Nazionalismoa Europaren etsaia dela: egia handia diote hor espainiar eta frantziar politikariek. Haatik ez ote dira nazionalismoz tronpatzen? Segurki baietz: Europa kaltetzen duena, Estatuen nazionalismoa da, Estatuen absolutismo berekoia, duela ehun urte munduko lehen gerla piztu zuelarik bezala. Alderantziz Estatu gabeko nazio txikien nazionalismoa Europaren alde doa, Estatuen absolutismo egoista hori ahultzen baitu.
Horretaz hona zer zioen René Cassin handiak : “Il n’y a pas de contradiction (…) entre l’affirmation de l’identité basque ou bretonne, et l’unification de l’Europe. Il y a même concordance ; (…). Pour que l’Europe puisse se former vraiment (…), il faut briser la trop grande puissance des Etats, et renforcer la puissance des provinces (…).” (René Cassin, par Marc Agi, librairie académique Perrin, 1998, P. 303). “Euskaldun edo bretoi nortasunaren adierazpenak Europaren bateratzea ez du oztopatzen. Alderantziz biak bat datoz.(…). Europa egiazki egin ahal izan dadin (…), Estatuen indar soberakina hautsi behar da eta probintzien indarra gotortu (…).”
René Cassin sozialista zen. Horrenganik zer ikasia badu adibidez Patxi Lopez Lehendakari ohiak, eta segur ez da bakarra! Hori bezala mintzo da “euskal” PPko buruzagi anderea, eta biek bezala pentsu dute frantziar nazionalista izkutuek, eskuin ala ezkerrekoek. Horientzat besteak dira beti nazionalistak: beren begiko gapiru edo pitraila ez dute ikusten.
Europan Estatu gabeko nazioak, Cassinek “probintzia” deituko zituenak, abarkatzen eta edeiten dituen Estatuaren boteretik ahal den guzia hartu nahiz ari dira: Eskozia eta Katalunia zuzenean, independentzia bilatuz… Euskal Herria eta Flandria zeiharka, autonomia gehiago eskatuz…
Europa egiazki egin ahal dadin, Estatuen indar
soberakina hautsi behar da eta probintzien indarra
gotortu… (René Cassin).
Ikusirik Ibarretxe planak nola huts egin zuen, alta independentzia osorik ez zuelarik bilatzen, Urkullu lehendakariaren zuhurtzia ulertzen dut. Bi bide horietarik eraginkorrena zein ote den geroak erranen du, agian laster. Bitartean Estatuen joera Cassinek nahi zukeenaren alderantzizkoa da; barneko zentralizazioa sekula baino gehiago indartu nahiz dabiltza: bereziki Espainiako kasuan argi dago. Ber denboran Estatuak botere galtzen ari dira goitik, dela Europaren onetan, dela liberalismoaren fagoretan. Europaren alde doana ez da hainbat ikusten, prozedura ilun eta korapilatsu batzuen arartez egiten baita, demokraziatik urrun.
Horren berririk ez zaie hainbat ematen populuei, are gutiago argibiderik zehazten. Beraz normal da Europari bizkarrez itzul daitezen, gero eta gehiago urrunduz. Ordea liberalismoaren alde doana bistan dago: eskubide sozialen murrizketa, “erreforma” izen ederrez apaindua. Ai gezurtiak, hipokritak, faltsu tzarrak! Alderantziz, politika sozialak Estatuen eskutik Europako Batasunera igaran behar luke, jendeak aterpe zerbait ukan dezan multinazionalen aurrean. Amets bat gehiago?
Zer egin beraz? Borrokan eta lanean iraun Euskal Herriaren alde, Iparralde honetan zehazki lurralde kolektibitate baten alde. Ber denboran eskua luza Estatu gabeko beste nazioei, bereziki Hexagonoan Bretainia, Katalunia, Korsikari. Eta maiatzaren 25ean bozkatzen izan gara, boza emanez gure xedeetarik hurbilenik dauden hautagai zerrendei. Horien itzulia laster egina baitzen, gutarik bakoitzak bere hautua egin duke nekezia handirik gabe. Europako legebiltzarraren ahalmen urriak, oraikoan pixka bat emendatuko dira. Emendio meheenak ere gustagarri bilakatzen zaizkigu garizuma hits honetan. Hobe segur. Baina jo aitzina borrokan eta lanean.