Ahanztezina izan zen Oskorri taldeak Baionan eman zuen azken kantaldia; eta ahanztezinak izanen dira, halaber, oraino emateko gelditzen zaizkionak. Errepertorio ezin egokiagoa, kalitate bikaina, kantaldi alaia, baina memento hunkigarriekin… Plazera, urte anitzen buruan berriz entzuteko eta ikusteko parada ukan baitugu. Hunkigarria, bagenekielako azken aldikotz entzuten ari ginela (Oskorrik zuzenean kantaturik) Furra Furra edo Euskal Herrian Euskaraz bezalako kantuak. Urteak aitzina doaz, eta denek badute bukaera…
Baina hortik harago, gogoeta sakonerako gaia utzi du mahai gainean Oskorriren despedidak. Goizargiko edo ilunabarreko zeru gorria erran nahi du “oskorri” hitzak (“goizeko oskorritik gaueko oskorriraino…” dio kantuak). Oskorri taldea gaueko oskorrira heldu da. Baina zerk ekarri ote du horretara? Garbi aipatu da azken urteetan anitz murriztu zitzaizkiela plazak, eta 80 eta 90eko hamarkadetako euskal talde ospetsuenetakoa ahanzturaren mugara erortzen ari zela.
Musika mota hori ez zelako gehiago modan? Euskal Herriko publikoaren axolagabekeriaz? Hain segur, ez bat eta ez bestea. Udazken honetan ematen ari diren kantaldietan garbi ageri da zer gaitasuna duten gela handiak betetzeko eta publikoa zoriontsu jartzeko. Gaur egun beste talde batzuk dabiltza plazaz plaza, beste estilo bateko musika entzuten da, beste egitura bateko kantaldiak antolatzen dira. Baina Oskorri taldeak bezala, belaunaldi guztietako jendea euskal talde baten inguruan biltzeak herri bati ematen dion indarra ere kontuan hartzekoa da.
Eta halako taldeak ez dira anitz. Lauga gelan izan zen besta eta batasun giroa, euskal (euskarazko, bistan da) kulturaren eta euskararen duintasun agerraldi bat zen. Euskal kulturaren ahulgunea erakunde politikoen babes falta da.
Folk musika zenbateraino da moda kontu bat? Irlandako folka eta zeltiar musika, oro har, ikaragarri zabaldu dira azken hamarkadetan, eta presentzia handia izaten segitzen dute. Berezko indarrarengatik? Ez bakarrik. Irlandako gobernuak indar handia egiten du Irlandako talde batzuk munduan zehar promozionatzeko, eta horrela Irlandari ospea emateko. Euskal Herrian ez da halakorik. Oskorri ez ote da euskal musikaren erakusleiho egoki bat?
Irlandak egin duena zergatik ezin du egin Eusko Jaurlaritzak, euskal kulturaren sustatzeko? Beharbada, Oskorrik babes instituzional hori izan balu, oraino segituko zuten beste zenbait urtez, eta Euskal Herriko plazetatik ere ez zen desagertuko azken urteetan. Bistan da, Oskorri bezala, beste taldeak ere babestu behar dira. Talde ez hain ezagunak ere airatzen lagundu behar dira.
Gauza bera da literaturarekin. Zenbateraino babesten dira euskal idazleak? Norvegiak 5 milioi biztanle ditu (Euskal Herriak baino 2 milioi gehiago bakarrik), eta hango gobernuak badauka politika bat idazle norvegiarren liburuak beste hizkuntzetara itzultzeko, Norvegiako literaturak itzala izan dezan mundu zabalean. Eta horrela, posible da Norvegiak nobelagileak edukitzea, eta bere literatura aberastea. Euskal Herrian, idazle bakar batzuk kenduta, nekez bizi daiteke literatura-sorkuntzatik, ez baitaukate horrelako babesik. Egia da sektore aktiboa dela, idazteko zaletasuna daukan jende anitz badagoelako. Baina ez dago baliabiderik literatura sendotzeko.
Bistan da, Irlandak eta Norvegiak badaukate zerbait Euskal Herriak ez daukana: Estatua. Euskara eta euskal kultura zinez laguntzeko eta indartzeko, estatu bat behar dugu. Baina baita ere kulturaren estrategikotasuna ulertzeko adimena.