Euskararen gibelatzea

Euskararen_atzerakada1PATXI SAEZ BELOKI Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea

Euskarari hizkuntzakeriaren pozoitik eman izan zaizkion eztenkada mingarrienak inperialismo linguistikoaren botere egituretatik etorri izan zaizkio. Eztenkada horiek etengabeak izan dira historiaren joan-etorrian, baita gaur egun ere.

1234-1239koa da agirietan agertzen den euskararen aurkako hizkuntzakeriari buruzko testigantzarik zaharrena. Sasoi hartan Errioxako Ojacastro herrian, eta baita eskualde osoan ere, euskara zen egunerokoan herritarrek hitz-jario bizian erabiltzen zuten hizkuntza. Herritar haietako asko eta asko euskaldun elebakarrak ziren. Baina, Gaztelako merioak, erregearen izenean lurralde hartan epaile lanak egiten zituenak, epaiketetan euskaraz egiteko debekua ezarri zien. Erabakiarekin suminduta, haserrearen haserrez, alkateak eta Ojacastroko bizilagunek bat hartuta, merioari ikusarazi zioten epaiketetan euskaraz egitearena aitortuta zeukaten eskubidea zela. Alkateak Gaztelako merio nagusia zen on Morial jaunari frogatu zion lurralde hartako herritarrei Ojacastroko foru edo lege zaharrak aitortu egiten ziela euskaraz egiteko eskubidea. La «fazanya» de Ojacastro du izena herri usadio zaharrean oinarri zuen epai historiko hark. Euskarak lurralde batean legez aitortutako ofizialtasunaren lehen testigantza dugu Ojacastrokoa.

1349. urtetik hasita, Aragoiko koroaren mendean zegoen Oska hirian argitaratutako udal agindu edo ordenantzetan, herriko azokan pertsonen arteko salerosketetan artekaritza lana egiten zutenei, arabiera, hebraiera eta euskara erabiltzea debekatu zieten eta garai hartako kristautasunaren hizkuntza zen aragoitar erromantzea erabiltzera derrigortu zituzten. Aldi hartan, artekariek, iruzurrik ez gertatzeko, pertsonen arteko salerosketak egiaztatzen zituzten.

 

Oska hiriko ordenantzetatik, denbora igaro ahala, arabieraren eta hebraieraren debekua kendu bazuten ere, hizkuntza haiek lurralde hartatik desagertu egin zirelako, euskararen debekuak hirurehun urtez iraun zuen, XVII. mendera arte.

1768 eta 1770. urteetan hartutako erabakien bidez, Espainiako Carlos III.a erregeak inperioko eskola guztietan, baita Amerikakoetan ere, gaztelania derrigorrezko ezarri zuen eta gainontzeko hizkuntza guztiak erabiltzea debekatu eta zigortu egin zuen Borboi etxeko errege glotofobo hark.

Frantziako iraultzaren garaian, 1794. urtean, Frantzia osoan hizkuntza bakarra ezartzearen aldeko Barère txostena  gailendu zen. Jakobino iraultzaileek frantsesa  estatu-nazioaren hizkuntza bakar eta nagusi bihurtu nahi zuten garai hartan, Henri Grégoire abade iraultzaileak, 1794ko ekainaren 4an, Frantziako Lehen Errepublika sortu zuen batzar konstituziogilearen aurrean, «Dialektoak suntsitzeko eta Frantziako hizkuntzaren erabilera orokortzeko, behar eta baliabideei buruz» aurkeztu zuen txostenean zioenez, Frantziako biztanleen % 11k besterik ez zuen hitz egiten Napoleonek ere ikasi beharra izan zuen hizkuntza. 28 milioi biztanleetatik 3 baino gutxiagok egiten zuen frantsesez. Frantzia iraultzaile hartako 83 departamentuetatik 15etan bakarrik egiten zen frantsesez. Garai hartako errealismo linguistikotik oso urrun zegoen Frantziaren luze-zabalean iraultzaren agintetik ezarri zuten hizkuntza.

Frantzian ere, iraultza handiaren ondoren, XIX. mendean barrena, hainbat legeren bidez eskolako hizkuntza bakartzat ezarri zuten frantsesa (1833ko Guizot legea, 1850eko Falloux legea, 1882ko Ferry legea…).

1876an, Bigarren Karlistaldiko gerratearen ondoren, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Foruak galdu zirenean, gaztelania ezarri zen hizkuntza bakar. Gerra galtzeak herrigintzarako ahalmena, erabakimena eta ekimena galtzea ekarri zuen eta hortik berebiziko atzerakada etorri zen euskararentzat. Garai hartako Madrilgo El Imparcial egunkariak hauxe argitaratu zuen bere editorialean:

«Quitarles los Fueros no es suficiente, ahora tenemos que quitarles la lengua… ».

1914an, Lehen Mundu Gerra piztu zenean, Ipar Euskal Herriko baserriak —Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberokoak— hustu egin ziren gazte-jendez. Lau urte iraun zuen gerra luze eta odoltsu hartara joan ziren gazte euskaldunak frantsestuta itzuli ziren lubakietatik, Frantziaren aldeko herritartasun atxikimenduz beterik. Borrokaren lehen lerroan ziren euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez ulertzeagatik. Kantuak dioen bezala, «Euskara baizik ez zekiten haiek, morts pour la patrie». Armak hartzera deitutako euskaldun frankok gerra latz hartan euskara soilik jakitea trabarako eta kalterako zutela iritzi zioten eta, horregatik, frantsestu egin ziren. Frantziaren alde bokorratzeak herritartasun lokarri sendoak sortu zituen euskaldun anitzengan. Eskolak eta armadak funtsezko funtzioa izan zuten frantses nazioaren sorkuntzan, nazio kontzientzia horren errotzean. Eta Euskal Herrian ere eragina izan zuten.

Gerrek on guztia eraman eta txar guztia ekartzen dute. Hala, beste gerra batek ekarri zuen euskara Hego Euskal Herriko karriketatik, dendetatik, aldizkarietatik, egunkarietatik, liburuetatik, irratietatik, disketatik, antzokietatik, elizetako ponteetatik eta bizitza publikotik desagerrarazteko agindua. Baina, batez ere, hitza mintzo bihurtzeko debekua eta zigorra ekarri zuen. Falangisten fusilen aurrean zigortutako euskaldunekin herri askotako hormak tiroz zulatu eta odolez gorritu zituen erregimen frankistak ekarri zuen euskararen erabateko debeku eta jazarpena. 1938an, esate baterako, haur jaioberriei euskarazko ponte-izena jartzea debekatu zuen 40 urte iraun zuen Frankoren diktadura glotofobo hark. 1944an, berriz, idazki publiko guztietan debekatu zuen euskara, baita hildakoen hilobietan ere. Euskaraz jaio, bizi eta hiltzea debeku eta zigorra zen Generalísimoaren diktadura hartan.

Baina euskararen galera inondik etorri bazen, modernizazioak ekarritako lan egiteko moldearen aldaketatik etorri zen. Industrializazioak ordura arteko gizartearen antolaketa irauli egin baitzuen. Familia asko eta asko mendi-mendian belardiz inguratutako baserri-etxe zabaletan bizitzetik, etxe-ilarez osatutako kalezuloetara joan ziren bizitzera, izenik eta izanik gabeko etxe estuetara, ke beltza zerien lantegien altzora. Industrializazioak euskararen lurraldea kolonizatu eta urbanizatu egin zuen, bereziki Espainiatik saldoka etorritako langile erdaldunekin. Erdaraz lan egiten zuten fabrika haietan soldatapeko langile bihurtzeko ezinbestekoa zen euskara bazter uztea, baita erdaldunez jositako hiri, herri eta auzoetan bizitzeko ere. Biztanleriaren hazkunderik handiena 1950 eta 1975. urteen artean gertatu zen: % 93 hazi zen biztanleen kopurua Hego Euskal Herrian. Ia bikoiztu egin zen biztanleria: 1950. urtean  1.443.472 biztanle izatetik, 1975. urtean 2.783.352 biztanle izatera igaro zen biztanleria Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, 1.300.000 herritar gehiago hogeita bost urtean.

Baserri-etxeetan oinarritutako familiaren egitura sozialak eta ekonomikoak bere azken arnasa eman zuen industrializazioarekin. Baserriak mendeetan hezur-mamitutako burujabetza ekonomikoa galdu egin zen, lantegi handien menpekotasun ekonomikoaren gatibu bihurtzeko.

Eta gaur egun, euskararekin ere, horretan gaude. Gizakia gizaki denetik biziraupena eta garapena lanean ardaztuta dituen gizarteak nola bihurtuko du euskara bere hizkuntza nagusi, lanerako baliorik ematen ez dion bitartean? Euskara lan egiteko hizkuntza izaten dugunean, orduan bihurtuko dugu euskaldunez osatutako gizartearen ardatz-hizkuntza. Azken batean, gizakiaren hiru oinarri funtsezkoenak euskaratik eraikitzea da gakoa: familia, lagunartea eta lana. Horiek azken mila urteotan etxetik eta euskaratik eraiki ditugu. Eta aurrerantzean ere, euskaratik eraiki beharko ditugu euskaldunon mintzoa, morrontzarik gabe, bere buruaren jabe izatea nahi badugu.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

One thought on “Euskararen gibelatzea

  1. Euskararen alde jarduten dugunoi, askotan, euskara “inposatu ” edo ezarri nahi izatea leporatzen digute. Inposaketa izatekotan inposatze baikorra dela aitortu behar da. Zeren-eta euskararen historia latzari begiratzen badiogu, artikulu honetan ederki frogatzen den legez, mende guztietan erdarak inposatu zaizkion euskarari eta hori helburu ziniko baten aitzakian: betirako desagert zedin egiten zituzten inposaketa eta hizkuntza politika bihur horiek. Hori da inposaketa ezezkorra; hizkuntza batek bestea suntsitu nahi izatea alegia. Horretaz gainera hizkuntza batek, bizitzeko ofizialtasuna edo behintzat koofizialtasuna behar du. Eta ofizialtasun osoa “inposketa da” baina inposaketa baikorra, zeren indarra galdu zuen eta hiltzear zegoen hizkuntza berreskuratu nahi da. 1978 urtetik hona Hego aldean dagoen hizkuntza politika ez da aski euskara berreskuratu ahal izateko, Euskal Herrian bizi direnek gaztelera jakin behar dutelako eta nahi dutenek euskara erabil dezaketelako. Lege horrek azpiko mailakotzat jotzen du euskara eta haren berreskuratzeko ez da aski. Konstituzioa horrela aldatu beharko litzateke: ” Euskal Herrian egoitza nagusia dutenek euskara eta gaztelera jakin behar dute”.

Comments are closed.