Euskal Herria bai ala ez?

EH

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Asumitu behar dugu, ez baldin bada errexa ere, betidanik euskal herritarren artean, euskaldunen artean, eta behar bada bereziki abertzaleen artean, harrotasun pixka bat agertzen dugula noiztenka.

Batzuetan, kanpotik ohartarazten digute, berdin harroputzak girela edo bederen gutaz aski harro girela euskaldunak.

Entzuten da abertzaleen artean, auto-antolakuntzan gaitasunak ditugula, gauzak gure gain hartzeko errexki ari girela edo proiektu batzuk sortzeko tenorean, ideia bikainak ditugula.

Ez gira sartuko joan diren hauteskundeen bilan edo analisian; argi da abertzaletasun politikoa aitzinatzen dela Ipar Euskal Herrian, boz kopuruetan, ehunekoetan gora ari dira gure emaitzak jakinez legebiltzarreko bozak ez direla usaian hauteskunde errexenak, bereziki aurtengo testuinguruan. Baina gustu gazi gozoa uzten digute aldi berean emaitza horiek, baita azken denboretan iragan diren gertakari batzuek ere.

Konparatzen bagira gutituak diren Europako beste herrialde batzuekin, galdera pausatzen ahal diogu gure buruari, zertan giren Euskal Herrian eta konkretuago izateko, labur biltzen ahal dugu galdera baten inguruan: Euskal Herria bai ala ez?

Sudurra gidoinetik altxatzen badugu, ohartzen gira hainbat tokitan aitzinamendu handiak lortu dituztela; nola ez aipa (fruituak ez baldin badituzte oraindik biltzen ere) Kataluniak azken urteetan espainol estaduarekin garatu duen lehia. Irlandara ere joaten ahal gira azpimarratzeko Sinn Fein alderdiak ateratu dituen emaitza historikoak joan diren hauteskundeetan. Eskozian, hor ere beste adibide ederra, Brexitaren testuinguruan, SNP alderdia, gobernuan dena, erreferendum berri bat antolatzeko bidean baita. Azkenik, Korsikan pasatzen denak ere gogoetak pizten ditu, hiru diputatu igortzen dituzte berriz Parisera, Iparraldean kontent girelarik bozen ehuneko 10a edo 15a gainditzen dugularik. Bistan dena, egoera ez da berdina, alta elementu batzuk konparatzekoak dira Ipar Euskal Herriko eta Korsikako problematikak hartzen direlarik.

Euskal Herrian, beldurtzekoak edo harritzekoak dira azken berri edo gertakari batzuk: presoen aldeko manifestaldi umil bat Baionan, non ikusten ziren nagusiki buru zuri batzuk, Donostian abertzaleak diren gazte batzuen arteko liskarrak eta zafraldiak, Euskal Herriko eskualde euskaldunetan, euskararen erabilpena apaltzen ari karrikan, Naziometroa neurketaren arabera independentziaren alde diren jendeak gutitzen ari ere azken urteetan, etab. Orokorki mugimendu abertzaleak, txinatar buru hauste baten itxura du, sigla andana batekin, hamaika bide hartzen dituena, ehunka eztabaidatan…

Gaur, sekula baino gehiago behar bada, Euskal nazioak alimaleko erronkak ditu bere aitzinean; aldi berean, abertzaletasunak proposatzen dituen aterabideek mundu mailako desafioekin edo erantzunekin bat egiten dute.

Ez ote da tenorea bide orri bakar bat proposatzeko, programa minimo bat adosteko lau, bost edo hamar punturen inguruan, zazpi probintzietan atzematen diren problematika nagusiei erantzuten dutenak eta aldarrikapen nazionalak, kulturalak eta sozialak kontuan hartzen dituztenak?

Uda aitzineko galderak dira, galderak baizik ez.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

3 thoughts on “Euskal Herria bai ala ez?

  1. Egun on, Peio. Aski ados naiz egiten duzun irakurketarekin, nahiz eta zaila den egoera artikulu bateko lerroetan osoki biltzea. Ene ustez, aipatzen dituzun beste leku horietan aitzin egin badute, hain zuzen izan da, alderdi “abertzale” edo “independentistek” ez dutelako iparra galdu, eta ez dute euren diskurtsoa soilik bozak biltzeko tresna bilakatu. Berdin presoen aldeko mugimendu mediatikoenarekin; horregatik dira hainbeste ile urdin. Azken hamarkadan bereziki, diskurtsoa lausotu dugu, deskafeinatu, jendea erakartzeko (bozetan) baina bide batez eta oharkabean, ildo politikoa ere deskafeinatu dugu. Eta sintoma adierazgarri bezain penagarria aipatzen duzu: Donostian izan diren gazte talde desberdinen arteko liskarrak. Ezker abertzaleak berea zen/den esparrua hutsik utzi ez balu, ez zen horren betetzeko mugimendurik sortuko. Baina, jakina da, naturak ez du hutsunea maite. Azkenik, “abertzale” terminoaz gogoeta sakona egin beharko litzateke; Aberria ezin baita Euskal Herriaren zati bat izan; Aberria ezin baita estatu zapaltzaileen instituzioetan ordezkatua izan. Independentzia zintzoki aldarrikatu beharko dugu berriz.

  2. Funtsean bertze herrialdeekin konparatuz hemen dugun arrakasta apalagoa, bi ezaugarri nagusirekin explikatuko nuke: bata ETAren gehiegikeriak eta gehiegizko irautea (Sarrionandiak ere erran zuen ETA bi hamarkada lehenago desagertu izan balitz hobe), eta bertzea Espainiar estatuaren bortizkeria eta demokratikotasun-eza.
    Frantses estatuak gurekin duen zurruntasun bera ez du Kortsikan: han ez dio Madrilek Parisi erraten zer egin, eta horri esker ere aurrerapen politikoak haundiagoak izan dira.
    Londresen ere, tradizio demokratikoa bertzelakoa da (azkenaldian Johnson kanporatuz erakutsi duten bezala), Madril bezalako estatu-buru batek Sinn Fein eta SNPri traba askoz gehiago ezarriko lizkieke.
    Eta Madrilek nolako trabak ezarri dizkie ere Kataluniako prozesuari, 2017ko arrakastatik hona orain nahiko gelditurik dagoena. Noski honek ere erakusten digu bortizkeria politikoaren aitzakia, aitzaki hutsa zela (Kataluniako prozesu osoa baketsua izanik ere, zenbat jende kartzelatu dituzten!), baina ETAk utzitako zauriak oraindik biziak dira jende askoren gogoetan (Espainiako estatuaren diskurtsoak lagundu baino puzten baditu ere), eta oraindik ez da asmatu ETAko ildotik kanpoko proiektu independetistarik. Nere ustez belaunaldi berriek panomara aldatuko dute, independentziak Katalunian bezainbertzeko zaletasuna bildu arte, armarik gabeko estrategia batean.
    Bukatzeko, gehituko nuke gure burua konparatzen ahal dugula ere Ipar Kataluniarekin: Roselló aldean, zenbat katalan hiztun eta zenbat abertzale? Abertzalerik ba ote dago nunbait han, hiriburuko auzapeza RNko kide garrantzitsua delarik, kostalde osoa eskuin-muturraren eraginpean eta barnekaldea pobrezian abandonaturik. Iduri du han Hegoaldeak ez diela inspirazio asko ematen.

    Honek ez du erran nahi noski gure arazo guziak kanpotik heldu direnik: euskararen atzerapena euskaldun askoren errua da ere. Eta zerikusia du Hegoalde eta Iparraldearen arteko distantzia (kulturalki) haunditzearekin. Espainolez dakiten euskaldunekin bakarrik mintzo bazara egunero, alferkeriz errexagoa espainolez mintzatzera lerratzea. Eta berdin gure aldean frantsesarekin. Hori abiapuntu bat izaten ahal da.

  3. Ipar euskal abertzaletasuna, euskal Departamentuaren aldeko politika mugimendu abertzalea da. Euskal abertzaletasuna hizkuntz eskubideen eskakizunekin estuki loturik dago. Helburu artean Euskara ofizialtasuna lortzea Iparralde osoan, eta orokorrean Iparraldeko gizartea, ekonomia, etxebizitza, ingurumena, teknologia, unibertsitatea, kultura garatu ahal izatea.
    Iparraldeko EAJk euskal Departamentua eta frantses Errepublika anitza aldarrikatzen du.

Comments are closed.