Aña Iriart
Aurten ere, Euskal Herria Zuzenean festibalak markatuko du uda hastapena. Ekainaren 28tik 30era iraganen da, lehen aldiz Arberatzen. Arberatzek eta Amikuzek EHZri zerbait ekarriko dioten moduan, pretentsiorik gabe, ikusiko dugu zer harri pausatzen ahalko dugun Amikuzeko eragileekin elkarlanean.
Irisarrin 5 urtez iragan 4 edizioek EHZren beste etapa bat marraztu dute. Irisarrik egonkortasuna eman dio festibalari, berriz laguntzaileak lotu ditu, eredu ekonomikoa egonkortu du eta publikoa ere hor zen. Jendeak galdetzen zigun “zergatik bazoazte Irisarritik? Bikaina da hemen!” Baina gu konbentzituak ginen momentua heldua zela. Toki batean egoteak arrisku bat du: erosotasuna, eta ondorioz gauzak handiago egin nahi izatea. EHZren historian ere usu eskuz esku joan dira belaunaldi aldaketa eta herri berria. Aurten ere hori dugu erronka: ahal bezain naturalki eta goxoki leku aldaketa egitea.
Lehen aldiz, Amikuzen antolatuko dugu EHZ tokiko ekoizle, elkarte, eskola, komite eta herritarrekin elkarlanean. Izan ere, Amikuzeko dinamika kulturalen hauspotzea dugu helburu, xumeki gure harria ekarriz. Arberatzek eta Amikuzek EHZri zerbait ekarriko dioten moduan, pretentsiorik gabe, ikusiko dugu zer harri pausatzen ahalko dugun sekula izan ez garen eskualde honetan. Amikuzeko eragileekin elkarlanean hainbat proiektu eramanen ditugu.
Hemendik!
Euskal kultura azpi-kultura dela kontsideratzen dute hainbatek, ttipitua, guttitua eta folklorizatua. Euskal kultura hartu, eta haren errautsak erakusten dituzte, beste kultura hegemoniko batzuen barne den iraganeko ondare soil bat bailitzan. Baina guk, hemendik, ez ditugu errautsak iraunarazten, guk bizi den kultura baten suaren inguruan dantzatzen dugu!
Eta Euskal Herria bi kultura zapaltzaileren artean kokatzen den periferia bada, Euskal Herriak ere baditu bere ertzak eta sortzen ditu nahitaez bere bazterrak. Aurten, EHZtik elkarrekin oihukatuko dugu: hemendik “mintza daitezela periferiak”!
Garai gatazkatsu hauen erdian, EHZk ikuspegi kritiko batetik begiratu nahi dio munduari ere, hemendik, beste herri eta pertsona zapalduekiko elkartasuna erakutsiz.
Azkenik, kulturgintza merkatuaren gorabeheretan kalkulatzen den bitartean, hemendik kultura partekatu nahi dugu, denentzat eskuragarri emanez eta beste harreman mota batzuk sustatuz.
Formula bera
Aurtengo edizioari dagokionez, Irisarriko formula bera mantenduko dugu. Egunean zehar, Arberatzeko plaza urririk izanen da eta bertan askotariko animazioak izanen dira (zirko, kontzertu, haurren xokoa etab.).
Arberatzeko eskola publikoan, aktualitateko hainbat gai eta erronkaren inguruan eztabaida eta mintzaldiak antolatuko ditugu, hala nola: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien urte hastapeneko mobilizazioak, festibal eta musikagintzaren ereduaren inguruko hitzaldia, Ertzaintza eta teknologia berrien erabilpena, Marrazkirri erakusketa, Euskara iniziazioa etab. Musika programazioaren aldetik, belaunaldi eta gustu guziei zuzendutako kalitatezko eskaintza proposatzeko xedea dugu:
Izan zaitez laguntzaile!
Festibala laguntzaileei esker gauzatzen da: Ostatua, zirkulazioa, janaria, sekuritatea, brigada berdea… Aurten ere, ehunka laguntzaile txandakatuko dira eta denen eskukaldiak ongi etorriak dira, baita muntaketan eta desmuntaketan ere.
OSTIRALA – 06/28
Pentzea: Janus Lester, Sei Sega,Auhen, Pelax, Tshegue, Bananas,Belako, Benizze, Meule.
Plaza: Euskabaret, BrokenBrothers Brass Band.
LARUNBATA – 06/29
Pentzea: Libe, Karma, Haira, RTZKolektiboa, Gorka Urbizu, Harat,Su Ta Gar, Kimule, Lysistrata,Nakar, Süne, Ke Lepo, Vox Low.
Plaza: Afrikar dantza tailerra,Bertso musikatuak, Seguime (CieZeC), Zabala, Otonaia, Gaitamik,Anari, Punttu Kakotx, Buuzbu.
IGANDEA – 06/30
Pentzea: Octopussy, Rüdiger,Katoum, Vincen García, Ezezez,Bloñ, Ü, Old School FunkyFamily.
Plaza: Gaitero eta Zigante, Amobaeskolako orkestra, Munhogain,Seguime (Cie ZeC), Beethoven,Euskorleans, Cie Par Allèles,Pantzo Man Show, Cocanha, DJReimy, Raimundo el Canastero.
Zalantzarik gabe, EHZ Iparraldeko musika festibalik onena bilakatu da, musika alternatiboa eskainiz. Goza ezazue!.