2013ko azken asteetan, Ipar Euskal Herriko ezagupen instituzionala aldarrikatzen duten sektoreak mobilizaturik egoten ziren bitartean, frantses gobernamenduaren aldetik mugimendu batzuk ikusi ahal izan ditugu, ondoko hilabeteetan irekiko den sekuentzia berria iragartzen dutenak.
BATERAk Maulen antolatu manifestaldia baino zenbait egun lehenago, lehen ministroak gutuna igorri zien Garapen eta Hautetsien presidenteei. Gutuna bera keinu politikoa zen, euskal dosierra ordu arte nola nahizka kudeatu zuten Barne eta Dezentralizazio ministroen eskuetatik kendua zelako irudia emaiteko. Gutunean Ayrault-ek Ipar Euskal Herri mailako kontratu bereziari buruz Estatuaren jarrera argitu zuen eta honen printzipioa baieztatu. Gisa berean, tokiko gobernantza egitura azkar baten beharra ere azpimarratu zuen. Azkenik, Euskal Herrian hainbeste haserre piztu zuen elkarrizketari ukoa bertan behera utzi zuen prezio merkean, delegazioa errezibitzeko kontseilari bat izendatuz. Haatik, hitzik ez Lurralde Kolektibitateari buruz.
Urte hasieran, kantonamenduetako berrantolaketa dela eta, bazterrak inarrosi zituen lehengo proiektua baztertua izan zela eta mapa berriak euskal lurraldea ontzat emaiten zuela deskubritu genuen.
Euskararen alorrean aldiz, konfirmatu da, nahiz eta honen logika ulertzea neke den, ikastolen kontrako ofentsiba eta berrikitan Calendretari irizpide berdinak aplikatu izanak, errepublikar berdintasun sakratuaren ariketa izaiteaz gain, euskaltzale guziei desafio bortitza botatzen die. Ikastolen diruztatzeari begira azken 20 urtetako statu quo apurtu ondoren, hautsi mautsi berri bat prestatzen ari omen da prefeta. Zer izan daiteke ez bada ikastolak itotze ekonomikora kondenatzea ?
Denbora berean, ekainean Filipetti batzordeak behin betiko baztertu zuen eurokartaren berresteko aukera mahai gainean jartzen ari da berriz ere, diputatu sozialista batzuen eskutik. Maleruski, lurralde hizkuntzak benetan ezagutu eta lagundu ordez, operazio politiko baten kutsua hartzen du aferak : alde batetik Bretainiako boneta gorrien ustegabeko mobilizazioa indargabetzeko trikimailua eta bestalde hainbeste arlotan hitz emandakoaren kontrako politika eramaiten duen presidente baten promesa bat nola edo hala xuritzeko entsegua dirudi. Paradoxa handia gerta liteke nun eta 20 urtez aldarrikatu den eskaeraren gauzatze traketsa egiazko atzerapausoa bilaka daitekeen.
Laborantza Ganbarari doakionez, berritasunak gerta zitekeelako zurrumurruak kurritzen baziren ere, ezer ez da konfirmatu.
Bainan lurralde gobernantza atalean da kontra ofentsiba nagusia prestatzen. Azken bi urteetan instituzio aldarrikapenak lortu duen sostengu eta mobilizazio zabalek Estatua erantzun politikoak atxemaitera behartua dute. Ez da gutxiesteko garaipena. Dirudienez, lurralde antolaketari buruzko lege berriak sortu duen “Lurralde oreka poloa” (pôle territorial d’équilibre) Ipar Euskal Herrian sortzea proposatzeko asmoa du prefetak. Garapen nahiz Hautetsien kontseiluetan konpetentzia oso batzuen kudeaketa edota finantzamendu berezien posibilitateak aipatzen ditu behin eta berriz, batzuk eta besteen interesa pizteko, Lurralde Elkargoa izanen ez den egitura misteriotsu bat iragarriz.
Azken bi urteetan instituzio
aldarrikapenak lortu duen sostengu eta
mobilizazio zabalek Estatua erantzun
politikoak atxemaitera behartua dute.
Makiabelismo kutsu argia du jokaera honek : hautetsien artean Lurralde Kolektibitatearen alde sortutako adostasun zabala lehertuko dela eta holako egitura konplexua xutik ezartzerakoan, bakoitzaren tokiko interesek gaina hartuko dutela pario egiten du. Beste aldetik ikusita, gogoeta sakona saihestezina da : Estatua ezetz borobiletik proposamenak egitera mugituz gero, edozoin gatazka sozial, sindikala edo politikotan bezala, estrategiaren inguruko hautuak ikertu eta trinkatu beharko dira. Balizko proposamen hori erdibide bat izanen ote da urrunago joateko ala karrika itsua eta zepo politikoa ? Nola atxiki jendarte zibila eta hautetsien arteko aliantza eta zer nolako estrategia eraginkorra plantan ezarri, hautu taktikoez haraindian funtsezko helburuak lortzeko ? Boikota hutsa antolatu behar ala mahai gainean jartzen dutena hartu, badaezpada ere ? Ekuazio konplikatu honi 2014ko urtean gaineratuko zaizkio herri hauteskundeetako emaitzak eta ondorioz Hautetsien Kontseiluaren osaketa (74 hautetsietarik 44 dira berritzekoak), perspektiba berriak irekitzera doazen Udalbiltzaren aurrerapausoak, Bretainian eta Korsikan burutzen ari diren prozesu politikoak, Eskozia eta Kataluniako erreferendumen lurrikara ahantzi gabe.