XUTI GAZTE
Uztailaren 14 honetan, Xuti Gazteko kideok besta egun inposatu honi uko egin eta gazteok burujabetza behar dugula aldarrikatu dugu.
Besta egun arrotz hau Ipar Euskal Herriko gazteon nahiaren aurka inposatzen zaigu. Izan ere, besta egun honen gibelean urte osoan zehar inposaketaz itotzen gaituen frantziar proiektua ezkutatzen da. Gazteon zapalkuntzan oinarritzen den eredua da Frantziarena, gure bizitzen kontura elikatzen den eredua.
Gazteok sistematikoki bortizkeria pairatzera kondenatu gaituzte: lanik gabe edo lan prekarioekin biziraun behar dugu, ikasketak burutzeko atzerrira jo behar dugu, ez dugu etxebizitza duinik topatzen, gure orientazio edo identitate sexuala gorde behar dugu erasotuak ez izateko, ezin dugu euskaraz bizi, eta hori gutxi balitz, egungo neurrigabeko ekoizpenak eta proiektu txikitzaileek gure planeta suntsituko dute. Oro har, erran dezakegu gure beharren arabera bizitzea ezinezkoa egin digutela.
Gainera, Frantziatik heldu den olatu atzerakoiak gure bizi baldintzak are gehiago okertuko ditu. Erretreta erreforma inposatzeko ezarri diren neurri autoritario eta antidemokratikoak, Nahel eta beste hainbeste gazteren aurkako poliziaren indarkeria, eskuin muturraren ideien zabalpena…
Garai ilunak biziko ditugu hau aldatu ezean.
Horregatik, gazte abertzale eta ezkertiarrok uko egiten diogu besta egun arrotz eta zapaltzaile hau ospatzeari. Gaurko eguna, beste behin, Frantziaren baloreak goraipatzeko baliatuko dute.
Eredu honen aitzinean, eraldaketa Euskal Herritik bultzatu behar dugu. Gazteon etorkizuna Euskal Herritik erabakitzea ukatzen diguten bitartean, guk argi dugu: gazteok burujabetza behar dugu!
Egungo sistemarekin hautsi eta eraldaketa bultzatzea dagokigu. Sistema honekiko menpekotasuna gainditu eta gure etorkizunaren inguruko erabakiak hartzeko gai izan behar gara. Gazteon bizitzak eta beharrak lehen lerroan jarriko dituen Euskal Herria borrokatzeko anbizioa dugu.
Balore aurrerakoietan oinarrituz eraikiko dugu gazteon herria : herri ezkertiarra, feminista, ekologista, euskaltzalea, anitza… Guzti horrek eramanen baikaitu lan baldintza duinak ukatera, etxebizitza eskuragarriak izatera, etorkin gazteen harrera bermatzera edota gaztetatik euskalduntzera.
Horregatik, frantziar proiektuaren inposaketa gauzatzen duten hainbat administraziotara etorri gara, Suprefetura, Kontseilu Departamental, Epaitegi eta Hezkuntza Ikuskaritzara hain zuzen ere, eredu honi aurre egin eta Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatzera.
Aldarrikapen guzti hauek egi bihurtzeko gazte abertzale eta ezkertiar guztiok elkarrekin borrokatu behar dugu, amesten dugun Euskal Herri horretara iristeko urratsak emanez. Badakigu erronka lodia dela, baina ez dugu bide hau bakarrik egin nahi, lurralde, sentsibilitate eta mota guztietako gazteekin batera egin nahi dugu, gazte guztiona izanen den proiektu baten alde
Horregatik, uztailak 14 eta beste besta egun arrotzetatik haratago, egunero borrokatuko dugu burujabetzaren alde.
Besta egun arrotzik ez! Gazteok Burujabetza!
Xuti Gazte! dinamikak ekimena egin du ere Miarritzeko hondartzan, uztailaren 14ko ospakizunen harira.
“Uztailak 14a den besta egun honetan Ipar Euskal Herrian ere ospakizun giroa nabari da. Ikasturte osoan zehar hutsik egon diren etxebizitzak turistaz bete dira, eta Miarritzeko hondartzan, Baionako karriketan edota beste hainbat herrietako karriketan ospatuko dute Frantziako egun hau. Aldiz, guk argi utzi nahi dugu hemen ez direla Frantzian, Euskal Herrian baizik, eta beraz, ez dugula deus ospatzekorik. Besta egun arrotzen aitzinean, gazteok burujabetza!“