Azken denbora hauetan ikusirik Espainiako bi alderdi nagusiek terrorismoaren aurkako itun berri bat izenpetu dutela, harriturik gelditu dira, bai politikari batzuk, baita jende arrunt frango ere.
Orain arte Espainiako gobernuek egindako tankera honetako itunak ETA aritzen zen borroka armatuaren kontra ziren, bainan ETA-k alde bakarreko eta betiko sueten bat aldarrikatu ondoren, ulert daiteke dokumentu berria ez dela Euskal Herrian egiten den nazio aldarrikapenaren kontra egina izan. Bainan gauza hain argia ez da.
Tranzizio luze honetan ez da lehengo aldiz itun antiterrorista bat egiten dutela, eta berri baten egiteak, iduriz, ez du zentzurik, ala aurrekoak betiko baztertuak izan direla pentsa daiteke.
Estatu Islamistak antolatu atentatuetan ba omen du haren sustraia itun berri horrek, eta bereziki urtearen hasieran Charlie-Hebdo kazetari eta marrazkilarien erahilketan.
Azken denboretan, mehatxu islamista ez da Espaniako Estatuan Frantziakoan bezain handia, arrisku batzuk badirela aitortu behar arren.
Atentatu islamista bakarra eta bortitza, dakigunez, 2004 urteko martxoan gertatu zen Madrilen, bainan gauza arraroa da hameka urtez beranduago itun berri hori egin nahi izatea.
Askoz zilegiago izanen zen garai hartantxe egin izana, bainan sarraskiaren egilea ETA zen ala ez zenik polemikak Espainiako alderdietatik azkarrenak elkarren aurka jarri zituen.
2004-eko atentatuaren zergaitikoak Jose Maria Aznar garaiko lehen ministroak ongi ezagutzen zituen: Cortes-en adostasunaren aurka, Bush eta Blairekin batera Espainiako osteak Irakera igorri izana zen, eta dudarik gabe, egokituko zitzaion Aznarrari ETA horren egilea izan balitz. Bainan haren zoritxarrez ez zen hala gertatu eta hauteskundeak galdu zituen.
Gaurko egunetan aldiz, ia-hauteskundeen bezperan gaude, eta “Dana ETA ren kulpa” delako lemak ez du zentuzurik borroka armaturik ez delakoan.
Bainan Espainiako alderdi zaharrei bildurra ematen dioten beste faktore batzuk badira: kinka ekonomikoa; PODEMOS-en igoera; Katalunian eta Euskal Herrian indar abertzaleen aurrerapenak. Naski, horri monarki post frankistaren gorabeherak gehitu behar zaizkio. Horretaz gainera Parot dotrinaren kontrako Europako Giza Hauzitegiaren ebazpenak kolpe gogorra eman dio Espainiako «ingenieria juridikoa» delakoari.
Edozein estatu demokrazi-zaletan lege antiterrorista baten eratzea ez da bakarrik alderdi nagusi bien afera, botere juridikoarena baizik. Frantziako klase politikoak batasunaren froga egin zuen 2012-ko apirilan eta urte horren hasieran, Merah eta Charlie-Hebdo kasuetan hurrenez-hurren, azken horretan FN-ak, berak bakarrik ezagutzen dituen zioengatik, peto bat egin arren. Espainiako alderdietatik handienak, besteekin elkarrhizketatu gabe egin dute opozizioko besteak baztertuz, funtsean, nire aburuz, demokraziaren kontra doana.
Lege berri hau egiteko PP-ak eta PSOE-ak, nire ustez, gaurko egoera baliatzen dute Espainiako «Codigo Penal» delako hori alda eta gogor ditzaten. Europako Auzitegiak eraginda, ETA kide asko aske uzteko beharrak AVT-ko hasarrea piztu du, eta naski Espainiako Gobernuak haien botoak ez ditu galdu nahi.