erderazko “Sin ir mas lejos” debate bizi biziak begiratu ditut. Beti bezala, Hegoaldeko eta Espaniako gai minberatsuenak aurkezten ditu Klaudio Landa arduradunak. Hain iritzi desberdinetako partehartzaileen artean ordena berriz jartzeko duen modu bikaina txalogarria dela aitortzen dut gaiari lotu baino lehenago.
Ostegunean (Irailaren 4ean) eztabaidatu izan ziren beste gaien artean, Donostiko kale batzuren izenak osorik euskalduntzeari buruz izan da. Orain arte kale gehienen izenak koofizial diren hizkuntza bietan emanak badira ere, batzuetan lan hori ez da osoki egin eta Donostiko Udaletxeak urratsez urrats dana euskaraz idazteko asmoa badu. Euskaltzale edo abertzale den edonori lan hori zilegi dela eta euskeraren normalizazioaren hildotik badabilela otuko zaio naski. Bainan zoritxarrez ez da horrela beti gertatzen, partehartzaile batzuk, euren burua euskaltzale edo euskalduntzat jo arren, EH BILDU k zuzentzen duen udaletxeko inposizio bat ikusten dute ebazpen honetan, eta pertsonen izenen grafia aldatzea ez dute zilegi jotzen, areago errespetu gabekeriatzat daukate. (Adibidez Cristobal Balenziaga –ren ordez Kristobal Balentziaga idaztea). Beste askoren ustez, kaleen izenak euskalduntzea baino arazo larriagorik badaude, nahiz Donostin, nahiz kanpoan, eta politikariek lehentasun gehiago behar duten gaietan ihardun beharko lukete.
Mendeetan zehar behin baino gehiagotan aldatu da euskeraz idazteko modua; horretaz ohartzeko nahiko da ikustea nola idazten zuen Detxeparek edo Axularek. Baita ere zortzi euskalki desberdin izanik, herrialde batetik bestera idazkera denbora berean nola aldatzen den ikustea erakutsgarria da. Halako desberdintasunek ez zuten euskalzaleen arteko eztabaidarik piztu, baizik-eta euskeraren aldeko zaletasuna eta amodioa areagotu zuten. Hogoigarren mendean H-ari buruzko eztabaidak izan arren, benetako euskalzaleen artean bigarren mailakoa izan zen arazo hori, eta euskera batuaren lantzeko era asko ziren arren, (Federiko Krutwig – Piarres Lafitte – Joxe Luis Txillardegi) euskeraz zuzenez idazteko lege bakunik ez zegoela aitortzen zuten; bakoitzak euskeraz bere eran idatz dezan, bainan modu zuzen batez, erderakeriak ekidinez alegia, eta kitto, pentsatzen zuten. Gaur eguneko euskalzaleek eta abertzaleek kale guztien izenak euskeraz ipintzeko ados izan beharko lukete beraz. Euskeraz ez dakienak eta ikasi nahi ez duenak ulertu beharko luke herri hori aldaketa batean dagoela, aspalditik zapaldua eta baztertua izan den hizkuntza bat urratsez urrats bere eskubideak eta ukan beharko zuen tokia berreskuratzen ari dela.
Euskal Herrian beste arazo ekonomiko edo gizartezkoak izan arren, horrek ez du eragozten hizkuntzaren berreskurapenaz ihardutzea. Edozein herri aske ta soberanotan, hizkuntza politika eta hezkuntza ez dituzte buruzagiek alde batera baztertu, arazo larriago eta garantzitsuagorikan dagoelakoan; kinka denboretan, bertako hizkuntza ofizialaren aldeko neurri gehiago hartzen ez badute, ez baitituzte behintzat indarrean daudenak apaltzen. Frantzia eta Espainiako Estatuetan kinka izan arren, ez dut uste kanpoan dauden Alliance Française –ean edo Instituto Cervantez -ean Parisek eta Madrilek hurrenez hurren aurrekontuak apaltzen dituztenik.