Bigarren itzuliaren erronkak

PrintFriendly and PDF
Xabi Larralde
Xabi Larralde
Ekonomia erakasle, Sortu-ren bozeramaile.
Beste artikulu batzu

HerrikoETxe

Martxoaren 15eko herriko etxeetako hauteskundeek emaitza aski onak eman dituzte abertzaleentzat. Ekainaren 28 ko 2. itzuliak emaitza on horiek baiezta ditzake. Covid-aren ondotikako krisi ekonomiko latzak ekarriko dituen zailtasun kezkagarrieri erantzun politiko bat emaiteko, herrietako eta Elkargoko arduradunek eginkizun haundia ukanen dute, guziz prekaritatea eta gabezia nolabait arintzeko.

Ekainaren 28rako finkatu du frantses gobernuak herriko bozen bigarren itzuliko hitzordua. Ezkerreko abertzaletasunak posizio baikor batetik helduko dio bigarren itzuli horri. Nahiz eta salbuespen inportantea dugun Baionako kasuarekin, hiri nagusian egoera deitoragarria sortu baitzaigu.

Ekainaren 28ari begira erronka handia dugu hainbat herritan abertzale batek auzapezgoa altxatzeko aukerak baitaude: Uztaritze, Urruña, Ziburu, Itsasu…

Kondutan hartuz jada lehen itzulitik hainbat auzapez abertzale ditugula, eta herriko kontseilari frango, ezkerreko abertzaletasuna lehen lerroko indar munizipalista bilakatzeko punduan da Iparraldean.

Hori ez da bigarren mailako datu bat, eta abertzaleak ongi mobilizatzen badira, aukera hori errealitatea bilakatu daiteke ekainaren 28aren biharamunean.

Hala ere, hauteskunde hauek Covid-aren krisiarengatik oso baldintza demokratiko eskasetan eman direla salatu behar dugu. Hortaz, krisi sanitarioarekin beste motatako bigarren itzulia jokatuko da; konfinamendu neurriengatik jarduera ekonomikoaren etenaldiak ondorio ekonomiko eta sozial larriak kateatuko dituelako. Eta nola ez, azpimarratu behar da horri begirako aitzin-ikuspenak oso kezkagarriak direla.

Horien artean, Nazioarteko Diru Funtsak iragan mendean 30. hamarkadan gertatu depresioaren hein bereko gainbehera ekonomiko bat ezagutu genezakeela abisatu du. Maleruski, pentsatzen ahal dugu langabeziak gora egin duela eta gure jendartean pertsona andana batek prekaritatea ezagutuko duela.

Prekaritateari aurre egitearen premia

Ezkerreko aberzaletasunak ordezkatu dezaken lehen lerroko indar munizipalistak bere jarduera herritarren mesedetan kokatzea exijentzia izan beharko da guretzat. Eta arlo ekonomiko- sozialean prestatzen ari den krisiaren bigarren itzuli horri erantzun beharko dio, bereziki nere ustez, sor daiteken prekaritate arazo latzari aterabideak gogoetatuz eta horiek ausardiarekin indarrean jarriz. Sekulan baino gehiago, ezkerreko abertzaletasunak bere ADN politikoari atxiki behar dio, indar militantea eta eraldatzailea izaten segituz.

Alde batetik, Covid-aren krisiak sistema neoliberalaren gainditzeko behar gorria agerian uzten du behin eta berriz. Ezinbestekotzat jotzen dugun eraldaketa soziala eta ekologikoa behetik gora gauzatu beharko denez, eremu munizipalak eta herri-elkargoarenak sistema alternatibo baten eraikuntzaren laguntzan eta bultzadan izanen du zer egin.

Bestetik, ez dezagun pentsa sistema neo-liberala kikildurik egonen dela, mundu osoan eragiten dituen desmasiengatik doluturik.

Guziz kontrakoa: defentsarik onena ofentsiba baita, neo-liberalismoak hozka bat aitzinago joan nahiko du bere logikan. Eta, 2008ko krisiaren ondotik eman diren gertakariak ber-gogoratuz, kontra-ofentsiba horrek jorratu ditzaken lerroak irudikatu genitzake. Horien artean lehena: esparru ekonomiko-sozialean burutu diren “erreformen” jarraipena… Hor ditugu adibidez, MEDEF-ek edo Montaigne Institutoak (“think-tank” liberala) egiten dituzten iradokipenak lan denbora areagotzeko, bistan dena, lansariak emendatu gabe…

Ezkerreko aberzaletasunak ordezkatu dezaken
lehen lerroko indar munizipalistak
bere jarduera herritarren mesedetan kokatzea
exijentzia izan beharko da guretzat.

Xahutze publikoaren faktura

Bigarrena, eremu publikoaren ber-antolaketa. Izan ere, goiz ala berant, ekonomia sustatzeko banatzen diren laguntza publikoek sortzen duten defizitaren zuloa tapatzearen izenean murrizketak etorriko dira. Alabaina, norbaitek xahuketa publikoaren “faktura” ordaindu beharko du. Horri begira ere iragarpenak argiak dira. Fiskalitate politikari dagokionean adibidez, E. Macron-ek fortuna handien gaineko zerga ez duela berriz plantan jarriko errepikatu berri du. Beraz mezua zuzena da: ez da pentsatu ere aberatsei faktura ordainaraztea. Giro hortan, adi egon gaitezen gauza batekin: murrizketek eta baliabide publikoen “razionalizatzeak” Estatuen bir-zentralizazioa suposatzen dute, gastuak eta diru sartzeak esku bakar batek kudeaturik hobeki kontrolatzen baitira. Eta hori da gertatu dena 2008ko krisiaren ondotik Frantzian: 2009an N. Sarkozyk zerga profesionala ezabatu zuen, eta 2014ean, F. Hollande-k makro-eskualdeak sortu zituen, eta ondotik herri-elkargoen batuketa bultzatu zuen. Hots, hauteskundeen bigarren itzuliaren erronkak jartzen digun panorama honela ezaugarrituko nuke: indar politiko gisa geroa gurea da, baina herri ikuspegi batetik garai gogorrak heldu zaizkigu.

2 Comments

  1. Alexandre
    Posted 16/06/2020 at 07:52 | Permalink

    Beharba…

    Bainan konkretuki, noiz utziko dituzue libre Baionako abertzaleak?

    • Antton
      Posted 16/06/2020 at 14:00 | Permalink

      Alexandre, ez zara libre sentitzen? Ez duzu nahi duzuna bozkatzen ahal hala?
      Baionako abertzaleak libre dira, nahi dutena bozkatzen ahal dute, ez?
      Gainera, ez ote du BVSen Biltzar Nagusiak erabaki bigarren itzulian egin behar zuena? Gehiengo ttipia izanik ere, gehiengoak erabaki du… Beraz, geldi pleinitzetik eta nahi duzuna bozka ezazu, punto!

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak