Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Bai bixtan dena, aipatuko digute abstentzioa; omen abertzaleak militanteak direla beraz joaten dira bozkatzera, besteak baino gehiago. Behar ginituzke ikerketa edo inkesta zehatz batzu hori frogatzeko bainan badakigu ere abertzale bozkatzen dutenen artean, jende arruntak badirela, dudatzen dutenak, gure proposamena edo munduaren ikuspegia duela gutti deskubritzen dutenak eta beraz abstenitzen direnak ere. Seguraski, kasu batzuetan, ekainaren 21eko hauteskundeek ezagutu duten parte hartze apalak EHBai koalizioa abantailatu du bainan orokorki, segur da ere duela hamarkadak eta azken urteetan partikulazki erein izan diren hainbat hazik fruituak ematen dituztela orain. Abstenzio egoera horretan, EHBai-k lehen itzulian 3000 boz irabazi ditu azken 2015eko departamenduko hauteskundeekin konparatuz; horrek frogatzen du ere aintzinamendu handiak egiten ditugula. Ez da beti plazer baten aintzinean muttur egon behar, eta joan den igandetik goiti abertzale batek baditu arrazoinak lorios izateko.
EH Bai-k 3000 boz irabazi ditu
azken 2015eko departamenduko hauteskundeekin konparatuz;
horrek frogatzen du ere aintzinamendu handiak egiten ditugula.
Hauteskundetan parte hartzea, sistemari indar ematea dela pentsatzen dute batzuek eta zilegi da nunbait hori gogoetatzea bainan aldi berean, badakigu frantses estado zentralista bezalako egitura batean, garaipenak ez direla bakarrik irabazten karrikan edo alternatiba mugatu batzuetan. Euskal nortasunari edo kolektiboari ezagutza ofizial edo publiko bat eskaintzeko, izan dira borroka ainitz. Azken horiek urratsez urrats irabazi dira, alde batetik sistemaren kontra joanez, bainan ere bestaldetik gure burua ordezkatuz tokiko eremuetan edo instituzioetan.
Gure izatea, errealitatea edo aldarrikapenak ezeztatuak edo errefusatuak zirelarik, alternatiba bat eraikia izan da, EHLGren edo Seaskaren adibideek erakutsi digutena bezala.
Hauteskunde hauetan, abstentzioaren tentamendua eta gauzatzea noski, azkarra izan da. Ordezkaritzaren modeloa zalantzan ezarria da gero eta gehiago, egia da politikari batzuen harrokeriak, klientelismoak edo ezin kenduzko presentziak ez dutela erakusten gaurko modeloa sanoa dela edo dudak sorrarazten ahal dituztela. Aldi berean, begi bixtan agertzen da Iparraldeak ezagutzen dituen problematika ainitz gure gain hartzen ahal ditugula tokiko egitura politikoak eskuratuz, hemengo jendeak eta baita ere duela gutti gure herrira etortzen eta instalatzen direnak konbentzituz, garatzen diren eztabaidetan gure iritzia plazaratuz edo defendituz. Hortarako, baitezpadakoa dugu presentzi masibo bat funtzio politiko guzietan.
Horrez gain, mundu mailako testuinguruarekin eta martxan jartzen diren ekimenekin bat egiten dugu Euskal Herrian, horrek ere lagunduko du heldu diren urteetan biltzen hasten giren fruituak gehiago ontzeko. Eztabaida sakon bat pausatzen da, ea askatasuna bidea denez edo bidea askatasuna.
Pausoz pauso, abertzaletasunak bere bidea egiten du. Maila desberdinetan, frantses estadoak bere jakobinismoa pizten edo berpizten du azken denboretan. Horrez gain, egoera sozio-ekonomikoaren larritasunaren eta gaizkiagotzen diren desberdintasunen aintzinean, argi da ezkerreko politika ausart bat garatu behar dela. Bigarren itzuliaren ondotik, abertzaleen emaitzak ikusirik eta partikulazki Hendaiako eskualdean lortu diren eserlekuak kontutan hartuz, aterabide bakarra Euskal Herriari bai erraitea da oraindik ere heldu diren hitzorduetan.