Seaskak, elebidun sareko Biga Bai, Euskara Geroan, Erakasleak eta Euskal Konfederazioarekin batera murgiltze eredua eta irakaskuntza elebidunaren aldeko elgarretaratzera deitzen du asteazken huntan, ekainaren 26an, Donapaleuko «Bideak» gunera (Frantziskanoen etxe ohia Gibraltar bidea) arratsaldeko 2etatik goiti.
Egun horretan Pierre Barriere Akademia Ikuskaria eta Olivier Dugrip Akademiako Errektorea Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko hautetsiekin bilduko dira, eskola eta lurraldearen etorkizunaz mintzatzeko.
Euskararik gabeko eskola eta Ipar Euskal Herririk ez baitu onartuko Seaskak, sare elebiduna eta murgiltze ereduaren defentsan eginen du elgarretaratzea.
Besteak beste, heldu den sartzeko ikastolek 30 irakasle postu gehiago behar dituzte, eta Hezkuntza Ministeritzak 10 baizik ez dizkie hitzematen. Sare elebidunean 3 eskola publikotan murgiltze eredua idekitzea galerazi nahi diete.
Ber maneran, EH Baiek elgarretaratzera deitzen du ekainaren 26an 14:00etan Donapaleurat ondoko agiria lagun:
Hezkunde nazionaleko erreformek bat bestearen ondotik euskarazko erakaskuntza mehatxatzen dute. Murgiltze eredua antikonstituzionala omen da. Ikastolen garapena etengabe oztopotua da. Euskara erasotua da!
Alta, familiako transmisioa gehiago bermatua ez den honetan, Euskal Herri euskalduna eta ele ainitza eraiki nahi badugu, eskolak euskaldundu behar du!
Horrek frantses Hezkunde Nazionalak beharrezkoak diren baliabideak eman ditzan eskatzen du:
• ikastoletan ikasle kopuruen emendatzeari buru egiteko erakasle postuen diruztatzea
• sail elebidunean, imertsioa ereduaren orokortzea ama eskoletan eta egiazko oren parekotasuna bigarren mailetan
• lizeo eta baxoaren errefomaren baitan euskarazko erakaskuntzarentzat sail propioa, oren dotazio bereziekin, nazioarteko sekzioen gisara
• azterketak (brebeta eta baxoa) euskaraz iragaiteko ahalaFrantzian euskaldunak ez gara “konstituzionalak“. Hizkuntza politikaren baitan, euskarak hezkuntzan izan behar duen tokia Euskal Herritik beretik finkatu ahal izaiteko, erabaki guneak bertaratu behar direla argi dugu beraz. Euskara erasotzen duen jarrera jakobino eta uniformizatzailearen kontra, pertsona eleainitzez osatua den EH euskaldunaren alde.
Eskolak euskaldundu behar du!