Independentziaren erreferrenduma aintzineko egunetan Europako agintari askok Europatik kanpo gelditzeaz mehatxatu dute Eskozia. Suerte berdina iragartzen diote Kataluniari, burujabetzaren bidea hartzen badu. Altabada, mehatxu horiek ez dute oinarri juridikorik. Europar testoen oinarriak iduriz aski ahulak eta mendreak izanez, batzuk diote barnatu eta ikertu behar direla nazioarteko dretxoak ahalbidetzen dituen posibilitateak.
Berriki Eskozian iragan den herri kontsulta eta laster Katalunian iragan beharra dena, dudarik gabe, inarroste politiko eta ideologiko ikaragarriak dira Europan. Alabainan bi kontsulta horien antolaketek argiki erakusten dute duda galderak sortzen dituela oraindik estatu moderno izaitearen konzeptuak. Eskoziak eta Kataluniak ezinago argiki erakusten daukute ere burujabetza arloan hainbat potenzialitate eta ariketa politiko ahal direla sakondu, orain arte agian ikertu gabeak zirenak.
Funtsean azken hilabete hauetan politika eta kazetari munduak pil pilean dira gai hauen inguruan. Estatu berri baten sortzeaz edo hauen forma juridiko berriaz baino, gehienik duda eta galdera pausatzen duen pundua hauxe dute : zer litzateke Eskozia eta Katalunia estatu berrien estatutoa europar batasunean ? Dakigun emaitza aintzin, Salmond eskoziar lehen minixtroak argiki errana zuen bere herriaren independentzia soilik europar entitatearen barnean aintzin ikusten zuela, beste aditu batzuk aldiz ziotelarik Eskoziak (Kataluniak bezala agian) pasa beharko zuela europar batasuneko kide oso izaiteko eskaera prozesu batetik.
Eskusartze politikoa
Gai horrek analista eta juristen hainbat ikuspegi ezberdin azaleratu ditu. Harrigarriki halere, erran daiteke jurista horien gehiengo batek diola Eskozia eta Katalunia (eta ondorioz beste edozein estatu independiente berri ere) burujabe bilakatuz gero, de facto eta automatikoki europar batasunetik kanpo litaizkela. Barroso europar komisio buru ohia ere, lekuak hustu aintzin, ausartu da erraiterat Eskoziak independentziaren bidea hautatzen bazuen, kasik ezinezkoa izanen zitzaiola berriz europar batasuneko kide izaitea. Gisa hortako deklarazioek edo prepontentziek badute zer dudakor eta kexu uzteko arrazoinik. Ba ote zuen Barrosok gisa hortako adierazpen egiteko zilegitasunik ? Noren izenean xuxen egin ote zituen ? Ez ote zen soilik taktika bat Eskoziako erreferendumaren emaitza baldintzatzeko? Edo hobekiago erran, politiko baten eskusartzea eskubide juridiko eta funtsezkoen arloan?
Funtsezko dretxo edo eskubideen erabiltze maltzurra helburu politiko jakin batzuen zerbitzurako ezartzea errotik salagarria eta kondenagarria da. Eskoziaren edo Kataluniaren adesioa soilik termino juridikoetan pentsatzea aski irrealista iduri luke. Kasu hauetan dretxo juridikoak ez luke erreflexioaren elementu bakarra izan behar, apentziarik gabe ere. Alderantziz, soilik izan behar luke egoera berri arras politiko baten termino juridiko xinple eta normal bat, besterik ez. Eskozia eta Kataluniaren problematikak oinarriz soilik politikoak izanki, europar batasunak behar luke bakarrik egokitu bere sorkuntzako eta hastapeneko legedia juridikoa errealitate politiko berritu bati. Zoritxarrez ez da orain arte bederen debatea sentsu hortan moldatu edo bideratu aktualitate europarrean. Soilik europar batasunaren hastapeneko textoeri ikuspegi interesatu eta endentziazko bat emanez, ikusi da argiki nahi dena erranarazten ahal zaiola dretxo juridikoari. Bainan ikusi da ere dretxoak, izan oinarrizko edo juridiko, egoera berrieri moldatzeko ahalmen ikaragarria duela. Dretxoa imaginazioaren eskola azkarrena da, Eskoziako erreferendumak argiki erakutsi daukun bezala.
Oinarri ahulak
Egun batez hala erabakitzen badu Eskoziak edo bihar hala erabakirik Kataluniak, automatikoki bilakatu behar lukete europar batasunaren kide ofizial. Aski harrigarri da pentsatzea ebidentzia hori ez dela dirudienez… ebidentzia oraindik. Bestelako aterabide bat hautatzea aipatu bi herrientzat aski damugarria litzateke ez soilik termino politiko eta demokratikoetan, baizik eta sozialetan eta ekonomikoetan ere. Nork pentsa lezake eskoziar, kataluniar edo berdin euskaldun bat guttiago edo batere europar litaikela “soilik” independentea bilakatzea hautatu lukeelako?
Egia erran gai huni buruz aditu juridikoak ez dira batere ados, bainan halere erran daiteke oinarrizko europar batasunaren testoak arras motz gelditzen direla gai hau tratatzerakoan.
Hainbat politiko eta juristek azpimarratzen badute ere adesio prozedura automatikoak aipatuak direla hastapeneko testoetan, ez da egia Lisboako tratatuak exigentzia hori aipatzen duenik. Xinpleki ez du deus aipatzen europar batasuneko erresuma baten zati batek burujabetza edo independentzia hautatzeari buruz.
Europar testoen oinarriak iduriz aski ahulak eta mendreak izanez, batzuk diote barnatu eta ikertu behar direla nazioarteko dretxoak ahalbidetzen dituen posibilitateak. Alabainan nazioarteko legediek eta Nazio Batuen Erakundeak ditu baimendu Eslobenia, Kroazia, Bosnia Herzegobina, Mazedonia eta Serbia Montenegro nazioarteko herri kide gisa. Ez da sekulan hauentzat beharrezkoa izan admisio prozedura klasikorik… Urrunago joanez, europar batasunaren interesa ote da Eskoziari eta Katalunia bezalako herrieri integrazioa ukatzea ? Erantzuna argiki ezetz da, jakinez bere funtsezko testoek diotela sortutako batasunaren helburua dela bere baitako populu guzien ongizaitea segurtatzea, libertate espazioak eskeiniz polliki polliki barne mugak ezabatuz, lurraldeen arteko kohesio ekonomikoa eta soziala bultzatuz, eskualde ezberdinen lurraldetasun “harmonikoa” segurtatuz, baita azpimarratuz ere europar herritar bakotxari bere erabakiguneak hurbilagokoak bilakarazi behar direla…
Europartasuna lorpen bat da. Nola ulertu beraz europar herrikide batzuk gal lezaketela herritartasun hori soilik erabaki demokratiko eta kolektibo baten ondorioz ? Soilik erabaki lezaketelako beste molde batez kudeatzea beren herria. Bere burua demokratikotzat daukalarik, ez luke onartuko bere baitan nahikunde eta ariketa arras demokratiko baten expresioa ? Aski ilunak iduri dute irudimenaren eta imaginazioaren bideek…