Ikastola gehienetan hitzordu indartsua bilakatu diren “Ate Idekitzeen” aste honetan, Enbata.info-k hitza eman dio Hur Gorostiagari. Seaskako zuzendaria eta Euskal Konfederazioko kideak argi uzten du ikastolak diren euskararen transmititzeko tresnak zer erronka dituen : “Haur bati ikastolan sartzea ukatuko bagenio, haur hori frantsesduna izatea kondenatzea litzateke”.
Seaska 45 urtez euskararen murgiltze eredua segurtatzen Iparraldean. Gaur egun 31 ikastolek osatzen duten federazioa da :
- 27 lehen maila (2-10 urte), 3 kolegioen (11-14 urte) eta lizeoaren (15-17 urte)
- 3 300 haur ama ikastolatik batxilergoa arte
- Azken 10 urteetan Iparraldeko haur eskolatuen %5 izatetik %9ra pasa da
- EHI kooperatibako partaide
- Biharko Ipar Euskal Herrian euskaraz ariko diren profesionalen iturburua
45 urte eta gero zergatik/zer heinetan Seaska tresna baitezpadakoa da Iparraldeko euskalgintzan?
Euskararen familia transmisioa eten denean, ikastolak dira euskararen transmititzeko dugun tresna bakarretarikoa. Ipar Euskal Herrian ez dago D eredurik, ikastoletatik kanpo. Beraz Seaska da Euskalgintzaren motorra Ipar Euskal Herrian.
Euskara oraino ofiziala ez den lurralde honetan zerk dio hainbeste indar/erreferentzialtasun emaiten Seaskari ?
Iparraldeari begira, berrikitan plazaratu diren datuek argi utzi dute azken urteetan Seaskak lortu duen arrakasta. 2004/2005 ikasturtean, lehen hezkuntzan (sare publiko, pribatu eta ikastoletan) 24 229 ikasle ziren. 10 urte berantago, 2014/2015ean, 25 361 ikasle daude lehen hezkuntzan. 1 132 ikasleko hazkunde horren %80a ikastolek bereganatu dute (+881 ikasle), eskola pribatuek behera egin dute (-40 ikasle) eta publikoan pixka bat gora (+291 ikasle). Hegoaldearendako ere erreferentzia dira, Euskal Herriaren ikuspegia ardatz duen Iparraldeko eskola bakarrak baitira ikastolak. Ildo horretatik, Ikastolen Elkartea Europar Kooperatibaren sortzaile dira hastapenetik Seaskako 31 ikastolak.
Nahiz eta ofizialki denak hizkuntz aniztasunaren alde izan, joan den urtean hainbat ikastolek oztopoak ukan dituzte administrazioaren lege interpretazio hertsia dela medio. Ainitz oihartzun eta sustengu bildu dituen Ziburuko kasua haietariko bat da. Zertan da egoera orokorrean eta nola gainditzen ditu holako egoerak orokorki Seaskak ?
Azken urteetan izan dugun hazkundeari erantzuna da, Administrazioak ikastolei traba berriak ezartzea. Epe batez ikastolak garatzen utzi dituzte tipi geldituko zirelakoan. Baina geroz eta pisu handiagoa hartzen ari gara eta hori ez dute gustoko Pariseko bulegoetan. Seaskaren indarra beti izan da elkartasuna. Ikastola tipi edo handi, denek batera egiten diote aitzin zailtasunari. Iparraldeko ikastolek diru iturriak mutualizatzen dituzte ibilmoldean, laguntza gutien jasotzen dutenak sustengatzeko, eraikuntzetan ere Herri Urratsen bidez, edo Parisek ukatzen dizkigun irakasle postuak denen artean gure sakeletik ordaintzeko tenorean. Argi da traba ororen gainetik ikastoletan sekulako lana egiten dela, bai euskararen transmisioan, bai kultur transmisioan, burasoen partehartzean bai eta herri dinamizazio mailan ere. Herri batean ikastola idekitzea, herri horren euskaldun bihotza berriz martxan ezartzea da. Eta Ipar Euskal Herriak, ikastolen taupadak behar ditu, ahal bezain bat, geroz eta gehiago.
Zibururen kasuan zein aterabide hartu du Seaskak ?
Zibururen bidez argi gelditu da zein egoera ahulean dauden ikastolak eta zein egoeratan dagoen euskara Ipar Euskal Herrian. Afera ez da bukatu eta Ziburun ikastola bizirik ikusi nahi badugu lanean segitu beharko dugu. Azken aterabide gisa lur bat erostea erabaki dugu. Epe motzean gelditu gabe, geroari so egin behar diogu gure helburu bakarra, Ziburun ere, 6000 biztanleko hiri horretan ere, ikastola bat izatea baita. Erronka ikaragarria da, euro bakoitza, xentimo bakoitza kontatuko dugu, baina Euskal Herri osoko sustenguarekin lortzea espero dugu.
Zein dira geroari buruz Seaskak dituen erronka nagusiak ?
Haur bati ikastolan sartzea ukatuko bagenio, haur hori frantsesduna izatea kondenatzea litzateke. Beraz azken urteetan bezala, ikastola berriak idekitzeko lanean segituko dugu, ahal bezain bat herritan. Hastapenean 3 edo 4 ikasle badira ere, ikastolen arteko elkartasunari esker egitura tipiak handitzea lortuko dugu. Bigarren hezkuntzan eta batxilergoan ere beharrak geroz eta handiagoak dira. Eta ondoko urteetan Lanbide Heziketa euskaraz sortzea izanen dugu helburu.
Ate idekitzeei buruzko xehetasunak / Compléments d’informations sur les portes ouvertes :