Hamalaueko gerla gure familian

UrruñakoHilerMonumentoaOrain dela ehun urte hasi zen hamalaueko gerla, sarraski ezin sinetsiak eraginez. Infernu zikin horretan, elkartasuna zen bortxazko gerlarien indar bakarra, eta sekulako adiskidantzak sortu ziren hor, bereziki ene oseba horien eta “manex” batzuen artean.

1914-1918ko lehen mundu gerla hori, “Hamalaueko gerla” deitzen genuen. Ama zenak (1904-1998) – Mailüsa Iratçabal-Gette (Jeta) – aipatzen zigun ardura. Hamar haurretarik azkena zen. Bi ahizpa zituen eta zazpi
neba : Janpierra (nire gozaita), Dominika handia, Dominika txipia, Pette, Pheti(ri), Allande, Johañe. Zazpi anaiak gerlara deituak izan ziren. Haatik gazteenak – Johañek – ez zuen gudukatzerik ukan : armen aprendizgoan ari zela, dena bukatu zen. Pette eta Pheti(ri) han hil ziren. Gainera lehenbiziko guduketan desagertu zen ahizpa zaharrenaren senarra, Pierra Bidalun (1881-1914) : gorpuzkinik ez zioten aurkitu.

Bere aldetik aita zena (1903-1997) – Marti Davant-Sahores – bederatzi haurretarik zortzigarrena zen. Sei arreba zituen eta bi anaia. Bata bost urteetan hil egin zen. Bestea Pierra (1888-1969) gerla osoan soldadu egon zen borontean, Lorraine eskualdean, eta gero hango neska batekin ezkondu. Larrabile Zabalainea etxaldeko premua baitzen, emaztearekin hemen plantatu zen eta seme bakarra etxe honetan jaio zitzaien. Baina izeba ez zen Euskal Herrian laketu, eta urte baten buruan hiruak Nancyra joan ziren bizi guziko. Artetarik sortetxera etortzen zitzaizkigun udako oporren hartzera. Osebak bere gerla gutitan aipatzen zigun. Ez zuen euskaldun
gehixenek bezala lubakietan egina, artillerian zegoen. Infanterian baino epopeia gutiago izan ohi da hor, miseria gutiago ere bai, ekintza teknikoa behar baitu nagusiki, dirudienez. Dena dela, oseba Pierrak ez zigun balentria handirik kontatzen, gizon diskretoa baitzen gainera.

Amaren anaietarik bat ere – Dominika txipia – artillerian zegoen, beste seiak infanterian. Dominika Verduneko gudukara zoala, bidean kurutzatu zuen Janpierra, hau atzera zetorrela errelebo bati esker egun zenbaitez atseden hartzera, eta zaharrenak gazteagoari erran zion : “Verdunera hoa ? Dolü deiat !” Han infernua zen, haatik ez han bakarrik. Baina soldadu bakoitzak berea ikusten du, hortik at oso guti, burua zinez apal ibili behar baitu, ardura lokatzean erdi herrestan, batzuetan gorpuzkin ustelduak zangopilatuz, edo zilo batean egon, erdi lurperatua. Gerlaren ederra ! A zer epopeia ! Infernu zikin horretan, elkartasuna zen bortxazko gerlarien indar bakarra, eta sekulako adiskidantzak sortu ziren hor, bereziki ene oseba horien eta “manex” batzuen artean. Alta bada, oso ezaguna da zuberotar zaharrek “manexen” aurka zuten aiherkundea, eta joera  ezkor hori ez zaigu arras galdu, zoritxarrez, denborarekin gutitzen ari bada ere. Bizkitartean nire oseben lagunik handienak ziren lubakietan ezagutu zituzten baxenabartar eta lapurtar batzuk. Haiez gogotik mintzo ziren ardura.

Eginbideari fidel

Oseba Janpierra gozaitak behin eta berritan kontatu zigun “manex” lagunaren eta ofizier gaiztoaren arteko gertakari bortitza. Ofizier horrek soldaduak lubakitik jalgitzera behartzen zituen errexki, erasora bultzatuz, eta bera laster atzera itzuliz. Behin delako “manexak” osebari erran zion : “Ago, ago, alaxinkoa, hori ez duk berriz itzuliko !” Laster ofiziera “mort pour la patrie” aurkitu zuten. Inork ez zuen besterik jakin, ezta susmorik hartu ere. “Manexa” isilik egon zen, Janpierra halaber, berea gogoan, eta nik uste nigarrik egin gabe : kontatzeko eratik iduritu…

Familiako festetan – jaunartze / komunianka handien eta herriko jaien kariara – osabek bazkaria maiz bukatzen zuten gerlaren inguruko solasez. Batzuetan ni nintzen haurrak infanteriakoen aldetik artilleriakoei buruzko inbidia bat bezala sentitzen zuen. Egia da hauek ez zirela hain lurperatuak bizi, etsaia ez zutela metro zenbaitetan goait. Baina pentsa dezakegu etsaien artilleriak lehen lana zer zuen : bestearen ezabatzea, gero infanteriari lotzeko lasaiki. Maiz granadak oso hurbil zartatzen zitzaizkien bi oseba horiei ere. Ez ziren lubakietakoak bezain zikinki bizi, baina lanjer handian halere, bereziki kanoiak lekuz aldatu behar zituztelarik: hor inolako aterperik gabe zebiltzan. Gerla goxorik ez zuten horiek ere. Beste osebek hein hori bazekiten, eztabaida ez zuten gogortzen. Haatik beste zenbait aldiz, ardoa lagun, bazkaria luzatu arau oseben solasa berotzera zoan. Entzun eta ikusi dudan ederrena Coupau bi anaien artekoa izan da. Larrabiltarrak ziren, Zabalaineko bi ahizparekin ezkonduak. Zaharrenak, Allandek, hamalaueko gerla egina zuen, gazteagoak, Dominikak, berrogeiekoa. Bata eta bestea presoner hartuak izan ziren, nor bere aldian. 1940ko udaberrian Frantziako lur armadak ustekabean jasan zuen K.O. harrigarri hartaz ari ziren. Allandek besteari erran zion : guk hamalauan egin genuen bezala, lubakietan alemanei buru eman behar zenuten ! Dominikak erantzun : eta hik, zer eginen huen hire zizparekin, tanken eta hegazkinen aurka ? Lehenak ez zuen deus entzun nahi, eta gazteagoa kanpora joan zen haize hartzera…Gaiztoa izanez erraten ahal ziokeen : eta hik zer egin huen ? Nik bezala besoak altxa eta errendatu hintzen ! Baina hara : Allandek hamalaueko gerla irabazia zuen … entregatu ez zirenei esker.

Festa bazkari ondarretako solas klasikoetarik at, aita-ametarik entzun dut solas pertsonalagorik. Amak kontatzen zigun bi anaia behin armadako “permisionez” atseden hartzera etxeratu zirela. Horri esker, Otsagabiara ihes egiteko xedea hartu zutela, baina gurasoek eginbideari fidel egotera lehiarazi zituztela. Gerlara itzuli ziren beraz, eta gero han hil. Biak ofizialki “Pierre” ekarriak ziren paperetan, baina egiazko izenak euskarazkoak zituzten : Pette (1892-1917) eta Pheti(ri) (1894-1916). Horien sortetxea – beraz ama gurearena – Altzai Üstübilea, Arbaila mendi multzoan gora dago, hegoaldeko maldan, 600 metrotan gutienetik, Ahüzkirako bidean, beraz ongi kokatua Nafarroa Garaiko mugara ordu zenbaitez heltzeko. Baina hara, garaiko giroa hain zen hetsia non zuberotar oso guti baliatu ziren mugaren gainditzeko errextasunaz.

Euskaldunen frantsestea

Berezitasun hori klarki agertzen du Maule-Lextarreko Ikerzaleak taldearen ikerketa batek. Horren lekuko dago 2006an agertu duen liburuxka : Mémoires de la Soule, 1914-1918 (1). Eta hor, abertzaleak ez diren ikerlari horiek ahoan bilorik gabe diote gerla horrek Iparraldeko euskaldunak, “les Basques”, euskaldunfrantses egin zituela, “Basques-Français”.

Ama gureak beste ondorio ezkor bat ere gerlari zor zion : hamabi urteetan etxea utzirik, neskame joan behar izan zuen behera, Altzaiko erdigunera. Nekezaurreko oseba-izeben  etxean kokatu zuten, egia da, baina halere zinez gogor izan zitzaion adin oso txiki horretan. Aita gureak bere aldetik kontatzen zigun bere jaunartze / komunianka handi egunean jasan zuen zirrarra bortitza, inguruko jendeak bezala naski. Larrrabile Zabalainea Ürrüstoiko elizatik urrun baitago, familiako bazkaria Elixaltea ostatuan egin zuten. Apairu denboran, ostaler bikoteari mezulari bat etorri zitzaion, berri latz batekin : gerlan zegoen semea hil!

Ürrüstoiko eliza barnean badago gerlako hilen oroitarri bat, hegoaldeko paretari lotua: 17  izenabizen dakarzki, horietan hiru aldiz bi anaia : Larlus, Longy, Paparemborde. Hameka Ürrüstoi-Larrabile udalerrikoak dira, sei Larrorikoak. Hau Mitikile-Mendibile-Larrori udalerrikoa da, baina parrokiaz  Ürrüstoiko elizari lotua zegoen 1958raino. Eskolaz halaber Larroritarrak ürrüstoizale ziren berant arte, nire haurtzaroa barne.

Bukatzeko, emaztearen aita, Amendüze Jauberriko (Jauregiberriko) Jean-Pierre “Panpilli” Idiart (1898- 1957), 18 urteetan gerlara deitu zuten. Militar kargudunek galdetu ziotelarik nor zen, ihardetsi zuen euskalduna zela. Gaizkitu zuten : nolaz bada ez zekien frantsesa zela ? Gero bi zauri jasan zituen : bat eskuan, alanbre horzdunetan hatz bat galduz ; bestea ixterrean, bala batek eginiko ziloa. Bestalde bizia salbatu zion Domintxaine Beheitiko Etcheverry bati. Lagun hori eraso batean eroria, hiltzat utzi zuten. Panpilli hurbildu zitzaion, pixkaño bat mugitzen zela ohartu, eta bizkarrean hartuta lubakira ekarri zuen. Asma dezakezuen bezala, adiskidantza handi bat atxiki zuten beti.

(1) Mémoires de la Soule, 1914-1918 – Une petite vallée du Pays Basque dans la guerre –Articles, documents et témoignages– Ikerzaleak, Maison du Patrimoine / Ondarearen Etxea – 64130 Maule-Lextarre – Coordination : Robert Elissondo

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).