Euskaltzaleen Topaguneak, azaroaren 18an egin duen kongresuan, datorren hamarraldirako bost lan ardatz finkatu ditu. Ardatzok euskararen erabileran jauzi bat eman ahal izateko ezinbesteko baldintzatzat ditu Topaguneak. Elkartearen bost funtzioak hauek izango dira: askotariko euskaltzale berriak erakartzea; gizarte mugimenduekin harremanak egitea; euskal identitate ireki eta inklusiboa eraikitzea; hiztunak sortzeko eta sozializatzeko ekimenak bultzatzea; eta akordio sozio-politiko-instituzional berriak sustatzea.
III. Kongresuaren txostenean jasoa du euskara elkarteak biltzen dituen Topaguneak bere ametsa: euskararen erabilera ohikoa bihurtzea eta euskaraz eroso bizi ahal izatea. Bide horretan, XXI. mendeko mundu honek plantan jarri dituen desafioetara egokitu behar dela dio. Euskararen erabilerak aurrera egin dezan, hainbat erronkari aurre egin behar zaio: globalizazioa, herritarren desaktibaziorako joera orokorra, euskararen aurkako diskurtsoak, oldarraldi judiziala…
Azken urteotan gizartea eta mugimendu euskaltzalea errotik aldatu direla kontuan izanda, erabileran aurrerapausoak emateko jauzi bat eman beharraz hitz egin dute. Kongresuan, jauzi hori emateko ezinbestekoak diren bost baldintza zehaztu dituzte, datorren hamarraldian Topagunearen lan ardatz izango direnak. Hauek dira bost lan ardatzak:
– Mugimendu euskaltzale eraldatzaile, anitz eta sendoa eratuz, herritarrak ahalduntzea: Askotariko euskaltzaleak integratzeko ahalegina egin nahi du Topaguneak eta sarea berrantolatzea eta berraktibatzea izango da helburua. Horretarako, jende berria erakartzen egingo du lan, beti ere erabilera erdigunean jarrita.
– Askotariko eragile eta mugimenduekin harreman sare sendoak eratzea: erabileran jauzia emateko euskararen aldeko jarrera sendotu behar dela dio Topaguneak, eta horretarako, bestelako eragile sozialekin harremanak estutu behar direla. Konplizitate berriak josi, erdal hiztunen babesa bildu eta beste jatorritako etorkinak euskalgintzara erakarri nahi ditu.
– Euskara eta euskalduntasunaren inguruko iruditeria, diskurtsoa eta jokaerak gaurkotuz, askotariko euskal identitate ireki eta inklusiboa eraiki: Topaguneak proposatu du euskalduntasunaren inguruko iruditeria berrikustea eta gaur egungo modutara egokitutako identitate kolektiboak garatzea. Etorkizuneko euskal hiztun komunitateari bizikidetza marko berritu bat eskaini behar zaiola uste du.
– Euskal hiztunak sortzeko eta sozializatzeko ekimenak sustatu: Doako euskalduntze sistema unibertsala aldarrikatu du, eta euskal kulturaren transmisioan, eta euskararen irakaskuntza sistema eraginkor bat eskaintzearen aldeko lanean eragingo duela azpimarratu du. Horrez gain, euskara ikasteko motibazio estrategiak bultzatuko ditu.
– Erabileran jauzia emateko akordio sozio-politiko-instituzional berriak bultzatu: Akordio berriak lortzeko zubiak eraikitzen egingo du lan. Akordioen behar are handiagoa azpimarratu du euskararen aurkako oldarraldi planifikatua gogorarazita.