Burujabetza digitala, presazkoa baina oraindik urrun

Big Data Is Watching You – Bid Data so zaizu.


Francesca Bria ekonomialariak, eta politika digitaletan eta informazio teknologietan adituak, artikulu mamitsu bat izenpetu berri du La Vanguardia aldizkarian: “Tekno-autoritarioen estatu kolpea: demokrazia-osteko Amerikatik heldu den Europara”. Bertan, Estatu Batuetako buruzagitzan azken hilabeteotako gertaera batzuk azterturik gure arreta deitzen du: Europan nolako burujabetza digitala eraikitzeko gai gara?

Joan den uztailean AEBetako armadak 10 miliarreko kontratua izenpetu zuen Palantir Technologies enpresarekin. Francesca Briak dioskunez, “sinplifikazio burokratikoa zirudiena, berez, enpresa pribatu bati funtsezko funtzio militarren uzte estrategikoa izan da, Peter Thiel enpresa horren sortzaileak argi eta garbi adierazi zuelarik “askatasuna eta demokrazia jada ez direla bateragarriak” […] Armadak ez zuen soilik softwarea erosi: subiranotasun operatiboa utzi zion plataforma bati, hura gabe jada ezin du funtzionatu.
Washingtonen, gobernantza demokratikoak aro digitalean izan duen erronkarik sofistikatuena planteatzen duen antolakuntza berri bat eratzen ari da: Konplexu Teknologiko Autoritarioa. Aurreko edozein eredu politiko-industrial baino lasterragoa, ideologikoagoa eta pribatuagoa da. Silicon Valleyk jada ez ditu aplikazioak soilik eraikitzen: inperioak eraikitzen ari da.
Aberriaren aldeko teknologia aldarrikaturik, enpresa-, finantza- eta ideologo-koalizio batek zainketako, hertsapeneko eta konturik eman gabeko gobernantzako azpiegitura planetario bat diseinatu du. Ez da metafora soila. Sistema estratifikatua da —hodeiko plataformak, AA-ereduak, finantza- eta drone-sareak, sistema orbitalak—, eta kontrolerako azpiegitura teknopolitiko integratu bat osatzen du, nik Pila Autoritarioa deitzen dudana. Goi-goian, Silicon Valleyko ordezkari eskuindarrenak daude —Thiel, Musk, Andreessen, Sacks, Luckey eta Karp—, eta haien inbertsioak proiektu politiko batekin lerrokatzen dira: subiranotasunaren ordez, aktibo pribatutan oinarrituriko eredu bat ezartzea.
Mobilizazio masiboaren eta estatu-indarkerian oinarritzen den autoritarismo tradizionala ez bezala, sistema honek azpiegitura teknologikoaren eta finantza-koordinazioaren bidez jarduten du. Horren ondorioz erresistentzia ez da soilik irudikatzeko zaila, baizik egituraz zaharkitua.”

Europak bere menpekosasuna sakontzen

2025 erdira arte Europan alerta seinale asko zeudela dio: Italiako armadak Starlink integratzekotan zegoen, Alemanian Rheinmetall enpresa droneak ekoizteko lotu zen Thiel-en Anduril enpresarekin, Bavariako poliziak kontratuak izenpetu ditu Palantir enpresarekin ere, eta enpresa horrekin ere bai Erresuma Batuan osasun sistema nazionalak (NHS) pazienteen datu baseak kudeatzeko, baita defentsa departamenduak ere adimen artifizial baliabideak garatzeko.

Briak idazten duenez, “erabaki horietarik bakar batek ere ez zuen eztabaida esanguratsurik eragin parlamentuan. Gutxi iritsi ziren hedabideen lehen orrialdeetara. Hala ere, batera harturik, Europako subiranotasuna sistematikoki Silicon Valleyko inbestitzaile ideologikoenek babestutako enpresa teknologiko estatubatuarrei externalizatzen zaiela adierazten dute. Europako gobernuek autonomia estrategikoa dute helburu, beren azpiegitura kritikoak Estatu Batuetako plataformen mende jartzeko birkonfiguratzen ari diren unean, plataforma horien exekutiboek Europako demokrazia aktiboki ahultzen dutelarik.
Inplikazio suntsitzaileak dituen paradoxa da: independentziaren bila izan, sinatutako kontratu bakoitzarekin kontrola uzten ari garen bitartean.
Estatuaren azpiegitura kritikoak bost esparru estrategikotan aldatzen eta berrezartzen ari dira –biztanleriaren informazioa, diru-hornidura, defentsa, komunikazio orbitalak eta energia–, eta horiek dira kontrol demokratikoaren oinarriak.”

Sare eskuindar berriak

Palantir AEBetako gobernuaren sistema eragilea de facto bilakatu da. Ospe txarreko ICE departamendua laguntzen du ere masa-deportazioak errexteko. Gobernuaren “Eraginkortasunerako” departamenduak (DOGE) enpresa horren Foundry plataforma erabiltzen du laguntza sozialen inguruko erabaki indibidualak “automatizatzeko”, finean erabaki politikoak kodifikatzen dituzten algoritmoen bitartez. Stephen Miller (presidentearen kabineteburu-ordea) Palantir enpresaren akzioduna da (250.000 dolar ditu). Enpresa horren jabea den Anduril enpresak satelite transmisioetan dihardu, baita arlo militarrean ekintzak automatizatzeko sistemetan ere (hau da, zer jo erabaki, jo, eta itzuli, inork kudeatu gabe). Joan den uztailean defentsa idazkaria Pete Hegsethek iragarri zuen droneak eta arma autonomoak guziz integratuak izanen zirela 2027an.

Francesca Briak dioenez,
“NATOren komunikazioak Europan eskuin muturreko alderdiak
deblauki bermatzen dituen gizon baten kontrolpeko enpresa baten menpe direnean,
defentsa kontuetan autonomia antzerkiko fikzio hutsa da”.

Defentsa arlo horretan diharduen bertze enpresa bat Starshield da, SpaceX enpresaren adar bat, eta gaur egun horren esku daude orbita apaleko komunikazioak, estatuaren kontrol esklusibopean izan ohi zirenak. Francesca Briak dioenez, “NATOren komunikazioak Europan eskuin muturreko alderdiak deblauki bermatzen dituen gizon baten kontrolpeko enpresa baten menpe direnean, defentsa kontuetan autonomia antzerkiko fikzio hutsa da”.

Bertze hainbat enpresa (AWS GovCloud, Microsoft Azure for Government, OpenAI, Meta, Anthropic) operazio militarretan gero eta sartuagoak dira, eta modu “subiranoan” funtzionatzen dute, hau da kontrol publikotik kanpo ari dira eta gobernuak azpiegitura pribatuen menpe ezartzen ari dira. Sare hori ulertzen laguntzeko https://www.authoritarian-stack.info/ web orrialdea sortu du Francesca Briak

Aldaketa atzeraezinak

Gehitzen du: “Kontratu berri bakoitzak tranpa handitzen du. Palantir gobernu operazioetarako ezinbesteko bihurtzen denean, NATOk Andurilen droneak estandar gisa hartzen dituenean, instalazio nuklearrek gainerako guztia gidatzen duten IAko sistemak elikatzen dituztenean, aldaketa atzeraezina da.
Sortzen dena ez da enpresa-jarduera tradizional bat, baizik eta subiranotasunaren funtsezko aldaketa bat: erakunde demokratikoen bidez gauzatzen den autoritate politikotik eragile pribatuek gauzatzen duten kontrol teknikora pasatzen da. Brusela “subiranotasun digitalari” buruz eztabaidatzen ari den bitartean, Europako ministerioek Pila Autoritario horri gobernu funtzio zentralak transferitzen dizkioten kontratuak sinatzen dituzte. Menpekotasun berri bakoitzak etorkizuneko autonomia politikoa murrizten du logika antidemokratikoa gobernuaren azpiegituran txertatzen duen bitartean.

Elon Musk, Peter Thiel eta David O. Sacks.

Trump 2.0 aroan Silicon Valleyren eraldaketa politikoak Evgeny Morozovek “oligarkia-intelektualak” izendatzen dituenak sendotzen ditu: arrisku-kapitalistak, XXI. mendeko kapitaleko intelektual organikoen antzera jokatzen dutenak. Teorizatu ez ezik, burujabetza modu berriei buruz ebanjelizatu egiten dute ere.

Jabetze autoritarioa

Gramsciren industria-aroko intelektualek lehendik zeuden egiturekiko atxikimendua sortzen zuten. Haiek ez bezala, figura berri horiek beren ebanjelioa zabaltzen dute arrisku-kapitala finantzatuz, beken bidez eta kideko pertsonak jarrera estrategikoetan kokatuz. Horrela gobernantza postdemokratiko bat diseinatzen dute, eta erabiltzen duten azpiegitura teknologikoak gainbegiratze tradizionala zaharkitua bilakatzen du.
Ihesaldi libertario gisa jaio zena, jabetze autoritario bihurtu da. Estatuko agintaritzatik ihes egiteko noizbait seasteading-a(1) eta kriptomonetak defendatu zituen sare berak orain gobernuko maila gorenetan jartzen ditu bere kideak. Erakunde paralelorik eraiki ahal izan ez dutenez, eragile horiek ohartu dira eraginkorragoa dela beraiek bihurtzea Estatuaren azpiegitura.
Adibiderik argiena finantza alorretik dator. Haien jokaldia “kripto” munduan beti kontrakorrontera joatea izan zen: Bitcoin inork erosten ez zuenean erosi, gorenetan saldu eta erortzearen ondoren berriz erosi. Bada, kronograma bera aplikatu diote politikari: estatua besarkatzea Silicon Valleyk horrengandik ihes egitea predikatzen zuenean, eta nazionalismo kontserbadorea sustatzea elite teknologikoek oraindik globalismoa ospatzen zutenean.

Demokraziaren ordezkapena

Orain, Trumpen GENIUS Legearen pean, stablecoin-ak(2) “segurtasun nazionaleko azpiegitura” gisa birsailkatzen dira, igorle pribatuei kasik banku zentralek dituzten botereak emanez. Scott Bessent Altxorraren idazkariak adierazi duenez, bi miliar dolar ere sor ditzakete Estatu Batuetako Altxorraren bonu eskaera berrian: defizit publikoak babesten dituen moneta sistema pribatua.
Boterea gauzatzeko ez da nahikoa hauteskundeak irabaztea: kontratuak irabazi behar dira. Eskuratze-ziklo bakoitzak hautu demokratikoa murrizten du, hautua bera inbertitzaileei –ez herritarrei– zerbitzatzeko eraikitako azpiegiturengatik teknikoki mugatuta geratu arte.
Teknoautoritarioek badakite. Horregatik pasatu dira demokrazia zalantzan jartzetik haren ordezkapena eraikitzera. Ez dute behar boto-emailea konbentzitzea, baizik eta estatuko azpiegitura kritikoena kontrolatzea.
Demokraziak jarraitzen du iraganetik herentzian jasotako interfaze gisa, egonkortasun arrazoiengatik mantentzen da, baina sistematikoki hustu eta ordeztua izaten ari da. Silicon Valleyko eskuin teknologiko autoritarioak ez du mundu honi buruz teorizatzen: jadanik eraikitzen ari da.”

Hautu kritiko baten aurrean gara Europan:
edo demokrazia zaharkitutzat jotzen duten teknoautoritarioen eskuko plataformei uzten diegu
gu gobernatzeko eskumena,
edo zinezko burujabetza digitala eraikitzen dugu,
gehiago igurikatu gabe.

Eta horren aurrean zein berant diren Europako administrazioak, eta zein atzeratuak Europako herritar gehienak, egunero darabiltzaten tresna eta azpiegitura digitalei buruzko zinezko ulermenik gabe. Hautu kritiko baten aurrean gara Europan: edo demokrazia zaharkitutzat jotzen duten teknoautoritarioen eskuko plataformei uzten diegu gu gobernatzeko eskumena, edo zinezko burujabetza digitala eraikitzen dugu, gehiago igurikatu gabe.

(1) Seasteading: itsas zabaleko etxebizitza flotagarriak, nazioarteko uretan izanik inongo estaturen legeak bete behar ez lituzketenak

(2) Stablecoin: bertze kriptomoneta edo moneta arrunt bati, edo burtsan kotizaturiko produktu bati bere prezioa lotua duen kriptotxanpon mota

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude