Syriza-ren podere-hartzeak itxaropen handia sortu du, Europatik inposatuak zaizkigun politika neo-liberalei gogorki buru egitea erabaki duen lehen Herriak burua altxatu baitu. Troikak Greziatarreri inposatzen dizkien sakrifizioak Nazioarteko Diru Funtsak beste herrialde behardun batzuetan beti izan ohi duen jokamoldearekin parekatzen ahal dira.
Abertzale ezkertiar bezala
gure elkartasun beroena adierazi behar diogu Greziari,
finantza merkatuen diktaduraren parean,
Greziar herriaren borondatea nagusitzea baita
eramaten duen borrokaren funtsa.
Azken urteetan, diru freskoaren truke Troikak (Europako Banku Zentrala, Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa) “egiturazko” planak inposatu dizkio Greziari bat bestearen ondotik. Horien logika sinplea da : Estatuak arlo sozialari lotuak diren gastu publikoak zorrozki murriztu behar ditu, bere aitzinkontuetan zorraren ordainketak (interesek bereziki) hartu duen pisua asumitu ahal izateko. Azkenean, politika liberalen betiko errezeta gauzatzen ari da Greziaren kasuan. Errezeta hori txoke-terapiaren errezeta da, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eskutik 80. hamarkadan heren munduari, edo 90. hamarkadan ekialdeko herriei inposatu zaiena. Greziaren kasuan txoke terapia biziki bortitza izan da, gerla batek eragin dezaken hondamendiaren heineko gainbehera ekonomikoa eraginez : 2010az geroztik ekoizpen industriala %30az apaldu da, Barne Produktu Gordina (BPG) %25az jautsi da, langabezia eta pobrezia ikaragarri emendatu dira. Honen aitzinean lehen galdera da : ba ote zen beste biderik Greziarentzat eta Europako gainerateko herrientzat ? Dudarik gabe, bai !
Zilegitasun demokratikoa
Horren lehen adibidea Ekuador dugu. 2007an Rafael Correa podorera iritsi zelarik, Ekuadorreko zorra aztertu ondoan, zor publikoaren %70a zilegitasunik gabekoa zela dekretatu zuen. Beste kasu bat hurbilago : Islandia. 2008ko finantza krisiak bortizki kolpatu duen herri ttipi (350.000 biztanle) honetan bi erreferenduma antolatuak izan dira, herritarrei zorra osoki ordaintzearekin ados zirenez galdegiteko. Lehena, 2010eko martxoan, eta bigarrena 2011ko apirilean. Bi aldietan gehiengo zabal batek ezezkoan erantzun du. Ondorioz, zilegitasun demokratiko honetan oinarrituz, Islandiako Estatuak zorra osoki ordaintzea ukatu du, Islandian inbertituak diren finantza inbertsioei handik ihes egitea debekatuz, eta zorraren hainbat atal (adibidez kreditu pribatu batzuk) osoki ezabatuz. Neurri horien eragina oso baikorra izan da, Islandiako ekonomiak berriz ora egin baitu, langabezia apalduz. Eta hain zuzen ere, Islandiak zorra osoki ordaintzeari uko egitea erabakitzen zuen momentu hartan, Atenaseko gobernua eta Europar instituzioen arteko negoziaketak tenkatzen hasi ziren. Ordu hartako gobernu-buru sozial-demokratak – G. Papandréou – Greziari inposatu murrizketa neurrien ondorio latzak irudikatzen hasi zen. Eta 2011ko udazkenean, G. Papandréou-k Grezian ere zorraren inguruko erreferendum bat antolatzearen mehatxua altxatu zuen. Honen aitzinean, A. Merkel eta N. Sarkozy-k G. Papandréou buruz-buru hartu, eta bere kargua uztera behartu zuten. Bere ordez, Europako Banku Zentraleko lehendakari-orde ohi bat lehen ministro gisa izendatua izanen zen (L. Papadimos). Azken urteetan inposatu zaion txoke-terapiaren ondorio ekonomiko latzengatik denek dakite Greziak bere zorra ezin duela osoki ordaindu.
“Erreforma” sozial berriak
Konstatazio honen haritik zintzilik gelditzen den bigarren galdera da, ezabatuko zaion zorraren partea nolakoa izanen den. Horri begira, zorraren parte baten ezabatzearen truke, Troikak Greziari egiturazko “erreformen” jarraipen maila bat inposatu nahi dio kosta ala kosta. Zergaitik ? Egiturazko “erreformen” bertan behera uzteak txoke-terapiaren erabateko porrotaren aitortza inplizitua suposatuko lukeelako.
Hortik aitzina, beste Herriek zergaitik segitu beharko lukete egiturazko plan horien gauzatzen ?… Hilabete hunen bukaerako Greziak 7,2 miliar euroko laguntza berri bat eskuratu beharko luke. Anartean, NDFri zor dizkion 1,6 miliar euro itzuli behar ditu. Syriza-ren gobernua eta Troikaren artean tirabira handiak egon dira iragan asteetan, azken honek laguntza berri baten truke “erreforma” sozial berriak exijitzen baitizkio : erretreten apaltze bat, BEZaren (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) emendatze bat, hitzarmen kolektiboen ezabaketaren berrespena. Azkenean, akordio bat erdietsiko ote da ? Ageriko… Dena den, abertzale ezkertiar bezala gure elkartasun beroena adierazi behar diogu Greziari, finantza merkatuen diktaduraren parean, Greziar herriaren borondatea nagusitzea baita eramaten duen borrokaren funtsa. Hots, han ere, autodeterminazioaren aldeko borroka dugu jokoan.