Gora Euskal Herria askatuta!

Enbata 2344 - 2019-04-01

ELAren Batzorde Nazionalak 2019ko Aberri Egunaren Adierazpena onartu du. ELAk borroka sindikal eta sozialen balioa goraipatu nahi ditu; izan ere, “hor dugu duela gutxi izandako martxoaren 8ko greba feminista, edota pentsiodunen borroka luzea, Hego Euskal Herrian oihartzun handia duena”. ELAk aliantzen inguruko debatea hiru oinarriren gainean kokatzen du: lehena, mugimendu sindikalaren autonomiak ezker guztia indartzen duela, horrek kontraesanak eragingo baditu ere; bigarrena, aliantzak aliatu guztiak sendotzen dituela, eta lehiak, aldiz, ahuldu; hirugarrena, egungo fase neoliberalean ekintza sindikalak greba-kutxaren moduko interbentzio tresnak behar dituela, horiek gabe ezin baita prekarietatearen aurkako zinezko borrokarik egin. Sindikalismo abertzaleak borroka-narratibaren ekarpen egin dezake; mugatua izango da, baina oso positiboa.

Aberri Eguna dela eta ELAk bere hausnarketa politikoa berritu eta Euskal Herri burujabe eta librearen proiektuarekiko atxikimendua berresten du.

Inboluzioa agenda nazionalean
Uneotan gure sindikatuak ezinbestean behatu behar du Madrilen independentismo katalanaren aurka irekita dagoen auzia. ELAren ustez epaiketa politiko honek frogatu du ideia bat bertan behera utzi behar dela: estatu honetan katalan zein euskal nazioa txerta daitekeela. Laster beteko dira berrogei urte estatutuen bidea hasi zenetik, eta ondorio batera iritsi beharra dago: orain arte ibilitako bideak behin betiko itxi dira. Porrot egin zuen borroka armatuak haustura bide gisa; porrot egin zuen estatutismoak aitortza nazionalerako bide posibilista eta mailakatu gisa; porrot egin dute marko juridikoa espainiar legeak aintzat hartuz erreformatzeko saioek, esaterako “Ibarretxe plana” zelakoak edota 2006ko Estatut katalanak; orain, berriz, 2017ko urriaren 3an Felipe VIak zuzenean emandako aginduari jarraiki, zigortzen ari dira prozesu zibil eta baketsu bat, duela urtebete kontsulta autodeterminista egiteraino iritsi zena. Arazoa, nazioei dagokienez, ez datza soilik Espainiako eskuin zahar edo berrietan. Izan ere, ezkerreko sektore zabalen arazoa ere bai baita, diktadorea hil zenetik bat baitatoz autodeterminazio eskubiderik ez dagoela, eta ez dela egongo.
Testuingurua hain latza izanik, etsigarria izan da Urkullu lehendakariaren jokabidea azken aldian. Batetik, auzi-saioan eman zuen testigantza. Argi geratu da ezen, behin bere bitartekaritza alferrekoa izan zela ikusi zenean (Kataluniari fitsik ematen ez dion estatu batekin), erabakia hartu zuela: ez zen lider politiko katalanekin, ez kontsultarekin solidario izango. EAEn antzeko prozesurik (aktibazio soziala eta konfrontazio demokratikoa) gertatzea nahi ez duenez, oreka galdu du, unibertso abertzaleak procésari buruz duen sentipenetik urrun dagoen posizioa hartzeraino.

Errelatoa, statu quoaren zerbitzura
Bestetik, martxoaren 11n, terrorismoaren biktimak oroitzeko egun europarra zelarik, berriro exijitu zuen “eragindako min bidegabearen aitortza”. Bere asmoa bazen printzipio etikoek politika eta aliantzak baldintza zitzaten, lehendakariak era berean ukatu egin beharko lieke homologazio demokratikoa gure herrian giza-eskubideen urraketa larriak gertatu izan direla ukatzen duten indarrei. Lehendakariak eta bere alderdiak aliantza politikari buruzko behin betiko erabakiak hartu dituzte, baina hain zuzen ez printzipio etikoen baitan. Aspaldi honetan EAJk PSE eta PPrekin duen ententeak estu elkar hartuta jokatzen du hainbat gaitan, esaterako zerga- edo aurrekontu-politikan, azken bi indar horiek negazionismoari eusten badiote ere. Horregatik, lehendakaria aitzindari duen “errelatoaren norgehiagoka”ren xedea bakarra da, alegia, ezker abertzalea politikan desgaitzea. Etika hartzen da ahotan, baina benetan beste zerbait bilatzen da: batetik, EAEn gehiengo autodeterminista eragoztea eta, bestetik, beste politika batzuk ez saiatzea edo hitzartzea, PSE eta PP ez diren beste indarrekin. Hau da, etikaren amarrua baliatzen da aliantza molde jakin bat eta agenda zeharo estatutista eta neoliberala iraunarazteko.

Eskuinen emergentziaz / gorakadaz
ELA kezkatuta dago ikusirik zer gorakada izan duten eskuin muturrek Europa guztian zehar eta estatuan. Ordea, hori ez da kezka bakarra, betiko ezker eta eskuinak gorakada horretaz baliatzen baitira beste defizit demokratiko askoren aurrean ezikusiarena egiteko. Esaterako, sindikatuak uste du ez zaiola behar besteko garrantzi politikoa ematen euskal erakundeek jendarte zibileko organizazioekiko gutxiespenari. Hor ditugu, adibidez, Karta Sozialak eramandako HELa eztabaidatzeari Eusko Legebiltzarrak eman zion ezezkoa (areago, Nafarroako Gobernuak sinadurak biltzea ere ez zuen onartu!); euskal elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko dekretua, zeinaren arabera posible den akordioak gutxiengo sindikalarekin iristea; administrazioek etengabe greba eskubideari jazartzea, edota gure herriko ordezkaritza sindikal nagusiarekin biltzeko ukoa…
Bereziki larria da nazionalismo instituzionalak duen jarrera antikolektibista, espainiar eskuinek aldarrikatzen duten politikaren ildo berekoa: gaur eta hemen sindikalismoari ukatu egiten zaio fiskalitateari edo azpiegiturei buruz iritzia emateko eskubidea… Duela aste gutxi hautetsi jeltzale garrantzitsu bat prest omen zegoen grebalari talde batekin bilera egiteko, baina baldintza batekin: gure sindikatuko arduradunik gabe joatea; honek agerian uzten du indar politiko horren joera autoritarioa. Bide batez, indar horretxek sindikatu nagusiari galdegiten dio moderazio funtzio bat bete dezala, eta ELAk noski ez du horrelakorik egingo. Honekin esan nahi dugu Euskal Herria ez dagoela inondik ere autoritarismotik salbu.

Autogobernuaren aldeko borroka berrindartu
Bestalde, datorren inboluzioa ezin da aitzakia izan estatuarekiko soberania gatazka epeltzeko. Erresistentzia ez da garaipena, erresistentziak arrazoiak metatzen ez baditu, tentsio instituzionala eta mobilizazio soziala bultzatzen ez baditu. Erresistentzia ez da garaipena gertatzen dena bada kulturaren, politikaren edo hizkuntzaren asimilazioa, edota babes sozialeko lan baldintzetan beherantz berdintzea. Esaterako, duela gutxi Senatuan Gernikako estatutua errespeta ez dadin onartu den mozioak eragin du Eusko Jaurlaritzaren erantzun bat, baina gure gobernuak esan ez duena da ez daukagula tresna legal bat ere estatuak legea bete dezan derrigortzeko. Euskal herritarrei hain egitate oinarrizkoa ezkutatzea, Espainiaren menpe gaudela alegia, gatazka lokartzea eta desitxuratzea da.
Nafarroan, eskuinek hauteskundeetarako aliantza iragarri izanak ez luke eragotzi beharko sakoneko balorazioa egitea UPN foru gobernutik kanporatu zuten indar politikoek eragindako aldaketaren benetako tamainaz. Batetik, urrats ukaezinak egin dira zenbait arlotan: demokratizazioa, euskara, kultura edota orain arte baztertuta egon diren jendarte zibileko antolakunde errepresentatiboekiko errespetua. Haatik, beste arlo batzutan defizitak salatu ditugu ere. Horien artean garrantzi handikoa izan da Iruñeko gobernuak duela gutxi hartutako erabakia -Gasteizko gobernuak bezalaxe-, bere horretan onartzea estatuak ezarritako aurrekontu mugak (baita Parlamentuaren aginduari muzin eginda ere), eta zerga-politikan aldaketa handirik ez egiteko borondatea. Agian horregatik dago CEN gobernuarekin pozik. Gastu soziala handitzeko aukera baztertu ez ezik uko egiten zaio are elementalagoa eta lehentasunezkoa den beste zerbaiti, alegia, jendarteari ikusaraztea Amejoramenduak zer nolako mugak dituen, eta horrek dakarren beharra gure autogobernua aitzinarazi eta zabaltzeko.
Nafarroan zein EAEn agerian ari dira geratzen dinamika instituzionalak eman ditzakeen fruituak. Prozesu nazionalak behar du, noski, instituzionaltasuna bere dimentsio guztietan (soziala, kulturala, politikoa…) , baina baita indarrak metatzea, mobilizazio militantea, koadroak finkatzea eta dinamika sozialak indartu eta ahulduko ez dituen ildo estrategiko bat finkatzea.

Memoria, biktimak eta presoak
Behin ETA armagabetu eta deseginda, bakearekin lotutako agenda oso blokeatuta dago, batik bat espainiar estatuarekin. ELA oso pozik dago Ipar Euskal Herriko interlokuzio pluralak frantses gobernuarekin lortu dituen emaitzekin. Baina ez gatoz bat errelatoaren norgehiagokarekin, hau baliatuz eragile politiko batzuk Hegoaldean eztabaida politikoa kateatu nahi baitute.
Lehenago esan dugu ezin dela onartu homologazio demokratikoa ematea PP eta PSOEri, oraindik tematuta baitaude iraganean izandako urraketa oso larriak ukatzen, edo egungo urraketak legitimatzen, esaterako euskal presoei aplikatzen zaien espetxe-politika. Urruntzea eta dispertsioa, gaixorik dauden presoen egoera… eskandalu hutsa dira ikuspuntu demokratiko eta humanitariotik.
Halaber, salatu egin nahi dugu eremu ofizialek egindako edo eragindako hainbat bortizkeriaren biktimak ez direla aitortu. Biktima guztiei zor zaie egia, justizia eta erreparazioa; urraketak berdinak izan direnean aitortza eta eskubide berberak eman behar dira. Egia eta erreparazioaren politikari ezarritako mugen beste adibide bat da Nafarroako Parlamentuak lege bat estatuak inposatutako mugen baitan egin behar izana.
Giza eskubideekin lotutako gaiotan oso jokabide zekena da nagusi. Gure iritziz estatuko indar politiko eta botere askok gai hauek onartu nahi ez izatearen zergatia da 1978an ezarritako erregimena oro har inpugnatzeko aukera eragozteko erabaki sistemikoa. Estatuko eremu eta botere guztiak (botere judizialetik hasita) kutsadura ideologiko eta punitibo berak hartuta daude, eta horixe da espainiar estatuaren, hots, arlo guztietako (ekonomia, soziala, kultura, hizkuntza) dominazio egituraren giltzarria. Altsasuko gazteen egoera da errealitate horren erakusgarri dramatiko bat.

Mobilizazio handiak eta aliantza gehiagoren beharra
ELArentzat pozgarria da hainbat mobilizazio sozialek izan duen arrakasta; hor dugu duela gutxi izandako martxoaren 8ko greba feminista, edota pentsiodunen borroka luzea, Hego Euskal Herrian oihartzun handia duena. Halaber aipatzeko modukoak dira Iparraldean errefuxiatuen aldeko mobilizazio eta proiektuak, “txaleko horien” mobilizazioa edota klimaren alde gazteek egindako martxa eta grebak; mobilizazio zikloa oso berezia da. Giro honetan kokatu behar dira ere gehienbat emakumeak protagonista dituzten lan gatazkak, zaintzaren eremuan eta arlo publikoan pribatizatu eta azpikontratatutako zerbitzuetan.
Aliantza sindikal abertzale egonkorrik ez dagoenez, lan munduak askapen nazional, sozial, kultural eta linguistikoaren aldeko borrokan egin dezakeen ekarpena murritzagoa da. Bestela izatea nahiko genuke. ELAk aliantzen inguruko debatea hiru oinarriren gainean kokatzen du: lehena, mugimendu sindikalaren autonomiak ezker guztia indartzen duela, horrek kontraesanak eragingo baditu ere; bigarrena, aliantzak aliatu guztiak sendotzen dituela, eta lehiak, aldiz, ahuldu; hirugarrena, egungo fase neoliberalean ekintza sindikalak greba-kutxaren moduko interbentzio tresnak behar dituela, horiek gabe ezin baita prekarietatearen aurkako zinezko borrokarik egin. Sindikalismo abertzaleak borroka-narratibaren ekarpen egin dezake; mugatua izango da, baina oso positiboa.
Hego Euskal Herrian handitzen ari da hauteskunde sindikalen epe trinko honetan sindikalismo abertzalearen eta kontzertazio sindikalismo espainiarraren arteko tartea. Lan harremanen euskal markoaren aldeko sindikatuok indartzen ari gara, baina euskal administrazioak estatuko markoaren aldeko postura egin du. Honek agerian uzten du soberanismoak duen potentziala, klase herrikoien helburu eta interes konkretu eta hurbilekin bat egiten duenean. Bestalde, oinarrizko arloetan (elikagaiak, moneta, energia) soberania lortu nahi duten beste mugimendu eta antolakundeekiko aliantza oso aukera ona da balio solidario, demokratiko, feminista eta ekologistek taxututako identitate nazionala sustatzeko. Hau da gure konpromisoa, oinarritik lantzea soberaniaren eguneroko osagaiak, eta behinena langileak antolatzea da.

Gora Euskal Herria askatuta!

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).