Txomin Heguy, 2021ko maiatzaren 8a
Mixel Berhocoirigoini.
Ezin ote dezakegu
beste inola jakin
zein zaigun bizia min,
minbizia agertu aitzin !
Joxean Artze- Ortzia lorez, Lurra izarrez liburutik.
Enbor samurra
Doinua : Laborari kantuarena,
Laborari, Langile eta Nagusi ikuskizunetik,
Guk taldea.
Erle maitea, gur’erregina,
Gau hontan hil da etxeko jauna,
Baxe nafartar seme kuttuna,
Herritar xumearen laguna.
Zergatik utzi gaitu hain goizik,
Bihotza goibel (e)ta mututurik,
Landak dira lehorturik,
Iturria da agorturik,
Umezurtz sendi gara,biluzirik,
Gogoa husturik.
Kontzientziaren haragia
Duintasunaren argizagia
Laborari ttipien argia
Euskal Herriaren itsasargia
Bizitza ez baita antzerkia,
Ez bide zuzen, ez ordokia,
Eraikitzeko erabakia
Zian hire oldar jarraikia.
Pazientzian oinarriturik
Bestea entzunez lehen lehenik
Elea hartzen ondotik
Arrazoinez ihardetsirik
Barneko herra itxuraldaturik
Obra bihurturik.
Kontzientziaren haragia
Duintasunaren argizagia
Laborari ttipien argia
Euskal Herriaren itsasargia
Enbor fermua, enbor samurra
Lotu dituzu zerua lurra,
Eskutan arkatz eta aitzurra
Arindu duzu gure beldurra.
Uhartia Bordako haritza
Izanen zara gure zurkaitza
Gure indar (e)ta hizkuntza
Gizatasunaren baratza
Herri Mundu librearen loratza
Bakearen hitza.
Kontzientziaren haragia
Duintasunaren argizagia
Laborari ttipien argia
Euskal Herriaren itsasargia