Zernahi gerta ere ondoko egun eta asteetan, 2010eko urriko erretretei buruzko mobilizazioa mugarri bezala geldituko da sozial borroken historian. Alabainan, izan dituen hamaika adierazpide, elementu berriak eta iraupena guttitan ikusiak izan dira azken hamarkadetan. Munduan zehar izan duen oihartzunak ere ez ohiko zerbait gertatu dela erakusten du. Europan barna bereziki, duela zenbat hilabete Greziako langileen oldartzearekin gertatu bezala, jende andana batek erretreten aldeko mobilizazioa “pribilegio” batzuen defentsa baino, denek berdin pairatzen dugun kapitalismo neoliberalari erresistentzia borroka gisa argi eta garbi ikusi du.
Haatik momentuz denen gogoan eta ahotan den lehengo galdera hauxe da: zertan gara? Mugimenduaren bukaera da ala bigarren hatsa etortzekoa da? Borrokan inplikatuak izan direnentzat kostatzen bada ere, mugimenduaren azkena dela pentsatzeko elementuak badaude. Alabainan, greban ziren sektore gehienak eta bereziki sektore estrategikoenak eta mugimenduarentzat motorrak (findegiak, portuak, tren gidariak…) lanean hasi dira berriz. Legea bozkatu ondoren sindikata batzuek borroka uzteko momentua dela diote, sozial mugimenduarentzat zutabe garrantzitsua izan den sindikatuen arteko batasuna arriskuan ezarriz. Azaroaren 6ko mobilizazioa “mugimenduaren ehorzketa” izanen delako beldurra hedatua da eta momentuz sindikatuek ez dute beste greba deialdirik luzatu.
Alta iragan azken aste berezi hauei so egiten badiegu uste gabekoak dira nagusi. Espero, bai bainan nehork ez zuen pariatuko irailaren 7, 23 edota urriaren 12an mobilizazio egunek biharamunik izanen zutenik. Beste datu esanguratsua iritzi publikoaren sustengua dugu. Gehiengo zabal batek, Sarkozyren alde bozkatu zu-ten batzuk barne, sozial mobilizazioa ulertu eta sustengatzen du oraindik. Legea bozkaturik ere, mugimenduan zehar osatu eta egunero bildu diren biltzar nagusiek jarraitzen dute eta mugimenduari zer nolako segida eman gogoetatzen. Dagoeneko Tours-eko “Interpro” Biltzar Nagusiak beste guziak elkartzera deitu ditu heldu den larunbatean. Han hemenka blokatze ekintzak gertatzen dira oraindik eta ondoko egunetan beste batzuk plangintzatuak dira. Greba iraunkorra utzirik ere, zenbait lekutan greba orenak edo egun erdiak egiten dira. Oro har jendearen determinazioak lehen bezain tinko dirudi. Nahiz eta hedabide nagusiek mugimendua erabat lurperatu, urriaren 28ko mobilizazio indartsua ikusirik sindikatuek 6ko deialdia eta diskurtso borrokalaria atxikitzen dute.
Euskal Herrian berdintsu dugu egoera. Pasa den osteguneko manifa eta gero 150 lagun Komertzio Ganbaran sartu ziren, piknika errebindikatzailea eta biltzar nagusia egiteko. Mugimendua nola segitu aipatua izan zen luzaz eta ostiralean bertan salaketa ekintza bat burutu dute 35 pertsonak pentsio fondoak saltzeko erreformaren ondorioak espero dituzten multinazionalen kontra, AXA konpainia bereziki. Ostegunean bertan Hazparnen eta Kanbon elgarretaratzeak antolatuak izan ziren, mugimenduaren hedadura erakutsiz. Aste burua informazioa zabaltzen pasaturik, Baionan eta Donapaleun biltzar nagusiak iragan dira asteartean. Bere aldetik intersindikalak 6ko manifa prestatzen du eta CGT-k blokatze ekintza bat burutu lezake ostegunean.
Denen gogoan ere den bigarren galdea orokorrago da: lege proiektua ez bada kendua galdu ote dugu erabat? Mugimenduak ez badu bigarren hatsarik zer geldituko da geroari begira? Goizegi da erantzun borobilak emaiteko. Pesimista bakar batzuek pentsatuko dute etsipena nagusituko dela eta borrokarako gogoa luzerako itzaliko dela. Alta alderantzizkoa gerta daiteke. Borroka politikoa galdurik ere (podereak ez baitu gibelerat egin) borroka ideologikoa irabazia izan da, jendarteko sektore zabal batzuek argi ikusi baitute lege proiektua injustua zela eta aberastasunen banaketa zela arazoaren muina. Horrek aztarnak utziko ditu. Halaber, erakutsitako indarra eta irudimena, bizi izandako elkartasun esperientziak eta an-tolaketa moldeak egiazko altxorrak dira geroari begira. Gertatu dena aztertu eta teorizatzeko tenorea etorriko da (batzuek “bakezko gerrilla sozial iraunkorra” kontzeptua asmatu dute jada) ondoko guduak laguntzeko.