Batera-k nahi izan du herritarrei berriro hitza eman, heien sentimendua biltzeko Ipar Euskal Herriko Gobernantzari buruz. Ariketa demokratiko honen emaitza Txosten baten bidez zehaztu du. Laborantza Ganbararen 14. Urtemugaren karietara egina izan den Biltzar Nagusiaren bukaeran, larunbatean, urtarrilaren 19an, Baterak herriko gobernantzari buruzko herritar auditaren emaitzak aurkeztu ditu parte hartzaileei eta Jean-René Etchegaray lehendakariaren esku utzi.
Beherean edo hemen klikatuz aurkituko duzun dozierra BATERAk 2018ko urritik abendura antolatu duen Iparraldeko gobernantzari buruzko herritar auditaren emaitza da.
Audita horren helburua Euskal Elkargoko gobernantzari buruz herritarren iritzi eta sentipenak bildu eta haren ibilmoldea hobetzeko proposamenak lantzea zen (Elkargoko politika sektorialak baloratzea ez zen sartzen auditaren helburuetan).
Dozier honek gogoetaldian parte hartu duten edo ekarpenak egin dituzten pertsonen iritzi eta ikusmoldeak biltzen ditu. Dozier hau ez da beraz BATERA plataformaren aldarrikapenen zerrenda nahiz eta seguraski bere kideak gomedio gehienekin ados izan.
Urte luzez Iparraldeko lurralde kolektibitatearen alde mobilizatu ondoren, BATERA plataformak hirigune elkargoa lehen urrats gisa onartu zuen 2015ean. Orain, Elkargo hau ahal bezain ongi funtziona dadin nahi du, lurralde honen herritar eta hautetsiek beren geroa eskutan hartzeko duten ahalmena urrunago eraman nahi baitu. Elkargoaren sortzea defenditu eta Iparraldeko jendea informatu zuenez, haren funtzionamendua begitarte zorrotz eta izpiritu eraikitzaile batekin aztertzea doakio orain BATERAri, bai eta geroan ere.
Finkatu bezala, hiru urratsetan iragan da herritar audita hori:
• Tokiko bilkurak irailaren 15 eta urriaren 13 bitartean Iparraldeko lehen instituzioaren bilana egiteko.
• Hautetsi, jendarteko eragile edo Iparraldetik kanpoko adituen audizioak azaroaren 3an eta 10ean.
• Atelierrak, abenduaren 1ean, lehen bi faseetako elementuetan oinarrituz proposamenak lantzeko.
Audita horrek bere eskasiak eta ahuleziak badituzke. Denbora eta baliabideak falta izan dira azterketa sakonagoa burutzeko. Halere instituzioekiko mesfidantza eta ordezkaritza demokratikoaren krisia garai honetan bertute baliosak baditu audita horrek.
Lehenik Elkargoaren funtzonamendu konplexuari buruzko herri heziketaren momentu azkarra izan da parte hartu duten herritar guztientzat. Bigarrenik ariketa demokratikoa burutu da instituzioarekiko erabat independientea izan baita eta Elkargoko arduradunek onartu baitute herritarren galdeei erantzutea, finkatutako joko arauak errespetatuz. Azkenik bertute politiko argia badu instituzioaren lehengo bi urteeko bilana aztertzeagatik, haren abantail nahiz ahuleziak zerrendatuz eta hobetzeko ildoei buruzko eztabaidan ekarpenak eginez.
BATERArentzat anbizio handiko jendarte erne eta mobilizatu bati esker lortu da Euskal Elkargoa. Jendarte hau Iparralde mailako gobernantza demokratiko baten sakontze eta aitzinamenduen berme da etorkizunean ere.
Euskal Elkargoko presidentearen esku uzten dituen audita horren emaitzak harrotasunez presentatzen ditu BATERAk Iparraldeko herritar eta hautetsiei. Proposamenei instituzioko arduradunek emanen dizkioten segida hurbiletik so eginen du plataformak eta bitartean hel dakioken eskari orori erantzuteko prest gelditzen da.
Ainhizen 2019ko urtarrilaren 19a