Ez dira euskal errefuxiatu politiko guziak iheslari. Batzuk deportatuak izan ziren Espainiako eta Frantziako gobernuen manuz. Geroztik desterruan bizi dira, batzuk hogoitahamar urte hontan. Hona hemen Andde Sainte-Marie, gure kronikalariak, haietarik bati idatzi gutuna.
Iñaki aspaldiko ! Aldi huntan hirekin harremanetan jarriko nauk ez telefonoz bainan idatziz, besteak erran zuen bezala “rutina” hausteko edo. Alabainan Enbatako kronikaegileen kudeatzaile zorrotzak “agindu” daitak, hilabete huntakoa euskal iheslarietaz egitea. Ba, espero diat azken telefono deiaz geroztik ongi haizela hire bigarren lur maitea bilakatua den herrialde hortan.
Ez deat zehazterik azken aste hauetan euskal iheslarien gaia, berriz nolazbait lehen planorat bezala agertu zaigula, Miarritzeko ekitaldia izan duelarik azken partizio gisa. Emaiten dik ekitaldia beti bezala ongi antolatua, apaindua eta zuzendua izan dela, aski jendetsua ere. Jada komentatu izan dugun bezala, jakin bazakiat sinesmen mugatua dukala Iñaki gisa hortako iniziatiben eraginkortasunean, hainbat aldiz erran izan datak, kontutan hartuko ziren aintzinamendu bakarrak izanen zirela diskurtso eta iniziatiba berrituak, iraganaz ikuspegi kritikoa parte batean behintzat eta norbanakoak hartuko zituen konpromezu ausartak. Bazakiat hire pentsatzeko moldearen berri aspalditik helarazi diekala hire erakundeari baita hire borroka lagun ainitzeri ere, molde diskretoan ahoberokeria guttirekin, haizen bezala funtsean.
Askotan aipatu izan dukan bezala, ez dik beti goxo eta ez duk baitezpada errentagarri goizegi arrazoin ukaitea edozoin entitate kolektiboetan funtsean. Halere, aldi huntan onartuko duk Iñaki, aspaldian hartu beharreko bihurgune estrategikoa hartu izan duela “hire” erakundeak baita inguruan duen masa sozial eta politikoak, parte batean ausardiaz eta beste parte batean zokoraturik eta halabeharrez. Ados izanen hiz ere, erraiteko bide horrek ez duela atzerabueltarik izaiten ahal, behar duen azken geltokirat heldu arte. Oroitzen hiza, Iñaki, duela jada 30 urte, bestelako ametsik ginuela hain maite dugun herri hunen geroaz. Segurtamenez beteak gintian gure belaunaldiko beste hainbat eta hainbat bezala, zonbeit urte porroska barne independentzia eta sozialismoa finkatuko ginuela Larrainetik Gasteizerat…doi doi exageratzen diat.
Geroztik haatik, errealitateak edo errealitate batek behintzat harrapatu gitik, bakotxa gure heinean. Hik, hire aldetik GALeko mertzenarioek “huts” eginik iheska eskapaka joan izan behar huen Iparralde huntarik, oraiko hire “urrezko kartzela” hortaraino. Hastapen batean kasik errege bat bezala errezibitua izan hintzan. Iraultzailea hintzan eta bertako poderean zirenak, direnak beti funtsean, iraultzaileak zitian. Estadoko ekitaldi ofizialetarat gomit hintzan, bertan nik dakita zonbat enbasadore baita gobernubururekin ere hizketan aritzen hintzan. Sentitzen hintzan baloratua, inguratua eta nolazbait babestua…Elkartasun haizeak Euskal Herritik ere ufatzen zian, politikoki ere haizea alde sentitzen huen.
Denbora joan ahala haatik, hire egoera hasi duk okertzen. Madrilgo gobernu ezberdinen presio diplomatiko etengabeek arrazoin ukan die emeki eta segurki hire horko “babesleen”gan: akordio komertzial bilateral batzuk gutti gora behera, xantaia diplomatiko doi bat hemendik, lorpen polizial bat handik… Gobernuko ministro baten aholkulari izaitetik langabezirat lehenik eta gauregun denbora erdizko langile xume izaiterat pasa haiz. Urteak gisa hortan pasa dituk, pasa zauzkiguk Iñaki.
Bai Iñaki, duela kasik 30 urte bezala
konfiantza eta segurtamenez betea nuk,
eta bazakiat hi ere konfiantza
eta segurtamen beren jabe haizela,
bide berriak idekitzen ahalko ditugula,
estrategi zaharkitu galtzaileak baztertuz
Azkenaldiko gure solasaldian aipatzen huen bezala gaur egun hire ibilbideaz, oro har, harro sentitzen hiz, hire hautuen hainbat ataleri begira autokritika zorrotza egina duk, eragindako minaz eta sufrikarioaz jabetua hiz eta hire bizitzako atal berri bat idaztea ere beti amesten duk, izaitekotz hemen hire sort-herri huntako Bizkaia aldean. Anartean, diokan bezala, hire gaurko kokaleku hortan leporaino hormatua, kasik betirako kongelatua (dixit Joseba Sarrionaindia) kausitzen haiz. Aterabidea, aterabide bat…hitz magikoa kasik. Gure solasaldietan ainitzetan erabiltzen dukan hitza. Miarritzeko ekitaldian ere aipatu eta aldarrikatu den hitza.
Bai zinez desio diat, Iñaki, hiretzat baita beste euskal iheslari guzientzat ere aterabide duin bat. Duina eta adostua. Adostuak erran nahiko likek “justizia” bidetik adostua, desmartxa pertsonal luze baten ondorio gisa, hire kasuan dituen arrisku judizial guziekin… Bazakiat horrekin hire buruan itzuli-mitzuli, buruhauste ainitz ditukala. Jakin bazakiat ere hire etxekoengandik presione amikal eta amultsua dukala “itzulerako” bidaia horren erabakitzeko. Ez diat dudatzen nere aldetik hire lekua hemen dela, hire ekarpen hoberena gure herriari hemendik dukala egingo.
Bai Iñaki, duela kasik 30 urte bezala konfiantza eta segurtamenez betea nuk, eta bazakiat hi ere konfiantza eta segurtamen beren jabe haizela, bide berriak idekitzen ahalko ditugula, estrategi zaharkitu galtzaileak baztertuz, herri hau pazientziaz eta politikaren bidez emeki eta segurki bere buruaren jabe jartzeko, ezberdinen arteko akordio ausartak bultzatuz, hautu horien baliagarritasunaz oraindik herritar ainitz konbentzituz. Ez duka uste adinaren poderioz efikazia eta pedagogia ahalmenak haunditu zauzkigula? Uste diat ere duela 30 urteko helburu berdinen lortzeko pragmatismo doi bat ere gai girela ukaiteko. Anartean, lagun, ez zakiat noiz horraratuko naizen elgar ikus dezagun edo agian hik beharko duk hunaino etorri hortarako, beti izan haiz erabakietan trebeago eta ausartagoa. Agian orduan berriz joango gituk Bidarraiko pesta famatu haietarat, duela 30 urte bezala, oroitzen?
Gibelerat itzultzerik ez dugunez, aintzina jo bakarrik, besarkada anaikor batekin agurtzen haut. Ez adiorik.