Jendarte iraunkorra, kultur eta hizkuntz aniztasunaz

1-BelanURANGA
Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikaria

Hizkuntzaren ekologia edo ekolinguistika hizkuntzalaritza eta ekologia uztartzen dituen korrontea da. Osagai sozialez gain ingurumenaren eragile batzuk ere aztertzen ditu. Ekosistemetan eragina duenak hiztunengan eta beraz hizkuntzetan ere eragiten duelako. Azaroaren 30ean, Baionako Euskal Erakustokian, Bizi! mugimenduko “Euskaraz Bizi!n” lan taldeak gomitaturik, Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariak jorratu du “hizkuntz aniztasun jasangarria”ren gaia. Jarraian aurkituko dituzue hizkuntz-ekologiaren adituak Alda!ren galderei ekarri dituen erantzunak.

Zer da hizkuntzak ikuspegi ekologikotik aztertzea?

Abiatzeko, esan dezagun hizkuntza orok izaki bizidunek bizitzeko behar duten ekosistema bezala, hizkuntza-komunitatean islatzen den ekosistema behar duela; komunitate horrek hizkuntzari ematen dion funtzioen eta balioen sisteman oinarritzen dela. Horrela hizkuntzaren osasuna funtzio horien sendotasunaren araberakoa izango da. Ikuspegi ekologikoa saiatzen da, hortaz, hizkuntzen iraunkortasuna eta bizitasuna ziurtatzeko baldintzak definitzen, hizkuntzen garapen iraunkorra sustatuz.

Zein dira ordea hizkuntza baten bizitasunaren ezaugarriak eta bizi baldintza jasangarriak?

Hizkuntza-ekologiari buruz aritzen diren ikertzaile guztiek ados jarri dira esaterakoan hizkuntzaren iraunkortasuna bermatzeko lehen baldintza dela, hizkuntza hori belaunaldi batetik bestera modu naturalean iragatea. Hori da bete beharreko lehen baldintza. Munduko hizkuntza-aniztasuna galtzearen arrisku nagusia hortik abiatu da, hain zuzen, hizkuntzen erdia baino gehiago etxeetan eta familietan gurasoek ez dietelako seme-alabei erakusten, eta horien ordez boteretsuagoak diren komunitateetako hizkuntzek ordezkatzen dituztelako milaka eta milaka komunitateetan, munduan zehar. Ekologiaren ikuspegitik aldarri nagusia da hizkuntzen arteko kontaktuetan, harremana ez izatea inbaditzailea; maila pertsonalean hizkuntza berri bat ikasteak norberarena ahaztea ekar behar ez duen bezala, komunitate jakin batek esparru nagusi bateko hizkuntza bereganatzen badu ere, ez du zertan bertakoa hitz egiteari utzi behar; hizkuntzen arteko kudeaketa ekologiko baten bila ari gara, hizkuntzen iraunkortasuna ziurtatzeko.

2-LAndareaniztasunaetaHizkuntzenbanaketaEta hizkuntza bat, diglosia egoeran delarik (hots bere lurraldean beste hizkuntza batekin bizi behar duelarik) zein dira egoera ahulenean den hizkuntzaren biziarazteko kontuan hartu beharrezko arau/bide nagusiak?

Frantsesaren eta euskararen kasuan, esate baterako, esan ohi da elkar ukitzen dituzten bi hizkuntzen artean batak funtzio ofiziala, publikoa, jasoa, ekonomikoa… duela, eta beraz, gizartean aurrera egiteko ezinbestekoak diren esparrutan erabiltzekoa (administrazioarekin harreman guztietan, lan-munduan, aisialdian).

Bestea, aldiz, barneko funtzioetarako geratzen da, hala nola, familiakoa, kasu batzuetan lagunen artekoa eta sinbolikoki tradiziozko gizarte bati loturiko adierazpide kulturaletara lotua. Horrela izanda, komunitatea hasten da hizkuntzaren funtzioak gutxiesten, pixkanaka kasu batzuetan, eta bortizki gehienetan. Hori da, azken mendean nagusitu den pentsamendu eta praktika nagusia munduan zehar; pentsamendu bakarraren hedatzearekin batera tokian tokiko hizkuntzak erabiltzeari uzteko joera.

Jakina, erantzukizun nagusia Estatuek dute, Estatu bat/ hizkuntza bat bikote “ospetsua” duen ideologiaren bitartez, mundu osoan zabaldu baita praktika hori, hainbat eta hainbatetan bortizkeriarekin lotuta. Beraz, erantzun modura ikuspegi ekologikotik, komunitatearen zentzuak izango du lehentasuna; tokian tokiko hizkuntzaz hitz egitea mundu mailako joera homogeneizatzaileari aurre egiteko. Bertako hizkuntzaren iraunkortasuna ziurtatzea datozen belaunaldientzat, bioaniztasuna ziurtatzeko dugun ardura berberarekin. Horregatik garrantzizkoa da hizkuntzari komunitatearen gune afektiboa den harremanetarako funtzioak gordetzea (hurbileko harremanak, familia, lagun artea, herriko aisialdiko harremanak), eta balio sinbolikoa eta komunitate zentzua emango dutenak. Baina horiek huts egingo dute ez baldin bazaio aldi berean balio ekonomikoetan aurrerapenik eskaintzen; eta ardura politikoa eta administratiboa dutenen aldetik ez bada aitortza jasotzen; garrantzi berezia du arduradun publikoek gero eta kontzientzia handiagoa izan dezaten bertako hizkuntzarekiko.

Zehazten ahal dizkiguzu hizkuntz ekologiaren ulertzeko garrantzitsuak diren “Printzipio etikoak” (aniztasuna, berdintasuna, interdependentzia, etab.) ?

Hizkuntza-ekologia balio etikoetan oinarritzen da. Hizkuntza-aniztasunaren balio unibertsalaz pentsatu behar dugu munduaren eta gizateriaren aurrean. Izan ere, hizkuntza guztiek dute berez, bizitzeko balio berbera, bai hitz egiten duten komunitatearentzat eta baita gizateria osoarentzat ere.

Hizkuntza bakar bat galtzean gizateria osoak galtzen duela aldarrikatzen dugu. Baina batez ere hizkuntza-aniztasuna eta kultura-aniztasuna galtzeak gizateria ahulago egiten duela aldarrikatzen dugu etorkizunean gerta daitezkeen aldaketen aurrean erantzuteko baliabide gutxiago izango ditugulako.

Hizkuntza guztiak dira gizakiaren sorkuntza-gaitasunaren eta ingurumenari egokitzeko ahalmenaren adierazpideak, eta galtzean, erantzun aukera hori galtzen da.

Berdintasunaren printzipioaren arabera esaten dugu “desberdin dagoena berdin tratatzea ez dela berdintasuna, injustizia baizik. Aukera berdineko egoerara, ekitate-egoerara heltzeko neurriak hartu behar dira”. Printzipio horrek ahalbidetu behar du euskararen -gutxitutako hizkuntza guztien kasuetan bezala- neurri babesleak, neurri garatzaileak, neurri bereziak hartzea, gutxienez ekitatea lortzeko. Horrela bada, printzipio etiko horrek laguntzen digu hizkuntza boteretsuko hiztunak ere neurri babesleak hobeto ulertzen.

Subsidiaritatearen printzipioa. Printzipio honen arabera, hurbilekoaren garapena eta erabilera lehenestea komeni da. Hizkuntzaren kasuan, bertako hizkuntzak, gure kasuan euskarak egin dezakeena ez dezala beste batek egin balioan jartzea da. Erronka da ekosistema osoa kontuan hartuta, eta kasuan kasuko azpi-ekosistemetan euskarak bete ditzakeen funtzioak definitzea, adostea eta praktikara eramatea, hurbileko hizkuntzak bete ditzakeen funtzioak hizkuntza horretarako gordetzea, hizkuntza hedatzaileagoak horiek jan ez ditzan.

Belaunaldien arteko zaintzaren printzipioa, Zuhurtziaren printzipioa. Printzipio horren arabera, ez da etikoa etorkizuneko belaunaldientzat kaltegarriak izan daitezkeen erabakiak eta neurriak onartzea. Hau da, neurri horiek onuragarriak izango direla ziurtasunik ez badago, hobe zuhurtziaz jokatzea, beti ere, hizkuntza gutxituaren ekosisteman eragin kaltegarria izan ez dezan.

Azken finean, hizkuntza-ekologiaren funtsa iraunkortasunaren kontzeptuan kokatzen da, bere zentzu zabal eta sakonenean. Brundtland Txostenak 1987an definitu bezala, Iraunkortasuna gizakiaren bizitza baldintzatzen dituen hiru esparru elkar lotuetan gertatuko da: ekonomiaren garapena, gizarte gaietan ekitatea eta ingurumenaren zaintzan. Hiru zutabe horiek dira, ezinbestean eta elkar loturik egonda iraunkortasunaren bermatzaileak, eta hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegia, bete-betean txertatzen da bertan. Horrela esan dezakegu gizarte iraunkorra lortuko badugu ezinbestean kultura eta hizkuntza-iraunkortasuna ziurtatu beharko dela.

3-HizkuntzAniztasunaEta hizkunza-ekologia konduan hartzeko norbanakoaren mailan hainbat pausu ere emaiten ahal dira…

Hizkuntza-ekologiak ekologiak bezala norbanakoari deitzen dio bere egunerokoan ere kontzienteki praktika ekologikoetan murgildu dadin, nolabaiteko hizkuntza-ekologistak izatera bultzatzen gaitu. Eta, horretarako, badira jarraibide interesgarri batzuk norberaren hizkuntzatik abiatuta beste batzuen hizkuntzen inguruko jarrerak eta portaera ere kontuan hartzen dituenak.

Esate baterako honakoak:

1. Ezinbesteko dugu pertsona guztiengan mezua heltzea hizkuntza guztiak errespetatu behar direla, eta batez ere, egoera ahulean daudenak; Pentsamendu horrek berdin eragin behar dio hizkuntza txikiko zein handitako hiztunei, balio etikoen esparruan kolokatzen baikara!

2. Ez ote da balio ekologikoa naturak eskaintzen dizuna errespetatu, garatu, zaindu, aberastu eta ondorengoei eskaintzea? Hala da hizkuntzaren kasuan ere. Zaindu maite duzun hori: aberastu… zure ondorengoek aukera bera izan dezaten

3. Ba ote dago arrazoirik tokiak tokiko hizkuntzan egin daitekeen hori beste batean egin dadin? Ez ote gara zaintzen ari geure hurbileko bizitza, natura, ekoizpena, elikagaia, harremanak? Hizkuntzaren kasuan ere subsidiaritate printzipioa aplikatuz, ez dezagun hizkuntza nagusiago batean egin bertakoan egin daitekeen hori.

4. Eta, arrazoi berberagatik ez inposatu inoiz hizkuntza nagusirik. Ez zeure herrian, ez eta kanpora zoazenean ere. Izan arreta tokian tokiko hizkuntza guztiekin. Ekologista batek munduan zehar doanean erakusten duen naturarekiko errespetu berberarekin.

5. Horrela bada, seguru izango duzula hurbilean zeurea baino egoera are ahulagoan dagoen hizkuntzaren bateko hiztunik. Emaiozu aukera bere horretan ere hitz egiteko. Sortu daitezkeen konplizitateak lagunduko baitigu hizkuntza nagusienen aurrean geure bidea egiten.

6. Eta hizkuntza nagusiagoak hitz egiterakoan, batez ere, nazioarteko hizkuntzak ikasterakoan ez zaitzala zeurea baztertzeko baliatu. Nazioarteko hizkuntza behar dugu baina ez da ezinbesteko kultura bakarra mundu guztiak bereganatzea. Kultura bakarrari erresistentzia nazioarteko hizkuntza erabiliz ere egin daiteke, baina batez ere tokian tokiko hizkuntzak indartuz.

7. Azken finean, ekologiak bezala, mundu globalean pentsatu baina hurbilean aritu. Gakoa izan daiteke hizkuntza-ekologistak izatea

 

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).