Independentistak Sareak deiturik, etorkizuna independentzia dela aldarrikatu dute milaka eta milaka lagunek Iruñean. Burujabetzaren “liburu txuria” idazteko deia egin du 2010eko otsailean sortu den “Euskal Herriaren independentziaren aldeko sareak”.
Txutxi Ariznabarreta sare kideak honelako hau zion manifestaldiaren hasieran:
“Mezu oso zehatza kaleratu nahi dugu Aberri Egunean: XXI. mendean independentzia da alternatiba bakarra Euskal Herriarentzat. Aurreko mendeko posibilismo autonomistek ez dute balio. Gure etorkizunak ez dauka enkajerik espainiar eta frantziar estatuen barne. Ez digute gure etorkizuna eraikitzeko behar dugun burujabetza estatusik eskaintzen. Euskal estatua eraikitzeko bidean urratsak egiteko baldintza objektiboak dauden arren, eragile politikoek joko taktikoetan eta interez partidistetan kateaturik ez dira klabe estrategikoen urratsak adosteko gai. Honen egundoko etsipena sortzen du herritarren artean. Funtsezkoa da nora goazen jakitea, bidaia prestatu eta subjektu politikoa aktibatzeko. Independentziaren “liburu zuria” lantzen egon beharko ginateke. Berandu gabiltza.Independentziak ekarriko digun eszenatokia zehaztu eta ikusarazi ahala gauzatuko da euskal jendartean gehiengo independentista, eta piztuko da ilusioa. Lehenago edo beranduago, independentzia da gure etorkizuna. Hori argi edukita, hobe lehenbaitlehen urratsak egiten hastea.”