Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu

Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak.

Gure historian, bertze hainbat herriren historian bezala, aurkitzen dugu gizarte harremanen antolaketa horizontala, tokian tokikoa eta denen beharrei erantzuten laguntzeko modukoa. Bizimoduen industrializazioaren ondorioz, gizarte harreman horien praktika gehienak desagertu dira, baina zorionez horien memoria eta muina ez dira desagertu. Burujabetzak eraikitzeko lagun gaitzakete, baldin eta iraganaren nostalgia elikatu baino etorkizuneko nostalgiaz baliatzen bagare.

David Graeber antropologoaren azken aurreko liburuan (”Guziaren egunsentia”, David Wengrow arkeologoarekin batera idatzia eta 2020an argitaratua) gizarte goiztiarrak deskribatzen dituzte, eta gizarteen eboluzioaren narratiba nagusiena berraztertzen dute. Bereziki, gizateria milaka urtetan antolaketa zentralistarik eta zapalkuntza sistemikorik gabe bizi izan zela erakusten dute.

Gizarte egitura zaharrak

Gizarte harreman tradizionalak edo horien arrastoak ehunka adibideren bidez erakusten dituzte, horietarik batzuk Euskal Herrian kokatuak. Horren bidez deskubritu dut Marcia Ascher matematikariaren lan bat, titulu bereziki deigarria duena: “Berdintasunak zer erran nahi du? – Euskal ikuspegia” (jatorrizko bertsioan “What Does Equality Mean? – The Basque View”). Bitxiki, matematikaria izanik lan etnologikoa egin zuen, hain zuzen hainbat kulturatan kontzeptu matematikoak nola hezurmamitzen ziren gizarte harremanetan. Gurean, berdintasuna zer zen eta berdintasunak nola etxeen arteko harremanak egituratzen zituen aztertu zuen. Zehazki, lan horretan deskribatzen ditu Xiberoko Basabürüan auzo arteko hainbat ohitura, baina handik harago toki askotan ere zabalduak zirenak. Norbait hiltzen zenean, haur bat jaiotzen zenean, etxaldean maila aski handiko lan bat egin behar zenean, egoera guzi horietarako arauak bazeuden, ea nork zertan eta nola lagundu behar zuen zehazten zutenak. Lehen auzoa zen etxe batetik eskuinaldean bizi zena, bigarren auzoa ezkerraldean zena eta hirugarrena bigarrenaren ezkerraldean zena. Arauetan, lehen auzoari eskatzen zitzaiona ez zen bigarrenari eskatzen zitzaion berdina, heriotzaren inguruan adibidez Mikel Duvertek ikertu zuen bezala. Lehen auzoak betebehar gehiago zituen, eta berak bere lehen auzoari behar izanez gero berdin eskatuko zion. Antzeko antolakuntza bazen ogi benedikatuari zegokionez: etxe batekoek ogia lehen auzoari ematen zioten, eta ondoko astean lehen auzoak bere lehen auzoari, eta abar, hasierako etxera itzuli arte (ehun etxe egonez gero, ia bi urte irauten zuen). Antolakuntza horretan berdintasuna denen artean bazen, denak inguru baten parte ziren heinean eta inguru horretan denak laguntza eta betebehar berdinak zituztelako. Baina berdintasuna ez zen harreman indibidualetan neurtzen, (“nik ematen dizudanak zuk ematen didazunaren berdina izan behar du”), baizik eta komunitatearekiko harremanetan.

Berdintasun horrek bi baldintza zituen: ingurua eta aldizkatzea. Inguruan komunitate bat izatea, zirkulu bat osatzen zuena (hots hasierarik eta bukaerarik ez zuena), eta zirkulu horretan zehar laguntza hurrenez hurren ematea.

Baserriko lanari buruzko arauek, bereziki, plangintza zehatza behar zuten: nork bere etxean laguntza beharko zuten lanak prestatzean, inguruko bertzeen lanak kontuan hartu behar zituen. Horretan ere ez baitzitzaion gauza berdina eskatzen lehen auzoari, bigarrenari edo hirugarrenari. Pierre Clastres antropologoak erakutsi zuen bezala, hainbat herritan laguntza emate horietan elkarrekikotasuna ez zen inoiz bi kideren artean soilik, baizik eta kide bat eta bere inguruaren artean beti. Hori ziurtatzeko, betebeharrak antolatuak ziren hain zuzen bakoitzak zehazki zenbat laguntza eman eta zenbat jaso zuen jakitea ezinezkoa izan zedin. Funtsean garrantzitsua ez baitzen hori, baizik eta inguruari lotua jarraitzea, zirkuluan laguntza pasarazten jarraitzea.

Eta gaur egun zer?

 Antolakuntza horiek horizontalak ziren, tokian tokiko eta behetik eraikiak, denen beharrei erantzuteko: ez zegoen inor bertzeen gainetik, ez zegoen jauntxorik bertzeei zer egin behar zuten errateko (elizak pisu handia izanik ere, ez zituen sistema horiek eraldatu edo bereganatu). Horregatik David Graeber eta David Wengrowek antolaketa zentralistarik eta zapalkuntza sistemikorik gabeko antolakuntzetan sartzen dituzte adibide horiek, munduan eta historian zehar existitu diren bertze hainbat bezala. Etxeen arteko oinarrizko antolakuntza horretatik, nahiko errexki irudikatzen da nola egitura horiek hurbileko gobernantza sistema zaharrak moldatu zituzten: biltzarrak, juntak edota foruak ere tokian tokiko, horizontalak eta behetik eraikiak ziren. Baina horrez gain, edo hori baino lehen, antolakuntza zahar horiek egunerokotik abiatzen ziren, horren bitartez inguruari lotua izatea eta zirkuluan laguntza pasaraztea biziaren erdian ziren, horretaz ohartu gabe ere. Praktika horiek biziaren hainbat arlotan zabaltzen ziren, gizarte harreman mota politiko bat sortuz (lehen erran bezala horizontala, tokian tokikoa eta behetik eraikia), baina inolako teoriarik gabe.

“Berdintasuna ez zen harreman indibidualetan neurtzen, (“nik ematen dizudanak zuk ematen didazunaren berdina izan behar du”), baizik eta komunitatearekiko harremanetan.”

Halere, gaur egun ohitura horietarik asko desagertu dira, eremu urbanizatuetan lehenik, baita laborantza gehien industrializatu den eremuetan ere: Iñaki Caminok Amikuzeri buruz deskribatu duen bezala, bertako auzolaneko eta elkar laguntzako ohitura zaharrak bertako (h)eskuara erabiltzen zuen azken belaunaldiarekin batera desagertzen hasi ziren. Urruñan, ohitura horien azken adierazpen bat ikusi nuen ehorzketa batean, zeinean lehen auzoak zuen gurutzea eraman elizatik hilerrira. Geroztik ohartu nintzen lehen auzo hori aspaldiko lehen auzoa zela: bitartean bi baserrien artean etxe gehiago eraiki ziren, baina etxe berri haiek ez ziren laguntza zirkuluan txertatu, haietan ez zen laboraririk bizi, haietarik gehienetan udatik aparte ez zen inor bizi ere, are gutiago tokiko ohiturekin loturarik zuen inor. Lapurdiko kostan ere, bertako euskalkiaren hizlariekin batera desagertzen joan dira ohitura horiek. Zer sortu dugu horien ordezkatzeko? Zer gehiago sortzeko gai gara?

Denen mundua eskuetan berriz hartzea

Ohitura horiek desagertu dira neurri handi batean gizarteen industrializazioaren eraginez, eta jendeen mugikortasun handiagoaren eraginez. Nola biziarazi praktika horiek, ezin bazen – edo oraino ezin bada – herrian lan egin eta bizitzen jarraitu? Nola praktika horiek ezagutu kanpotik etorriz gero, tokikoek berek ahantzi badituzte, beren tokiko euskalkia ahantzi duten bezala? Nola zirkulu batean jarraitu, ikasketek eta gero lanak sei aldiz tokiz mugitzera eraman (edo behartu) bagaitu? Edo norbere auzoaldean bigarren egoitzak ez diren etxeetakoak ezagutzen ez baditugu ere? Joan den mendean garatzen hasi ziren bizimoduek antolakuntza zaharrak desegin dituzte baina antolakuntza berririk ez dute oraino ekarri. Horri bi motatako erantzunak ematen ahal zaizkio: iraganaren nostalgia, edo – Beñat Irasuegiri entzun diodan bezala – etorkizunaren nostalgia, oraindik sortzeke den etorkizun desiragarri eta bizigarri baten nostalgia.

Iraganaren nostalgia nolabait erantzun “errexena” da: galdutako zerbaiten deitoratzea, gaur egungo erranahi eza eta lehen erranahia ematen ziguna alderatzea, iragana zen bezala berreraikitzearen aldeko argudioak biltzeko, bertzerik irudikatu ezean, iraganeko alde desatseginagoak ere kolokan ezarri gabe. Adibidez familia biologikoa transmisiorako oinarri bakarra zela, edota emazte eta gizonen eginkizun sozial oso ezberdinak bazirela (egoera gure lurraldean bertze batzuetan bezain gogorra ez bazen ere, delako matriarkatutik urrun zen) iraganeko alde onetatik edateak ez du erran nahi gure buruari hautatzeko eta erabakitzeko ahalmenik kentzen diogunik, hain zuzen hori dugu bilatzen behetik eraikitako antolakuntza horizontaletan. Etorkizunaren nostalgiak, aldiz, denen mundua eskuetan berriz hartzeko ahalmen eta gaitasun askoz gehiago pizten du. Hasteko, gure gizarte harremanak birsortzeko gaitasuna ematen digu, harreman zaharrak ziren bezala kopiatu baino, zaharrak sortu ziren enbor beretik berriak sortzeko.

Industriaurreko gizarteari loturiko praktika zahar horiek desagertu badira ere, praktika horien abiapuntuan zegoen grina oraino bizirik dago, eta suma dezakegu hainbat kooperatiba, elkarte edota ekimen kolektibotan, bakoitza bere eran gure bizi baldintzak eraikitzeko asmoa dutenak, eta zeinetan inguruari lotua jarraitzea eta zirkuluan laguntza pasarazten jarraitzea funtsezkoak diren, tokiko eta maila globaleko erronkei erantzunak uztartuz. Hori da beharbada ezberdintasun handiena: lehen ez bezala gaur egungo mundua, funtzionalki, ez da paisaiaren zerumugan gelditzen. Tokian tokiko baliabideetan oinarrituz burujabe izatea helburua bada ere, dagoeneko ezin dugu tokikoa sortu mundu mailakoa kontuan hartu gabe. Horregatik gure burujabetza konkretuak eraikitzean sortzen dugun kultura izan behar da solidarioa – gure artean izan ezik, munduaren bertzaldean bizi direnekin ere – eta jasangarria. Hori izan daiteke hain zuzen eskuin muturrari aurre egiteko gako garrantzitsuetarik bat, eta aipagai izanen dugu irailaren 13an ortziralarekin Mugerre-Elizaberrin.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude