Jose-Ramon Becerra, duela 20 urte pasa ingurumenaren alde ari da Hego Euskal Herrian, eta Ekokontsumo federazioaren Idazkaria izan da. Gaur egun EQUO talde politikoaren bozeramailea da. Ingurumenan, bai eta segurtasun industrial eta energetikoan berezitua den ingeniaria da ere. Iparraldean, trantsizio energetikoaren eta ekonomiaren ber-tokiratzearen aldeko politika haundi nahi batek sor litzazken enplegu kopuruen zenbatzea eta aurkezpena egiten duen Bizi!k galdatutako txostenaren egilea da.
Bere azterketan, Jose-Ramon Becerra ingeniariak kalkulatu ditu Ipar Euskal Herrian, politika klimatiko haundi nahi batek sortzen ahal lituzken enplegu kopuru eta motak. 10 000 enplegutik goitiren sortzea aintzin ikusia litaike, jakinez 15 883 enplegu galdegile badirela gure lurraldean A kategorian.
Azterketa honek Ipar Euskal Herriarentzat egiazko trantsizio politika bat marrazten du arlo bakoitzean (laborantzan, industrian, energia urritasunean, energia berriztagarrietan, bizitegien zaharberritze energetikoan, mugikortasun jasangarrian, hiri hondarkinei balio emaitean, ekoizpen batzuren ber-tokiratzean, zirkuitu labur eta hurbileko komertzioetan…) hainbat hautu biziki zehatz eginak izaiten ahal direla esplikatuz.
Ikerketa globala hau aurkeztua izanen da lehen aldikotz eta esklusibitatean, osteguna honetan, apirilaren 9an, 20:30tan Ainiza-Monjoloseko Laborantza Ganbaran, eta ostirala honetan, apirilaren 10ean, 19:00etan, Manu Robles-Arangiz Fundazioaren egoitzan (Baionan).
Publiko zabala eta Iparraldeko bizi politiko, ekonomiko, sozial, kulturaleko bai eta ingurumen arloko aktore ezberdinak ongi etorriak dira, eta, ikerketa honek plazaratzen dituen proposamen eta estimazio ezberdinei beren iruzkinen gehitzerat gomitatuak dira.
Jose Ramon Becerrak, bere Iparraldeko 2 hitzaldiak aintzin, Enbata.info-k luzatu dizkion galderei erantzunak ekartzen dizkio:
• Zer dira politika klimatiko baten ezaugarriak?
Batez ere, eraginkorra izan behar da; hots, helburua bete behar du, klima-aldaketa geldiarazteko eta arriskuak gutxitzeko. Orain arte egindakoa, gehienetan ez da mamian sartu, azalean baizik. Horrekin batera, guztion artean eraikia izan behar da politika hori. Azken finean, klima-aldaketa guztion artean sortu dugu, eta guztion artean eman behar diogu erantzuna, bestela ez du eraginik edukiko.
• Bertokiratzeari buruz ari girelarik, zertaz ari gira?
Gure beharrak hemen bete behar ditugu, batez ere materialak. “Hemen” esan nahi du ahalik eta hurbilen, inguruan eta ingurunea zaintzen. Lana eta ekonomia bertokiratu ahal izateko, lehenik eta behin hiritarrok beharrak aldatu eta egokitu behar ditugu.
• Zein da politika zehatz batzuk ondorioztatzen ahal dituzten lan postu sortzeak estimatzeko jarraitzen den (edo erabili duzun) metodologia?
Batzutan, nazioarteko erakundeek egindako lanak erabil ditzakegu. Baina gehienetan ikerketa zehatzak hartzen ditugu, munduko beste leku batzuetan egindakoak. Kasu horietan, lurralde baten egoerara egokitzea da zailena, leku bakoitzean berezko baldintzak aintzat hartu behar ditugulako.
• Nola lan egin duzu Iparraldeko egoeraren hurbiltzeko? Hots, zer datu mota erabili dituzu?
Iparraldeko kasuan, zaila izan da zehaztea zeintzuk diren lurraldeko datu propioak, Frantziako beste eskualde batzuen datuekin sartuta daudelako (Aquitaine, Pyrénées-Atlantiques). Hegoaldean datu eta estatistika gehiago ditugu, gure lurraldearen benetako egoera ondo ezagutzeko. Baina Bizi!-ren laguntzarekin, dena aurkitu dugu (energiaren iturriak, nekazal-produkzioa, arrantza, garraiobideen erabilera, etxebizitzen egoera, hondakinen kudeaketa…).
• Jadanik ikerketa bat egin zinuen Hego Euskal Herriari buruz… Zein izan Iparraldeari buruzko ikerketa honek ekartzen dituen berritasun azpimarragarriak ?
Batetik, argi eta garbi ikusi dut Iparraldeko eta Hegoaldeko egoerak ez direla batere antzekoak. Errealite ekonomikoak desberdinak ditugu oso, eta hori garrantzi handikoa da, enpleguaz ari garenean behintzat.
Bestetik, konturatu naiz populazioaren kopurua badaukala eragina, aldaketa politikoak proposatzeko garaian. Hegoaldean jende gehiago bizi gara, eta hori abantaila handia da. Eskalaren arabera, politika batzuk egin daitezke ala ez (garraioa, hondakinak, etxebizitza…).
• Zein dira datozen pausuak horrelako ikerketak teoriatik praktikara pasatzeko ?
Ikerketa abiapuntua da, besterik ez. Horretan datuak bildu ditugu, eta horren bitartez informazioa hedatu nahi dugu gizartean, modu ulergarri batean. Gero eztabaida pizteko eta aberasteko garaia da. Gizartean langabeziaren arazoak ezagunak dira, baina ekonomia eta ekologiaren arteko lotura igual ez da hain nabarmena. Beraz, kontzientziazioa sortu behar dugu bigarrenik. Ikerketan proposatzen diren irtenbideak egiteko modukoak dira, baina finantziazioa behar da. Prest al daude agintariek aurrerapausua emateko, politikak aldatzeko eta behar diren tresnak (ekonomikoak, administratiboak…) martxan jartzeko? Hori da azken kontua, funtsezkoena.
• Beste ohar edo gomendiorik ?
Irakurri gure txostena, hausnartu horri buruz, bilatu informazio gehiago, iritzi kritiko eta propioa eman, aberastu proposamena eta osatu guztion arteko alternatiba, Iparraldeko etorkizuna eraiki ahal izateko.