Ipar Euskal Herrian ez dira Hego Euskal Herrian bezain ardura izaten herriko bozak. Sei urtetarik behin ditugu bakarrik. Bozen antolaketa bera ere guztiz desberdina da. Heldu den urteko martxoan dira udal hauteskundeak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, hots ikasturte honetan. Jadanik ari dira bazterrak berotzen eta ikasturtean zehar Iparraldeko mugimendu politiko gehiena hauteskunde horietara bideratuko da, nahiz eta udazkenean beste hitzordu inportante batzuk badiren lurralde antolaketaren erreformaren harira.
Iparraldeko herriko bozak nekez uler ditzake Hegoaldeko batek, han bezala funtzionatzen duela uste badu. Ez da hango eskemen arabera begiratu behar. Alderdi politikoen pisua anitzez txikiagoa da Iparraldean. Hasteko, alderdi politikoak ez dira erakunde horietatik eta hauteskunde horietatik diruztatzen. Baina bereziki, hauteskunde sistema osoki desberdina da. Alde batetik daude 1.500 biztanlez beherako herriak, non bozkatzen duenak zerrenda bakoitzetik nahi dituen hautagaiak hautatu edo baztertu ditzakeen (zerrenda bat hartzean bi aukera ditu: zerrenda osoaren alde bozkatu, edo izen batzuen gainean marra egin eta beste izen batzuk proposatu, hauteskundeetan aurkezten ez direnena barne). Zinegotzi bihurtzeko, hautagai bakoitzak behar du bozen erdia baino gehiago. Ondorioz, kasu gehienetan, zerrenda irabazleko hautagai guztiak bihurtzen dira hautetsi, eta zerrenda galtzailekotik bakar bat ere ez da herriko kontseiluan sartzen, bozen %49 eskuraturik ere.
Herri handiagoetan, sistema proportzionala da. Haatik kasu: zinegotzien erdia zerrenda irabazlearentzat izaten da, eta beste erdia zerrenda guztien artean banatzen da, lortutako bozen arabera. Ondorioz, zerrenda irabazleak gehiengo osoa segurtatua du. Lehen itzulian ez badu bozen erdia baino gehiago lortu, bigarren itzulia egiten da. Bigarren itzulian, aski da gehiengo sinplea lortzea, zinegotzien erdia baino gehiago eskuratzeko. Lehen itzuliaren eta bigarren itzuliaren artean zerrendak alda daitezke, zerrenden arteko akordioen bidez. Gutxieneko boz kopuru bat behar da bigarren itzulian aurkeztu ahal izateko edo beste zerrenda batekin bat egin ahal izateko. Zerrenda batek gehiengo osoa lortzen badu lehen itzulitik, boz aski lortu ez duen zerrenda zinegotzirik gabe geldi daiteke.
Horiek kontuan hartuz, nola egin dezakete abertzaleek ahal bezainbat zinegotzi lortzeko?
Herri txikietan, zerrendak osatzen dituztenean, zinegotzi bihurtzeko aldagai hori kontuan hartzen dute, eta gehienetan ez dira alderdien araberako zerrendak osatzen, baizik eta herri barneko harremanen araberakoak. Abertzaleek egin dezakete zerrenda bakar bat, edo zerrenda batean edo bestean sar daitezke. Hauteskundez hauteskunde, belaunaldiak pixkanaka berritzen dira, jende gaztea sartuz. Abertzaleen belaunaldia dinamikoa da, eta herrian inplikatzen badira gisa batez edo bestez, aise lortzen dute zerrendetan sartzea, baita zerrendaburu gisa ere. Gisa horretan, aitzineko hauteskundeetan hautetsi eta auzapez abertzale gazte berri andana bat sartu zen. Pentsa daiteke fenomeno horrek aitzina segituko duela heldu diren hauteskundeetan ere.
Herri handietako hauteskundeak politikoagoak dira; alde horretatik, zerrenden osatzea “sinpleagoa” izan daiteke. Baina kalkuluak ere konplikatuak dira. Desadostasunak eta zatiketak ere araberakoak. Herri bakoitzak bere errealitatea du. Lehenik ikusi behar dute zein den helburua: oposizioan egotea, bizpahiru hautetsirekin, ala gobernura heltzea, hauteskundeak irabaziz edo beste zerrenda batekin aliantza eginez, azken urteetan Miarritzen egiten duten gisan. Zerrenda abertzale soil bat osatuz, hauteskundeak lehen itzulian trenkatzen badira, hautetsi batzuk lor daitezke, salbu emaitza espero baino txarragoa baldin bada. Hauteskundeak ez badira lehen itzulian trenkatzen eta zerrenda abertzaleak ez badu bozik aski lortu, ez daiteke bigarren itzulian aurkeztu eta zinegotzirik gabe gelditzen da.
Beste aukera bat da akordio bat lortzen ahalegintzea, hauteskundeak irabaztekotan. Helburu horretara heltzeko bi bide daude: lehen itzulian zerrenda abertzalea osatu eta bigarren itzulirako akordioak egin; edo lehen itzulitik koalizio bat osatu. Lehen aukerak arrisku bat dauka: hauteskundeak lehen itzulitik trenkatzen badira, kasu hoberenean oposizioan zinegotzi bat edo beste lortzea. Bigarrenak beste alde ilun bat dauka: abertzaleen indarra ezin neurtu izana eta haien mezua eta presentzia diluituak izatea. Horrez gain, zatiketa iturri den beste apustu bat da: norekin egin koalizioa lehen itzulitk? Desadostasun politikoak sor daitezke: euskaldunei begira hetsiak diren ezkertiarrekin ala nahiko euskaltzale ageri diren zentristekin? Beste duda da, apustu taktikoa: zeinek ditu hauteskundeak irabazteko aukera handienak? Merezi ote du zerrenda batean urtzea eta nortasunaren zati bat galtzea, irabazteko segurtamenik ez bada, jakinez, gainera, zerrenda horrek hauteskundeak galduz gero, litekeena dela abertzaleak zinegotzirik gabe gelditzea?
Kasu guztietan, kontuan hartu behar da ez daitekeela erabaki uniformerik hartu, herri eta hiri bakoitzeko errealitatea desberdina delako, bai tendentzia politiko bakoitzaren indarra, bai bakoitzaren jarrera politikoa, bai elkarren arteko harremanak edo herri horretako auzi nagusiak. Erabakiak herriz herri hartu beharko dira, aitzineko hauteskundeetan bezala, lekuan lekuko errealitateen arabera.