Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Denboran irauteak edota postura geografikoak ez dute indargabetzen, ezta ere arintzen, gure herria kolonizatua izatea. Kolonizatzea ez da preskribitzen den krimen bat; eta askatasuna berreskuratzeko eskubidea ez da iraungitzen.
Euskal Herria kolonizatua ote da? “Kolonizazio” hitzaren definizio hau proposatzen du Wikipediak: “Kolonizazioa gizaki talde batek lurralde bat populatzea da. Prozesu horren helburua izaten da baliabide berri eta ugariagoak eskuratzea, taldea zabaltzea edo beste populazio edo herri bat mendean hartzea. Lurralde bat kolonizatzen duena kolonizatzailea da; eta kolonizazioaz lurraldean bizi direnak, kolonoak”. Zer gertatu da Euskal Herrian? Zer gertatzen da?
Konkista militar bortitzak izan ziren, besteak beste, 1200ean eta 1512an, baina eraso eta gerla gogor gehiago ere gertatu zen, gero ere, eta etengabe. Milaka euskaldun hil dituzte, eta ehunka mila kondenatu dituzte deserrrira, mendez mende. Eta ehunka mila etorri dira kanpotik. Espainiaren eta Frantziaren presentzia militar eta administratiboa etengabea izan da, eta oraino ere hala irauten du.
Gaur egun, gure lurretan agintzen dutenak frantses eta espainol militarrak, epaileak, politikariak, administrazioa eta abar dira. Kolonizazio ekonomikoa, politikoa, administratiboa, demografikoa eta kulturala indarrean daude.
Makurrena da euskaldun anitzek ukatzen dutela kolonia bat garela. Koloniak Afrikan, Asian eta Hego Amerikan omen daude bakarrik; herrialde pobreagoak eta beren aberastasunez hustuak direnak bakarrik omen dira koloniak. Euskal Herria ez dago Afrikan, ez da pobrea ekonomikoki… Frantziarekin eta Espainiarekin mugan dago, beraz, munduko maparen arabera, ez dugu ikusten Aljeria edo Australia bezala. Horregatik ere galtzen dugu kolonizatua izatearen kontzientzia.
Baina haiek izan ziren bezain okupatuak gara. Denboran irauteak edota postura geografikoak ez dute indargabetzen, ezta ere arintzen, gure herria kolonizatua izatea.
Kolonizatzea ez da preskribitzen den krimen bat; eta askatasuna berreskuratzeko eskubidea ez da iraungitzen. Kolonizatuak garela onartzen badugu, eta ahoan bilorik gabe erraten badugu, horren antidotoa independentzia dela aitortu behar dugu.
Kostatzen bazaigu onartzea edo ez badugu ikusi nahi Frantzia eta Espainia legez kontra daudela Euskal Herrian, orduan kostako zaigu independentzia aldarrikatzea; eta independentziaren aukera aipatuko balitz ere jatetxe batean arrainaren edo haragiaren artean hautatzeko eskubidea izatearen pare, eta kolonizatuak garela ukatzen badugu, gure independentismoa ez litzateke sinesgarria.
Nola ohartu kolonizatuak garela? Eta kolonizatzailea nola ohartu kolonizatzailea dela (alabaina, kolonizatzaile batzuek, beharbada ez dute kolonizatzaile gisa jokatu nahi)? Ez bada argi eta garbi erraten Euskal Herria kolonizatua dela eta ez bada ahoan bilorik gabe aldarrikatzen independentzia, kolonizatzailea ez da ohartuko zer paper jokatzen duen (usteko baitu bere herrian dagoela), eta kolonizatua ez da ohartuko kolonizatua dela (Frantzia edo Espainia bere herritzat dauzkalako).
Eta norbaitek galdeginen du: nola aldarrikatu indepedendentzia Lapurdi kostaldean (adibidez), gehiengo handiarentzat martzianoen zerbait baldin bada eta ez bada hauteskundeetan zafraldi bat bildu nahi?
Beharbada gure arazoa da lehentasuna lan instituzionalari eman zaiola, eta horrek eragin duela gure diskurtso politikoaren histea. Independentziaren gaia gure borrokaren ardatza balitz, gure zapalkuntzaren egoeraren irakurketa arras desberdinak eginen lirateke, eta denek postura hartu beharko lukete, zapaltzailearen ala zapalduaren alde. Eta zenbat eta gehiago aipatu, jendea orduan eta ohituago litzateke entzutera.
Hitza gure hiztegitik ezabatu izanak ametsa bihotzetik kendu digu eta proiektua desagerrarazi
Euskaldun frangok kolonizazioan berean parte hartu izanak (Lapurdi kostaldean hain zuzen “beltzenia” deituriko hainbat tokik azaltzen duten bezala) ez du errexten kolonizatua izatearen kontzientzia. Afera hori dimentsio anizkoitzekoa da, Euskal Herriaren gizartean berean batzuk izan dira arrunt gabetuak (baliabidez eta kulturaz), eta bertze batzuk, aberatsagoak, kulturalki kolonizatuak izatearekin eroso, batez ere horrekin batera beraien burua kolonizatzaile izateko parada lortzen bazuten.
Egun on Nicolas,
Euskal herritar batzu kolonizatzaile izan badira, frantses edo español gisa izan dira, Frantziaren (edo Españaren) mesedetan, eta aparentziarik ere ez beste nazio/lurralde batzu euskal herriaren menpe ezartzeko. Euskal Herriak ez du koloniarik nun euskara inposatzen den. Beraz Elcano, eta aljeria egin duen aitatxi JanPier euskal kolonizatzaileak bezala kontsideratzea gezurra da. Izan badira Frantziaren izenean, edo frantziak inposaturik izan da. Hauen artean batzu aberastu izanak, edo ustelkeria batzu egin izanak,”gegen” partida batzu tarteko, ez du Euskal Herriarekin zerrikusirik, Frantziaren ardura da.
Afera konplexua izan daiteke norbanakoen mailan, kolonizazio “mentala” afekto positiboeri esker egiten baita (aberasteko posibilitatea burgesiarendako, estatuaren babes soziala langilego/prekarioendako), bainan irakurketa nazioen mailan egin badugu, aski “errexa” bat: hemen bada nazio bat, lehen bere instituzio proprioak zituenak, instiuzio horiek deseginak izan dira, eta estatu arrotzen instituzioek ordezkatu dituzte. Bertako kontzientzia nazionala (edo pre-nazionala, XVI. mendea aipatzean nazio kontzeptua anakronikoa baita), bortxa/ humiliazioa/ masakreak/deportazioaren bidez, baita bertako eliteen kolaborazioaren bidez, hauen aberastea medio.
Gure instituzioek, funtzionalak balira, euskaldunduko zituzten etorkin guziak, frantses/español… egoiten dira (eta urrunagotik datozenak frantsesten/ españoltzen dira) batere euskaldundu gabe. Eta bertakoek humiliazioaren gatik, haien jatorrizkoedo arbasoen hizkuntza/nazioa arbuiatzen dute, eta kolonizatzailearen identitatean urtzen, hots asimilazioa. Eta ororen buru frantses eta españolek EH menperatzen dute eta populatzen dute. Hori kolonizazioa deitzen da, salbu beste hitz bat asmatzen bada europan berean gertatu diren kolonizazioentzat.
Euskaldunek nahi badute sozialki/politikoki igo, frantses edo españolen instituzioetatik pasa beharko dira, hots ez daitezke euskaldun gisa sozialki garatu, frantses gisa baizik. Afrika osoan deskribatuak diren kolonizazioaren mekanismoek, “metropola” deitzen duten lurralde frantsestuan ere balio dute, EHn barne.
Abertzaleentzat bizi dugun egoera kolonizazioa dela onartzeak beste hausnarketa bat dakar: frantsesak kolonizatzaileak badira, eta haien instituzioak inposatuak, instituzioetarat sartzeko baliatzen diren hauteskundeetan parte hartzea galdezkatu behar litaike.
Hasteko, batere hausnarketa estrategikorik gabe hauteskunde horietan parte hartzea ez dezakegu kontsidera kolonizazioari egiten zaion erresistentzia bezala.
Eta kolonizazioari kontzienteki erresistentziarik ez egiteak izen bat badu: kolaborazioa. Hori da problema kolonizazioarekin.
“Bertako kontzientzia nazionala DESEGITEN DA, bortxa/ humiliazioa/ masakreak/deportazioaren bidez baita bertako eliteen kolaborazioaren bidez, hauen aberastea medio”
Arratsalde on Xan
Bai noski kolonizazioan asmo propioz parte hartu zuten euskaldunak Espainia edo Frantziaren instituzioen barnean egin zutela, ez nuen nik bederen bertzerik erraten. Baina kolonia frantses edo espainoletan esklabutzan parte hartu zuten euskaldun horiek (eta berriz diot asmo propioz egin zuten armadore aberatsak eta bertze, ez noski soldadu gisan bortxaz bidaliak) aldi berean ez zioten halere euskaldun izateari utzi (horren lekukoetarik bat, “Beltzenia” deituriko gune horiek).
Eta hori garrantzitsua da.
EHan zeuden instituzio (Nafarroako erresuma, foruak, biltzarra etab.) guziak desagertu baino lehen ere, euskaldun batzuk parte hartzen hasi ziren, merkataritza “triangularran” adibidez, Amerikako konkistan, Lurreko bertze herrien kristautzean (kolonizazioaren bertze aurpegi bat). Horietarik apez eta misiolari hainitz. Tartaroren kronikan aipaturiko Dominique Iribarnez gain, Armand David Haltzueta, Inaxio Loiolakoa (misiolari izan baino lehen Nafar Erresumaren erasotzaile Gaztelarren ondoan), bertzeak bertze.
Lapurdiko biltzarrean parte hartu eta era berean Frantziako erregearen kortsario armadorea izatea, ez zuten kontraesantzat.
Bizkaiko jaunek Gaztelaren alde pasa zirenean, ez zuten halere euskaldun izateari utzi.
Horregatik erraten nuen afera hori dimentsio anizkoitzekoa dela.
Garai haietan, diozun bezala, ez zen gaur bezalako nazio kontzepturik, tokiko edo urrunago jaunekiko leialtasuna aldakorragoa zen, eta leialtasun hori norbere nortasunarekin bat ez egitea arruntagoa zen.
“izena daukanak izana dau”… izenik ezean, izanik ez