Iraganetik etorkizunera. Dependentziatik independentziara.
Euskal herritarron oroimen historikoa eta imajinario kolektiboa menpekotasunekoak dira. Mende luzeetako menpekotasunaren zamak sakon markatu du euskal gizartea, baina belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu da askatasun egarria eta, gaur egun, inoiz baino argiago dago geure buruaren jabe izateko beharra.Oso ondo ezagutzen ditugu dependentziaren kalteak: gerrak eta gatazkak; gure hizkuntzaren eta kulturaren aurkako erasoak; gure nazioaren eta eskubideen ukazioa; asimilazioa; gure garapen ekonomiko eta sozialerako tresna eta eskuduntzarik eza; etorkizuna eraikitzeko ezintasuna; eta abar luzea.Menpekotasunezko iraganari loturik mantentzen gaituzten kateak apurtu eta etorkizunera jauzia egiteko garaia iritsi da. Iraganetik etorkizunera. Zaharretik berrira. Dependentziatik independentziara.
Baina, espainiar eta frantziar Estatuen egituren barruan ez dago inolako burujabetza aukerarik eta agortuta daude jadanik Euskal Herriaren biziraupenerako eta etorkizun bat eraikitzeko posibilitate guztiak. Apurtu dezagun jauzi hori eragozten digun harresia: inposatzen diguten statu quo menperatzailea.Badakigu zer dakarren dependentziak. Begira dezagun harresiaz bestaldera eta ikus ditzagun independentziak zabaltzen dizkigun aukerak: demokrazia sakon eta partehartzailea eraikitzeko aukera; justizia sozialean eta aniztasunean oinarritutako gizartea eratzeko aukera; herritar guztiak duintasunez bizitzeko aukera, pobrerik gabeko euskal jendarte baterako aukera, euskaraz bizitzeko aukera, askatasunean eta bakean bizitzeko aukera; … azken finean, herri libre batean herritar zoriontsu izateko aukera.
Guztiontzat, guztion artean.
Behin eta berriz esan dugu euskal herritar guztiontzako Euskal Herria eraiki nahi dugula baina, horrez gain, guztion artean eraikitzea da ezinbestekoa. Etorkizun berri bat, guztiontzat, guztion artean.
Euskal Herriko biztanleen artean, gaur, hirutik bat Euskal Herritik kanpo jaiotakoa da. Gure gizartearen dibertsitatea eta sentimendu identitarioen aniztasuna argi eta garbi erakusten digu datu horrek, eta oso kontutan izan behar dugu subjektu independentista osatzeko orduan. Mugimendu independentista indartsu bat antolatzeko orduan.
Demokrazian, justizia sozialean, berdintasunean, eta askatasunean oinarritutako etorkizun komuna konpartitzeko prest gauden guztion artean eratu behar dugu subjektu independentista berria.
Euskal Herriaren brujabetzarako bidean Estatu espainiar eta frantziarrarekiko aldebikotasun eskema iragana da jadanik. Geure bidean aurrera egitea da gelditzen zaigun alternatiba eraginkorrena eta aldebakarreko bideari ekiteko estrategiak ezinbestez behar duen herri mugimendu zabal eta indartsua egituratzeko garaia da. Independentistak sarea bere jarduera osoa erronka horren alde jartzeko prest dago, hori delako, hain zuzen ere, bere misio nagusia.
Erabakiaren aroa: independentziari bai
Erabakitzeko garaia da. Aro berri baten sartu gara jadanik: erabakiaren aroan. Eta aurtengo Aberri Egunak inflexio puntua izan behar du jauzi horretan. Horrexegatik, bai hitza izango da Independentistak sarearen mezuaren gakoa Aberri Egunean: demokraziari, justizia sozialari, euskarari, etorkizunari, Euskal Estatu burujabeari, Euskal Errepublikari …bai!
Aberri Egunetik aurrera zabatzen den erabakiaren aroan gogotsu hartuko dugu parte independentistok eta subjeku independentista metatu eta aktibatzeko lanari ekingo diogu. Euskal Herriaren etorkizunari buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatuko dugu gizartean. Tailerrak, estabaida-guneak, solasaldiak, mahainguruak eta ekimen zabal eta partehartzaile ugari antolatu eta bultzatuko ditu Independentistak sareak herri eta eskualdeetan zehar.
Martxoaren 27an, Iruñean
Martxoaren 27an Aberri Eguna Iruñean ospatzeko deia egiten die Independentistak sareak euskal herritarrei. Ohikoa den moduan, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuz, egun osoko egitaraua izango da: eguerdiko 12etan manifestazioa hasiko da Golem zinemetan eta amaieran ekitaldi politikoa Sarasate Pasealekuan. Ondoren, ospakizunak segida izango du gauera arte eta, jai giroan, egitarau zabal eta oparoa izango da Iruñeako kaleetan zehar.
Autobusak Iparraldetik
Urte guziz bezala Aberri Eguna heldu zauku. Aurten, martxoaren 27an ospatuko Iruñan. Azken urtetan bezala, Independentistak Sareak antolatzen du eguna. EHBAIek autobusak antolatzen ditu Iparraldetik.
Izena eman behar da martxoaren 20a aintzin edo mailez [email protected] edo telefonoz 06.78.16.08.79. Joan jina 15€tan da, autobusean berean ordaintzen ahal duzuna.
Horra nundik pasatuko den autobusa. Etorri pixka bat lehenago, autobusak ezingo du goaitatu.
09:00 : Donibane Garazi (merkatu estalgiaren ondoan)
09:30 : Kanbo (herri zentroko aparkaleakuan)
10:10 : Baiona (San Andres plaza)
10:45 : Pausu
Itzultzeko, autobusa gaueko 9etan abiatuko da Iruñatik eta ber tokietan geldituko da.