Euskal Herriak historia bat badu, euskaldunek gure historia badugu. Biak bat ote dira? Ez beti. Usu eta maiz Euskal Herriko / euskal lurreko zati batzuk, “probintzia” zenbait, arrotz erresumen peko egon dira, horien historia jasan behar ukan dute. Halere horko euskaldunak hein handi batean beren gisa bizi ziren.
Baina historia ofiziala, gaineko historia, hots agertzen den hura, nagusi arrotzena da, historia irabazleek eta boterea hartu dutenek izkiriatzen baitute. Politikara mugatzen da gutiz gehienetan.
Halere historia ofiziala ere konplikatu da, hiru erresuma handik sudurra hemen sartu baitute: batetik Castilla edo Gaztelako erresumak, gero Espainiakoa izanen denak; bestetik Frantziako erresumak; eta bien artetik Erdi Aroan Ingalaterrako erregeak ere bai, Akitaniako duke izanez.
Euskaldunen historia sakonaren ezagutzea oraino nekeago da, historia ofizialaren azpitik jalgi behar baita, beraz bestearen kasuan baino anitzez gehiago xerkatu, bereziki ekonomian, usantzetan eta kulturan.
Adibidez parrokietako, udalerrietako eta notarioen paperak xeheki zirikatu behar dira, izigarriko pazientziarekin eta beste lanik egin gabe… Hor jadanik gure historiaren idazteko bi manera ezberdin ageri dira: batetik lurrarena bere erakunde politikoekin, bestetik jendeena beren bizitzeko manerekin.
Hegoaldeko historialariek Iparraldea ez dute hainbat ezagutzen, eta beraz gutiesten dute, frankotan okertzen ere ez endelgatzeagatik.
Iparraldetik gure denboretan bi gizonek ongi aztertu dute: Eugène Goyheneche uztariztarrak eta Mañex Goyhenetche ezterenzubitarrak. Lehenak lurraldeka egin du gehienik, Le Pays Basque liburu lodian, bereziki erakundeen eta gertakizun politiko-militarren arartez. Bigarrenak aldiz bost liburu ertainetan horizontalki, transbertsalki, trabeska, zeiharka, probintzien arteko mugen gainetik hedatu ziren bizimoldeak eta usantza sozialak ikertuz. Haatik hirugarren bat ere badugu, Pierre Narbaitz azkaratear apeza, Nafarroako historia zinez aztertu duena, bereziki Nabarra ou quand les Basques avaient des rois liburuan: ez dezagun ahantz hor mende andana batez bizitu dela euskaldunen erresuma bat, luzaz gure ardatza izan dena.
Haatik gure historia non hasten da, eta non bukatzen? Oro har, uste dut ez dugula hertsikiegi mugatu behar. Adibidez iduri zait diasporako euskaldunen historia ere gurean sartzen dela, nahiz ez den Euskal Herrian edeiten eta kabitzen. Ber gisan diot munduko bi gerlen historia gurea dela, euskaldunak ere zinez hunki baigintuen. Halaber Aljeriako gerla, euskaldun gazteek horretan parte hartu baigenuen milaka. Gainera euskaldunek itsasoan historia zabala badugu, parte handi bat Euskal Herritik urrun egin dena, eta barnekoek sobera bazter uzten duguna, balinba gaizki ezagutzen dugulakoz. Bestalde gure historia ez da hainbat abertzalea izan, berriki arte gure aitzinekoak zinez euskaltzale baitziren, haatik ez abertzale, salbuespenez kanpo. Gutiz gehienek aberriaren ideiarik ez zuten, izan ledin Euskadi ala Frantzia: izena ere Sabino Arana Goirik asmatua da XIX. mende bukaeran. Gure arbaso hurbilek, munduko lehen gerlaraino (1914-1918), kantonamendua zuten beren egiazko patria edo matria, zuberotarrek gehienetik ere Zuberoa, anitzek oraino «Üskal Herria» deitzen duten lurralde txikia… Beraz ez dugu historia nazionalista bat idatzi behar, baina historia nazional bat, ez baita ber gauza.
Pastoral zenbaiten ondotik hor aipatu den historiaz entzuten dira kritika hertsi batzuk: ez zela aski abertzalea, edo ez zela gure historia. Ideologiak ez gintuke itsutu behar, ez leikegu errealitatea ezkutatu behar, euskaldunak mundutik bazter bizi bagine bezala. Bestalde historiatik ateratzen ahal ditugun irakaspenak ez dira beti klar eta sinple. Beraz kasu egin behar dugu politikan baliatzeko tenorean. Gainera historiaren edukia aldatuz eta kanbiatuz badabila, iragan denborez gauza eta jakintza berriak aurkitzen eta edireten diren arau. Etsenplu txikiño baten aipatzeko, botoirik ez omen zen erromatarren denboran, ez eta Erdi Aroan. Beraz geroztik asmatua izan zela ikasi genuen. Baina hona non berriki Otsozelaiko karbean, Izturitzen, jakintsuek botoi batzuk aurkitu dituzten hamabost mila urtetako lur geruzan. Eta holako zenbat gauza ez da kausitzen edonoiz!
Beraz azken hitza ez da errana, historia beti aitzina doa, egiazko zientzia bat egiten ari da ikertzeko ahalmen berri askori esker, Euskal Herrian ere.