Aspaldikoa da hastapena! Duela hogeita hamabost urte lagun batekin izan ginen Kortsikan oporretan. Ugartearen edertasunaz gain, herritarrekin nahi ginuen kurutzatu…
Orduan, hemen bezala, abertzaleak apailatuak ziren bainan oraino zerbait lortzetik urrun. Nere lagunarekin Seaskan erakasle ginen, gazte eta sutsu, egitekoa zen lanaz batere ez beldur… Pentsatzen ginuen hizkuntza egoera berdina izanez, baginuela zer partika, zer aipa Kortsikar jendearekin. Ez ginen gutti harritu hango abertzale zonbaitekin mintzatu eta, ohartu ginelarik ez ginela batere ikusmolde eta estrategia beretan.
Guk pentsatzen ginuen gure eskolak sortu behar ginituela, berehala gure gisarat, hots gauzak eskuetan hartu behar ginituela hizkuntza bizirik atxikitzeko. Haiek aldiz honela zioten: «Guk politikoki poderea hartuko dugu eta gero hizkuntza inposatuko…»
Alta bazen Aleria aldean norbait ikastolen gisako eskolak idekitzen saiatzen zena. Bainan konzeptu hori ez dute hedatu berek dakiten arrazoin batzuengatik.
Orai, eskola elebidunak idekitzen dituzte, zazpi urteko plan bat badute… hizkuntza berpizteko moldeak xekatzen dituzte.
Badukete nun zer egin!!
Guk, zonbait urteren esperientzia badugu, ikastolak eta eskola elebidunak ukanik ere, gure hizkuntzaren egoera ikusten dugularik… bada arrenguratzekoa.
Hizkuntza errebendikatzea bat da, biziaraztea besterik da…
Eta hortan ez gira azkar, nahiz egoeraz oharturik Euskaraldi eta gisa hortako ekintzak abiatu diren.
Hea urte zonbaiten buruan pundua eginen delarik, zertan izanen giren batzu eta besteak…
Gauden baikor!
Korsikako abertzaleek proposatzen dutena nahiko periltsua da: Irlanda bide beretik sartu zen ere;lehenik boterea hartu uhartearen independentzia lortuz eta gero hizkuntza bizi arazi; baina mende erdi baten ondotik emaitza ez da hain ona. Beste muturrean Israel badugu: hiru belaunditan berreskuratu dute hebraiera; hebraierazko akademia Euskaltzaindia baino gazteagoa da; 1950 hamarkadan gutxi gorabehera ireki zuten erakunde hori. Baina hebraieraren aldeko lana 1948 baino lehenago hasi zen eta sionisten edo judu abertzaleen hizkuntza zen jadanik. Hizkuntzaren aldetik Euskal Herriak jarraitzen duen bideari ongi deritzot; hizkuntzaren aldeko borroka nazio eraikuntzaren barnean kokatu behar da; euskera eta euskaraz irakatsiz gero eta euskaldunago direla nabaritzen dute biztanleek eta bereziki gazteek.