Pauline GUELLE
Azaroaren 19ko asteburuan elkartu ginen Euskal Herri guzitik etorritako gazteak. Demokrazia parte hartzailean sakontzeko aukera ukan ginuen nazioarteko foro batean parte hartuz. Nazio Batuetako foro hori Giza eskubideen komisioak antolatu zuen, gazteen inplikazioa espazio politikoan eztabaidatzeko asmoarekin. Lapurditik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Nafarroa Garaitik, Arabatik eta Nafarroa Beheretik elkartu ginen hogei bat gazte Suitzako Geneva hirian lau egun pasatzeko eta nazioartean aipatzen den gazteen tokia politikan aztertzeko. Talde horren ezaugarri nagusia bere aniztasuna izan zen. Nahiz eta denak euskaldunak izan, inplikazio molde eta maila ezberdinak genituen. Elkarte kide, alderdiko kide, akademiko edo norberak zuen interesarekin juntatu ginen demokrazia parte hartzailean hausnarketa amankomun bat sortzeko asmoarekin.
Lehen topaketa hori biziki aberatsa izan zen. Gazteok, zer plantan ezartzen ahal dugu gure Herrian gure boza entzunarazteko, elkarlana bultzatzeko eta demokrazia parte hartzailea sustatzeko? Hori izan zen gure solasen oinarria. Horren haritik, bakotxa bere errealitateaz mintzatu zen. Gazteriaren parte hartzea bultzatzeko nahian elkar elikatu ginuen, gure esperientziak trukatuz eta existitzen diren tresnak aztertuz.
Bidaia hori prozesu sakon eta luze baten abiapuntu bat izan zela espero dugu. Nazioarteko foroaz gain konturatu ginen gazteentzako elkarlana sustatzeko nahi bat bazela. Gainera, elkarrekin parte hartzeko parada sortu behar zela zatiketa guzien gainetik.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, sei lagun joan ginen Genevara. Koordinatzaileaz gain Euskaldun Gazteriako militante bat, I-Ener-ko kide bat, akademiko bat, Garapen kontseilutik gazte bat baita ere Euskal Herria Zuzenean elkartetik kide bat izan ginen. Egunerokotasunean elkarlanean guttitan ari garela ohartu ginen eta hortik gure hiru probintzietako gazteen arteko tresna bat eraikitzeko nahia adierazi genuen.
Prozesu orokor baten lehen urratsa izan zela erran dugu. Izan ere, Ipar Euskal Herri mailako gogoeta bat eraman nahi genuen, gazteen artean demokrazia parte hartzailea hausnartzeaz gain, gure tresna bat eraikitzeko. Tresna horrek hamaika forma hartzen ahal ditu izan plataforma, asanblada, komisio, kontsulta gune, topagune… Dena asmatzekoa da. Horren egiteko bilkura ideki bat antolatuko dugu Baionako Zizpa gaztetxean hemengo gazteria anitza bilduz.
Metodoaren aldetik, aurkezpenak baino talde eta tailer lanak eginen ditugu gure bilkura eramaiteko. Parte hartzea oinarrian jartzen bada, gure funtzionamendua araberan pentsatuko dugu denen boza plazaratzeko. Horri esker, denen ekarpenak kondutan hartuak izanen dira eta nehor bazterturik ez uzteko ahaleginduko gara. Gainera, elkar ezagutza baino gehiago denen esperientziaren truka-lekua izaiten ahalko da.
Egitarauaren aldetik, topaketa hortan Genevaren bilduma eginen da. Horrez gain tresna zabal eta iraunkor baten sortzeaz mintzatuko gara. Egun hori garrantzitsua izanen da gaur egungo gazteen beharren aztertzeko eta eztabaidatzeko. Batez ere ikusteko zer tresna mota elkarrekin martxan jartzen ahal dugun demokrazia parte hartzailea oinarritzat hartuz.
Gazte oro gomitatua da elkarte baten izenean, norbanako gisa edo taldean prozesu hortan parte hartzera. Hitzordua emaiten dizugu Baionako Zizpa Gaztetxean, abenduaren 17an, larunbatez, goizeko 9ak eterditan !