Duela hiruhogei urte Aljeria bere berjabetasunaren alde gogorki borrokatzen ari zelarik, “Frantziak lurralde hau utzi ta zertaz biziko dira?” zen jende arruntaren eguneroko galdera. Bainan aurten sendo zirauen FAGOR enpresa eta horrekin elkartu zen BRANT Frantziakoa Algeriako beste enpresa batek erosi eta, dirudienez, salbatu ditu.
Horrek, zoritxarrez, ez du esan nahi edozein herriren independentziak problema eta arazo guztieri irtenbide zuzena ematen diola, bainan bertatik sortutako asmo eta ebazpenetatik, jalgipenak, onak zein txarrak hartzen ahal direla. Algeriaren kasuan, petrol eta gas naturala aberastasun baten iturburua denez gero, elikagai gero eta gutxiago ekoizten dira bertan, bizilagunen kopurua emendatuz doalarik.
Hain zuzen ere, Boumedienen denboretan Aljeria ezagutu dugunok, bertako sasoiko igali edo fruitu eta barazkiak jaten genituen, baita okela eta arraina ere. Orain, aldiz, Europatik eta Ameriketatik zati handi bat inportatzen dituzte. Ekonomilari batzuek diotenez, gauza normala da, bertako errekurtsoek horixe baimentzen dutelakoan; beste adibide baten ematekotan, pastelak egiteko pasta Italiatik ekartzen zuten Libian hiruhogoitahamargarrenetan. Ekonomilari horiek baikortzat jotzen dutena, inportazio hauen inguruan bertan lanpostu berrien sortzea eta inportatzen duen estatuak zerga berri batzuen kobratzea. Bestetik ikusten ez duten, edo ikusi nahi ez duten ondorioak bertako nekazarien langabezi gehiago izatea eta erosahalmenaren ttipitzea dira.
Bainan aspalditik ekoizpena nagusitzen omen duten eta boteretsu diren estatuetako gobernuek hobe egiten ahal dute? Proporzio guztiak kontutan harturik, huts berberak egiten dituztela susmatzen dut. Industriaren jabeak diren ugazabek, boltsetan euren enpresak puntu gehiago irabaz ditzan bestelekuraketak egiten dituzte, gastu sozialak merkeago diren herrietan fabrikak muntatuz, edo leku jatorreko langileak herbestera bialduz, kanpoko herriaren soldatak eskainiz. Europako Batasunak bermatzen duen kapital eta langileen mugimendu askearen izenean egiten omen dute hori. Bainan sistema horren arabera, zuzen ote da Frantziatik Errumaniara lan egitera joaten den “cadre” edo lan arduradun bati Frantzian irabazten duena baino gehiago ordaintzea eta langile bati Frantziakoa baino apalago den Errumaniako hilabetekoa pagatzea? Ez dut uste, eta langile batzuk jazarri dira halako neurriak proposatuak izan zaizkielarik.
Frantziako Iparraldetik jende gero eta gehiago Inglaterrara lan egitera joaiten da, hango lan eskaintza hobea eta ugariago delakoan. Mugimendua hain handia da, non ixtasoren azpiko metro bat edo tren bereziak jartzea pentsatzen baita. Bainan ez dut uste horrelako inbestimentu bat etorkizunean baliagarria izanen litzaketenik, datozten urteetan Inglaterrako lan eskaintza beheratuko balitz. Hobeago litzateke Inglaterrako ugazabek Frantziako Estatuan euren enpresen sukurtsalak eraikitzea bertakoek lanik izan dezaten, eguneroko bidaiak eta hauen segurtatzeko azpiegitura berrien eraikitzea baino. Bainan hautakizun hori ez zaie Inglaterrako enpresalarier gustatzen, Frantziako Estatuko zerga sozialak Inglaterran baino garestiago direlako.
Azkenik historikoki aspalditik industriadun herrialdeetan eta garatzen ari diren herri ohi menperatuetan tendentzi okerrak ikusten ditugu probetxuaren onerako eta langilegoaren aurka. Algerian bertakoa ekoiztu eta kontsumitu ordez, inportatzen da estatuak eta klase berri batek probetxuak egin ditzan; Inglaterran jendea kanpotik jin arazten da, ondoko estatuan zerga sozialak garestiago direlakoan.
Gero eta estatu berri gehiago izatea gauza baikorra da, bainan naski autarki hutsaren tranpan erori gabe, eta elkarren arteko harremanak hobekituz. Independentzia aipatu ordez, interdependentzia aipatu behar da, bainan hori zuzendu eta kudeatu behar da langilegoaren aurkako gehiegizko probetxu politika bat ez dedin bihurt.